Zintzo Mintzok ekainean egindako gogoeta-prozesuaren ondoren fase berri bati ekitera gindoazela esan genuen eta langintza horretan bidelagun izan zitezkeen bazkide eta euskaltzaleei uztailaren 7ko bileran parte hartzeko gonbita luzatu genien.
Deialdiak erantzun ona jaso zuen, abiatu gara eta hurrengo hitzordua urriaren 7an izango da. Uztailaren 7ko bileran parte hartu zuten 43 lagunek talde-dinamiken bidez bi galdera erantzun zituzten: batetik, zertan aritu beharko ginateke Urretxu eta Zumarragan hemendik aurrera euskararen garapena lortzeko; eta bestetik, hori aurrera eramateko nola antolatu beharko ginatekeen. Batzarrean ekarpen ugari jaso ziren, eta horri guztia zehazten joateko asmo tinkoa azaldu zen.
Honela, urriaren 7an beste urrats bat eman nahi dugu eta bilera bat egingo da uztailean hitz egindakoa errealitate bihurtzen joateko. Topaketak bi helburu nagusi izango ditu: batetik, euskararen normalizazioaren bidean eragin eremuak identifikatzea eta horietan eragiteko taldeak martxan jartzea; eta bestetik, egingo den lana koordinatzea eta eratzeko antolaketa molde berria denon artean adostea. Bilera, esan bezala, urriaren 7an izango da Zelai Arizti kultur etxean, 18.30etik 20.00etara. Animo, zain zaitugu!
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide