Jaiotze tasa baxua arazo larria bihurtu da. Gipuzkoan, 2017an zortzi haur baino gutxiago jaio ziren 1.000 biztanleko. 1975ean, berriz, ia 20 haur jaio ziren. Eta lehenago haur gehiago jaiotzen ziren oraindik. Urretxuko Beibakar baserriko hiru ahizpak 39 seme-alaba eduki zituzten: Martzelinak 13, Anjelak 11 eta Euxebik 15. Haien hiru alabekin hitz egin dugu hiru emakume haiei buruz: Rosario Izagirre, Ana Mari Betegi eta Itziar Sasietarekin.
Euxebi Mendizabal baserrira ezkondu zen eta Martzelina Ipeñarrietara. Anjela baserrian gelditu zen. Agerre baserriko seme batekin ezkondu zen. Baserri hauek guztiak Santa Barbara auzoan daude. Beraz, ez ziren urruti joan senar bila. «Neska laguntzea gertu eduki zuten», dio Itziarrek txantxetan.
Ezkondu ondoren ere ez ziren oso urrutira joan. «Mendizabal eta Beibakar gertu daude, baina amak jaietan ez zuela bere ama ikustera joateko astirik izaten esaten zuen. Igandetan arropa konpontzea tokatzen zitzaion. Bere koinatuek zangak ateratzen lan egiten zuten eta prakei zulo asko egiten zizkieten», azaldu du Itziarrek.
Jende asko baserrian
Garai hartan baserrian jende asko bizi zen. «Bolada batean, egunero 19 lagun elkartzen ginen mahaian. Babarrunak gora eta babarrunak behera. Eta urdai zati txiki bat. Amak lapiko handi bat erabiltzen zuen. Beharko handia izan!», gehitu du.
Dena den, goserik ez zuten sekula pasa eta haurtzaro zoriontsuak izan zituztela diote. «Gu 17 elkartzen ginen mahaian, gurasoekin, aitonarekin eta amonarekin. Beti kuadrillan ibiltzen ginen. Horrela bizi ginen eta horrela ohitu ginen. Edozein huskerirekin konforme geunden. Baserrietan ume kuadrilla handiak egoten ginen, jolasean. Sekulako arriskuak hartzen genituen eta ez zen ezer gertatzen. Aingeru guardakoa existitzen da nonbait…», aipatu du Rosariok.
Ana Marik goserik ez zutela pasa azpimarratzen du. «Goserik eta hotzik ez genuen pasa. Baserrian txerria, ardi zaharrak, arrautzarik egiten ez zuten oiloak… hiltzen ziren. Gainera, sagar erreak eta esnea ez ziren falta. Orain ez dugu horrenbeste estimatzen, baina garai hartan arroz-esnea oso goxoa zen. Jaietan garbantzuak eta arroz-esnea edo natillak jaten genituen».
Etxean ekoizten zutena jaten zuten eta baserri haietan diru gutxi ikusten zuten. «Txahala saltzen zuenean, aitak dirua ekartzen zuen etxera. Amari ematen zion. Amari poz handia ematen zion, gutxitan ikusten baitzuen dirua. Dirua bankuan gordetzen hasi zirenean, amak diru horrek ez zuela batere balio esaten zuen. Izan ere, ez zuen ikusten eta beraz ez zion pozik ematen», dio Rosariok.
Txahala hazteko, barazkiak eta lekak lortzeko… gogor lan egin behar zen. «Santa Barbaran eskola zegoen, baina gutxi joango ginen. Umetatik baserrian lan egin genuen. Emakumeok lan guztietan aritzen ginen: etxe barrukoak eta kanpokoak», dio Ana Marik. Itziarrek egun ere emakumeek gizonezkoek baino lan gehiago egiten dutela dio. «Ez dakit egungoa hobea den… Bi jornal onak dira, baina etxetik kanpo lan egin ondoren etxean lan egitea…».
Dena den, ezer gutxi konpara daiteke beraien amak egindakoarekin. Izan ere, orduan ere gutxi ziren 10 seme-alabatik gora zituztenak. «Normala iruditzen zitzaien, garai hartan dena bekatua baitzen», dio Rosariok. «Beste batzuek seme-alaba gutxiago zituzten eta haientzat ere bekatua izango zen… Guk apaizek pulpitua eskuarekin jotzen zuten garaia ezagutu dugu. Sekulako sermoiak botatzen zituzten! Ezkondu aurretik eskutik heltzen ere ez ziren ausartzen», oroitzen du Itziarrek.
Ezkondu ondoren, berriz, haurrak eduki ahal izan zituzten urteetan, ez zioten haurrak edukitzeari utzi. Martzelinak, adibidez, 20 urtetan 13 seme-alaba izan zituen. «Urte gogorrak izango ziren beraientzat. Umea egin eta umea egiteko. Nire amak ez zuela esnerik esaten zuen. Nola edukiko zuen ba esnea! Behia ez zen uztarrira lotzen umea egiteko zegoenean! Gure amak, berriz, hor jarraitzen zuen. Hilerokoa ez zenuen askotan izango, esan nion behin. Ezetz erantzun zidan: orduan halaxe zen eta…, esan zidan», gogoratzen du Itziarrek. «Bizimodu gogorra izan zuten. Garai hartan ez zegoen garbigailurik ere», gehitu du Rosariok. «Gure etxera goiz samar sartu zen garbigailua. Gure aita 56 urterekin hil zen eta hil baino dezente lehenago garbigailua ekarri zuen. Egurrezko danborra zuen. Guk geuk kendu behar genion xaboia arropari», dio Itziarrek.
Lehen txangoak
Santa Barbaratik herrira jaisteko, errepiderik ere ez zegoen garai hartan. Emakume haiek beraien seme-alabak ezkondu zirenean egin zituzten lehen txangoak. Beraiek ere, ezkondu ziren arte, gutxi atera ziren herritik. Ana Marik Santa Barbaran behin Getariara txangoa antolatu zela gogoratzen du. «Niretzat Ameriketara joatea bezala izan zen». Rosariok Zumaiara joan zirenekoa gogoratzen du. «Zumaiatik Zarautzera txalupan eraman behar gintuzten eta gurasoek txalupara ez igotzeko esan ziguten. Zerbait gertatuko zitzaigun beldur ziren eta txalupan igo ginela jakin zutenean ez ginela gehiago joango esan ziguten», oroitzen du Rosariok.
Rosario, Ana Mari eta Itziarren bizimodua beraien amenaren ezberdina izan da. Emakumeen egoera hobetu egin da, aisialdia ezagutu dute… «Gizonak tabernan sartu eta emazteek kanpoan itxaroten zieten garaiak ezagutu ditugu. Orduan ez zegoen bermutik eta halakorik emakumeontzat».
Bestalde, hiru emakume hauek ez zituzten beraien amek bezainbeste seme-alaba eduki: Rosariok lau, Ana Marik hiru eta Itziarrek bi. Egun, familia gehienetan seme-alaba gutxiago dituzte. «Seme-alabak dituztenei dir -laguntzak ematen dizkiete, baina kanpotik etorritakoek dituzte seme-alaba gehien. Horiek, gure aldean, gutxirekin bizi dira. Hemengoek bat egin eta kito. Non dago neurria? Lehen ez zitzaion hartzen eta orain ere ez?», amaitu dute Martzelina, Anjela eta Euxebiren alabek.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaraz modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako, zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Gainera, BERRIAlaguna bazara eta HITZAkide egiten bazara, katilu bat oparituko dizugu:
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko.Onartu Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu hemen.
Privacy & Cookies Policy
Privacy Overview
This website uses cookies to improve your experience while you navigate through the website. Out of these cookies, the cookies that are categorized as necessary are stored on your browser as they are essential for the working of basic functionalities of the website. We also use third-party cookies that help us analyze and understand how you use this website. These cookies will be stored in your browser only with your consent. You also have the option to opt-out of these cookies. But opting out of some of these cookies may have an effect on your browsing experience.
Necessary cookies are absolutely essential for the website to function properly. This category only includes cookies that ensures basic functionalities and security features of the website. These cookies do not store any personal information.
Any cookies that may not be particularly necessary for the website to function and is used specifically to collect user personal data via analytics, ads, other embedded contents are termed as non-necessary cookies. It is mandatory to procure user consent prior to running these cookies on your website.