Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

A-636 errepidean bidesaria jartzearen aurkako elkarretaratzea deitu dute

A-636 errepidean bidesaria jartzearen aurkako elkarretaratzea deitu dute
otsaila 19
09:46 2020

Gipuzkoako Foru Aldundiak A-636 errepidean (Beasain-Bergara) bidesariak jartzeko asmoa azaldu du eta urretxuar eta zumarragar talde batek bidesari horien aurkako plataforma sortu du. Bihar, 19:00etan, elkarretaratzea egingo dute Zumarragako plazan. Beasain eta Bergara arteko herrietan kartelak jarri dituzte eta herri horietako bizilagunei elkarretaratzean parte hartzera deitu. Gainera, Zumarragako osoko bilkuran parte hartuko dute. Udal ordezkariei beraien iritzia azaltzeko eskatuko diete.

Karteletan plataformaren sorreraren arrazoiak azaldu dituzte. Beraien esanetan, erabaki instituzional hau pairatuko duten herritarrek gaitzespena azaltzea beharrezkoa da, «diskriminazio larria» suposatzen baitu Beasain, Ormaiztegi, Ezkio, Itsaso, Urretxu, Zumarraga, Legazpi, Antzuola eta Bergarako herritarrentzat.

Plataformaren ustez, bidesariak herri hauetako guztietako bizilagunak «bigarren mailako herritar» bilakatzen ditu. Izan ere, lanera, unibertsitatera eta ospitalera joateko erabiltzen duten errepidea erabiltzeagatik ordaindu beharra izango dute eta beste gipuzkoar batzuek, berriz, ez dute bidesaririk ordaindu behar lanera, unibertsitatera edo ospitalera joateagatik. «Bi aldiz ordaindu behar dugu lan egiteagatik, ikasteagatik edo gaixotzeagatik. Ez dugu gogoratzen hauteskunde proposamen bat izan zenik».

Plataformako kideak, joan zen ostiralean, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean egin zuten bileran // Asier Zaldua[/caption]

Aldundiari «kudeaketa ezintasuna» leporatu diote. «Aldundiak Foru Araua bide azpiegiturak egoki kudeatzen laguntzeko egin dela dio, baina kudeaketa ezintasunaren deklarazio penagarria baino ez da. Kaltetutako herrietako gipuzkoarrok ez dugu kudeaketa ezintasun hau gure gain hartuko. Duela 15 urtetik erabiltzen ari garen errepideetan ez dugu bidesaririk gure gain hartuko. Beasain-Zumarraga tartean, esaterako».

Aldundiak berriro bigarren mailako errepideak erabiltzera bultzatzen dituela gehitu dute. «Kutsu oligopolikoa duen neurri honekin, aldundiak gure herriak zeharkatzen dituen bigarren mailako errepidea berriro autoz betetzera bultzatuko gaitu. Zumarraga-Bergara tartean egindako kilometro bakoitzeko 0,19 euroko bidesariarekin, errepide malkartsuetako istripu tasara itzultzera bultzatzen gaitu. Hala nola, Deskargara».

Beraien ustez, garraio publikoa ez da oraindik behar bezalako alternatiba. «Ez dago alternatiba baliokiderik. Garraio publikoak gabezia larriak ditu oraindik». Foru Arauak ez duela klima aldaketarekin lotutako erronka aintzat hartu salatu dute. «Hitz bakar bat ere ez. Foru Arauak ez du energia berriztagarriekin bultzatutako ibilgailuen inolako sustapenik aurreikusi».

Garraiolariak eta merkatariak bereziki kaltetuak izango direla gogoratu dute. «Foru Arauak zailtasun bat gehiago dakar jada zigortuta dauden sektoreentzat. Garraioaren sektoreak energia egokitzapena behar du eta bidesariek ez dute batere laguntzen hori finantzatzen».

Garraiolariak

Merkatariei dagokienez, beraien salgaiak dendetaraino garraiatzea garestiagoa izango denez, salgai horiengatik gehiago ordaindu beharko dutela gogoratu dute. Gainera, beraien ustez, bidesariak dendetako bezeroak murriztuko ditu, dendetara joateko bidesaria ordaindu beharra izango baitute.

Hori guztia dela eta, bidesariak kaltetutako herrietako bizilagunei biharko elkarretaratzean parte hartzeko eskatu diete. Bestalde, udal ordezkariei beraien iritzia azaltzeko eskatuko diete, «herrikideen mesedetan edo beraien alderdien mesedetan lan egiten ari diren jakiteko».

Elkarbanatu

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

6 + 1 =


Iruzkin berriak

Luis Bengoetxea: Gora Luis!!!!!!!!! [...]

Pako: Lotsagarria greba eguna aprobetsatuz, propaganda politikoa egitea..U30 greba orokorra [...]

lizarriturri: Benetan, nik ya ez dakit zeintzuk dian Goierriko Hitzan kriteriok. Atzo hamaika ibilgailuk elkar jo [...]

Igor: Ama aipatzen hasita, bigarren abizena agertzea ez legoke gaizki. [...]