- Zuzendaria: Alejandro Jodorowsky.
- Gidoilaria: Alejandro Jodorowsky.
- Antzezleak: Brontis Jodorowsky, Jeremías Herskovits, Pamela Flores, Alejandro Jodorowsky, Cristobal Jodorowsky, Adán Jodorowsky.
- Musika: Adán Jodorowsky eta Jonathan Handelsman.
- Herrialdea: Txile.
- Iraupena: 130 min.
- Urtea: 2013
1929an Txilen jaioa, Alejandro Jodorowsky XX. mendeko pertsonai kultural garrantzitsu eta berezienetakoa izan da. Jorratu dituen eremu ezberdinetan, bai mimo, antzezle, antzerki sortzaile, zine zuzendari, komiki gidoilari, tarologo, edo terapeuta bezala, aztarna sakona utzi du guztietan, lan egiteko modu pertsonal eta bikain batekin, bere izaera sortzailea beti muturreraino eramanez. Zinemagintzan
El topo (1970), La montaña sagrada (1973), eta
Santa sangre (1989) historiarako bere lekutxoa lortu duten sormenak dira adibidez. Oraingo honetan, bere autobiografia bezala ikusi daitekeen
La danza de la realidad liburuaren hainbat pasarte moldatuz, Txileko bere herrian emandako haurtzaroa pantailaratzen du, ohi duen bezala, metafora, sinbolismo, irudimen eta interpretazio irekiz josia. Gogora ekartzen duen haurtzaro horren bitartez erakusten digu, nola bilatu zuen bizitzan bere lekua eta bidea bere aita autoritario eta Stalinzalearen presiopean, ama maitale baina ahularen ondoan eta erabat onartzen ez zuen gizarte baten erdian. Film honen bitartez, bere iraganaren berrinterpretazio bat egiten du zuzendariak, sinbolo eta metaforen artean irakasgai ezkutuak ateraz, beretzat eta noski ikuslearentzat. Mugarriak gainditu eta barne begiak irekitzeko proposamena dago beti Jodorowskyren sormenetan, ikuslea estimulatzea, hazteko proposamen bat luzatzea.