Iñaki Zabalarekin eta Mikel Serranorekin hitz egin dugu euren bizitzari, familiari eta zaletasunei buruz. Ale honetan Zabalari egindako elkarrizketa irakurri ahal duzue eta maiatzean Serranorena argitaratuko da.
Noiz eta non jaio zinen? Zer diozu zure familiaz?
Amezketan jaio nintzen duela 63 urte. Gure familiaren bizitza traumatikoa izan da, nik bost urte nituenean aita istripuz hil baitzen. Oso eroso bizitzetik, ezer ez izatera pasatu ginen. Garai hartan ez zegoen Gizarte Segurantzarik, ez ezer. Aita elektrizitate sarearen mantenuaren arduraduna zen eta elektrokutatuta hil zen, laguntzaile baten hanka-sartze bategatik. 35 urte zituen eta bost seme-alaba: hiru mutil eta bi neska. Saltseroa zen, saxofoia jotzen zuen eta taldetxo bat zuten Amezketan.
Amaren bizitza gogorra izan zen.
Ezer gabe gelditu zen. Anaia-arreben arteko erlazioa ez da familia normal batekoa bezalakoa izan. Sakabanatu behar izan genuen. Nire anaia zaharrenak, Pellok, 9 urte zituen eta handik urtebetera Arantzazura joan zen. Amak elizaren babes ekonomikoa bilatu zuen eta ni 6 urterekin akolito nintzen: egunero mezatara joaten nintzen apaizek pezeta bat ematen zutelako.
Zer ikasketa egin zenituen?
Paper-fabrikak semeei ikasketak ordaintzen zizkien seminarioetan. Eskerrak horri! Hori izan zen nire aitaren heriotzak nire bizitzan izan zuen eragin on bakarra. Izan ere, nire belaunaldiko amezketar gutxik ditugu ikasketak. Seminariora joan ginenok eta paper-fabrikako nagusiaren semeak bakarrik. Ikasketak izatea mesedegarria izan da nire bizitzan.
Nora joan zinen ikastera?
Arantzazura. 10 urterekin atera nintzen etxetik eta ez nintzen itzuli 21 bete nituen arte. 1968an seminario guztiak hustu ziren. Urte hartan ez zen Parisko iraultza bakarrik izan, hemen ere sekulakoa izan zen. Arantzazun 90 bat ginen eta 20 bat gelditu ziren. Seminario klasikoaren bukaera eta modernoaren hasiera izan zen. Jesukristoren iraultza izan zen. Hura irakiten zegoen eltzea zen: barruan euskal kultura zegoen eta kontserbadoreek ez zuten tapa ireki nahi. Azkenean, eltzea lehertu egin zen eta euren onerako izan zen.
Garai hartako Arantzazu ez zen, beraz, egun ezagutzen duguna.
10 urterekin joan nintzen bertara eta erdaraz “sí” eta “no” hitzak besterik ez nituen ezagutzen. Urtebete Arantzazun igaro ondoren, etxera itzuli eta ez nuen amonari euskaraz egiten asmatzen. Begira zertaz hitz egiten ari garen!
Nolakoa izan zen Arantzazuko irteera?
Han barruan norbanakoak ez zuen bere ekimenak garatzeko tarterik. “A golpe de campana” bizi ginen: 6.30ean jaiki, 7.00etan meza, 7.30ean gosaria… Dena erabat neurtuta zegoen eta ez zegoen erabakiak hartzeko aukerarik. Logelan ikasteko genituen orduak ziren guretzako genituen bakarrak. Horrek ito egiten du eta iraultza eragin zuen. 21 urte genituen, e!
Zer harreman zenuten euskal gizartearekin?
Ordurako bagenuen gizartearekin nolabaiteko kontaktua. Gizartean ere sekulako iraultza ematen ari zen. 68an Etxebarrieta hil zuten, euskara munduan mugimendua zegoen… Gezurra dirudi, baina 18 urterekin deskubritu nituen Euskal Herria, Euskadi… kontzeptuak. Erabat tapatuta zeuden eta apaiztegietan gehiago oraindik. Mundu berri bat ireki zitzaidan.
Pello Zabala anaia duzu. Arantzazun berarekin harremanik ba al zenuen?
Oso gutxi. Ni baino lau urte zaharragoa da eta ni Arantzazun nengoenean bera Foruan zegoen, ni Foruan nengoenean bera Erriberrin… Gure harremana gutun bidezkoa zen. Nire arrebei dagokienez, bat 11 urterekin neskame joan zen. Gaur egun hori irudiezina da. Haurtzaroko Amezketatik ditudan oroitzapen bakarrak eskola, eliza eta bihurrikeria batzuk dira. Arantzazu mundu berri bat izan zen, oparotasun mundua. Izan ere, baloiak, pianoak… genituen.
Musika ikasi al zenuen?
10 urterekin hasi nintzen. Ikasketetan erraz genbiltzanoi solfeoa eta pianoa ikastera bidaltzen gintuzten. Nire anaia pianoa jotzen oso ona da, baina nik pilota nahiago nuen eta pilota eta pianoa bateraezinak dira. Oinarrizko musika ikasketak ditut.
Anaiak zuk seminarioa uztea ulertu al zuen?
Ez. Egunean bertan esan nion banindoala. Ez nion erreakzionatzeko aukerarik eman, baina ordurako nire ibilbidearen berri bazuen. 1968an etxera joan nintzen, Amezketara, zer egingo nuen jakin gabe. Lehen gauza soldadutza egitea izan zen, Gasteizen, baina lehenago hamar egun eman nituen polizia komisarian. 1968an salbuespen-egoera dekretatu zuten, Meliton Manzanas hil zutenean. Gau hartan bertan hemengo zenbait jende desterratu zuten, tartean Oñatibia medikua. Fitxatuta zeuden abertzaleak (abokatuak, medikuak…) bidali egin zituzten. Oñatibia hartu zuten herrikoek sekulako zortea izan zuten, osasun arloan asko aurreratu baitzuten. Egoera horretan atera nintzen seminariotik. Oñatibiak-eta zortea izan zuten, beste batzuk kartzelara eraman baitzituzten. Herrietan laguntza sareak antolatu ziren, kartzelan edo desterratuta zeudenen familientzat dirua biltzeko. Laguntza sarean aritu nintzen eta bigarren sarekadan kartzelara eraman ninduten.
Zer egin zenuen soldadutza bukatu zenuenean?
Ikasi egin nahi nuen, baina dirua behar nuen eta lana eta Unibertsitatea uztartzea ez zen batere erraza. Gainera, hemen ez zegoen Unibertsitaterik: Valladolidera edo Salamancara joan beharra zegoen letrak egitera. Amezketan arlo soziokulturalean aritu nintzen eta 1971n Orbegozora lan egitera etorri nintzen. Garai hartan oraindik 3.000 langile baino gehiago zituen. Enpresan sekulako errepresioa zegoen. Pertsonal-burua guardia zibila izandakoa zen, atera kontuak… Zapalkuntza erabatekoa zen. Orbegozon informatika mundua deskubritu nuen eta nire ibilbide profesionala arlo horretan egin nuen.
Amezketatik Zumarragara alde handia nabarituko zenuen.
Mundu erabat euskaldun batetik erabat erdaldun batera pasatu nintzen. Garai hartan kalean ez zen euskaraz hitzik ere egiten. Gau eskola zegoen, baina kutsu erlijiosoa zuen eta hemengo gaztedia ez zuen asetzen. Berehala Jakatarrekin harremana izaten hasi nintzen. Gau eskolak euskaldunoi elkar ezagutzeko eta euskal kultura lantzeko aukera eman zigun.
Zenbat urte egon zinen Orbegozon lanean?
Bost: bidali ninduten arte. 1975ean fusilamenduak izan ziren eta horien aurkako greba orokor oso garrantzitsua egon zen. Orbegozo zen grebetan parte hartzen ez zuen bakarra. 1976an, fusilamenduen urteurrenean, Euskal Herria guztia gelditu egin zen. Lehenengo aldiz, Orbegozoko tailerrak ere bai. Bulegootakook bakarrik jarraitu genuen lanean. Eguerdian jendea mobilizatzen saiatu nintzen, baina ez nuen lortu. Lortzear nintzenean, Orbegozotar bat sartu zen eta beldurtu egin nintzen. Arratsaldean ordu erdi eman nuen bulegoan. Altxatu eta jendeari lotsa sentitzen nuela esan nion. Euskal Herrian gu bakarrik ginela ustelak eta banindoala. Etortzen ez baziren, ez nintzela euren lagun kontsideratuko. Horren ondoren lanpostuz aldatu ninduten. Arrazoia eta zeregin berria idatziz emateko eskatu nien, baina ez zidaten kasurik egin. Egoera xelebrea zen, ez bainuen zereginik. Etxera joateko eta biharamunean itzultzeko esan zidaten. Gerra-kontseilua egin zidaten eta Orbegozotik bidali ninduten: nire bizitzan egin didaten mesederik handiena. Joateagatik etxebizitza bat erosteko adina diru eman zidaten eta Orbegozorekin kalte-ordaina negoziatzen ari nintzen bitartean lana lortu nuen: Danonan informatika aditua behar zuten.
Zer moduz Danonan?
10 bat urte eman nituen bertan eta ondoren Arrasaten beste 20 inguru.
Beti informatika arloan?
Hasieran bakarrik. Danonan nengoela Enpresaritza masterra egin nuen EUTGn. Goizez lan egiten nuen eta arratsaldea ikasten ematen nuen. Gogorra izan zen, ordurako 32 urte bainituen. Fisikoki kiskalita bukatu nuen, baina kudeaketa munduan sartzeko aukera eskaini zidan. Danonan arazoak hasi zirenean, Caja Laboralek hartu zuen. Enpresa zuzentzera jende eskasa zetorrela ikusi nuen eta alde egiteko asmoa azaldu nuen. Arrasatera joan nintzen eta orduan murgildu nintzen kooperatiba munduan.
Nolatan ezagutu zenuen emaztea?
Garai hartan lanetik irtendakoan poteatzeko ohitura zegoen. Eliz-Kalen hasi eta Urretxun bukatzen genuen. Taberna batean ikusi nuen eta…
Noiz ezkondu zineten?
1976an. Eztei-bidaian Paris eta Bruselara joan ginen, lagun errefuxiatuak bisitatzera. Bruselan Iñigo Jaka zumarragarraren etxean izan ginen. Laguna nuen, uda batean nire etxean izan baitzen euskara praktikatzen. 1976ko maiatzaren 1ean Euskal Eguna ospatu zen Amsterdamen eta bertan Jakak Santi Brouard aurkeztu zidan. Ordu erdi bakarrik egon nintzen berarekin, baina erabat liluratu ninduen. Bere eraginez ordutik ildo politiko hau jarraitu dut.
…
Hori izan da nire ibilbidea. Aita hil, Arantzazura joan, Euskal Herriarekin identifikatu eta 1968an kalera… Orbegozon emandako pausoak badu bere arrazoia: fusilatuetako bat, Otaegi, emaztearen familiakoa zen. Bere amak seme bakarra zuen, ezkongabetan eduki zuen eta hiru ahizpa zituen. Familian ez zegoen gizonik eta ni izan nintzen abokatuekin-eta gestioak egin zituena. Ama, hamabostean behin, Burgosko kartzelara eramaten nuen semea bisitatzera. Fusilatu zutenean, bere ama nik ekarri nuen Burgosetik. Bizipen gogorrak izan ziren eta, hala, ezin izan nuen urteurrenean greba ez egitea jasan.
Gaia aldatuz, gazte erretiratu zinen.
Oso argi nuen 60 urterekin erretiratuko nintzela. Lana bizitzeko egin behar da eta gero norberak bere zaletasunak landu behar ditu. 50 urte egin nituenean seme-alabei nire kontura bizitzeko 10 urte zituztela esan nien, 60 urterekin geldituko zitzaidan pentsioa amarentzat eta biontzat beharko nuela. 25 urte bete arte behar zuten guztia izango zutela, baina Unibertsitate ikasketak egin behar zituztela esan nien. Egia esan, ez zitzaidan asko kostatu seme-alabek hori barneratzea. Halako batean Oierrek halako etxe handi batekin zer egin behar genuen galdetu zidan. Nik ez nuela etxetik bidaliko, baizik eta ez zuela ezer jasoko eta etxean dirua jarri beharko zuela erantzun nion. Horrek lasaitasuna eman zion.
Zergatik zenuen hain argi 60 urterekin erretiratuko zinela?
Bizitza ulertzeko modua da. 70 urtetik aurrera gainbehera fisiko eta mentala nabarmena da eta 10 urte horiek aprobetxatu nahi nituen. Nahiz eta pentsioan sekulako murrizketa nuela jakin, 60 urterekin erretiratzea erabaki nuen. Gero, egia esan, gauzak aldatu egin dira: udaletxeko lanean kotizatu egiten dut eta estutasuna ahaztu egin dut.
Zer erantzun zizun emazteak alkatetzarako hautagai izango zinela esan zenionean?
Oso gaizki hartu zuen. Gainera, kanpotik jakin zuen. Etxetik kanpo lan egin ez duten emakumeak kontserbadoreak izaten dira eta politikan parte hartzeari eta halako gauzei beldurra diete. Dena den, beti konfiantza izan du ez naizelako sekula ur handitan sartu kontrolik gabe. Erretiratutakoan goizetan aktibitate fisikoa egingo nuela eta arratsaldean, irakurri edo musika entzun ondoren, alor soziokulturalean lan egingo nuela argi nuen. Lehen hilabeteetan primeran bizi izan nintzen. Ezker abertzaleko munduan laguntzen hasi nintzen, baina zer edo zertan sartzen naizenean buru-belarri sartzen naiz. Hori ikusi zutenean, alkatetzarako aurkeztea pentsatu zuten. Nire asmoa emakume gazteak aurrean eta ni bezalako zaharrak bigarren planoan jartzea zen, baina ez nituen konbentzitu. Dena den, ez nuen inondik inora espero alkate irtetea. Hauteskunde gauean “non sartu nauk ni!” pentsatu nuen, baina a lo hecho pecho. Dena den, denbora galdu dut. Gaur egun zoragarria dugu eta Izazpin edo Aralarren ez egotea… Gainera, hemendik 65 urterekin aterako naiz. Baina beno… Oso gustura nago, oinarrizko helburuak aurrera ateratzen ari baikara.
Zein da alkate izatearen alderik gogorrena?
Alderdi gehienek zeinen zerbitzura dauden ahaztu dute. Hemen pertsona gutxi eta alderdi gehiegi dago. Alderdietan dagoen jendeari ez zaio bere kabuz erabakiak hartzeko marjina uzten eta hori barkaezina da. Politika egiteko era hau krisian dago eta berrasmatu egin behar da. Udala herria ondo kudeatzeko enpresa bat da, baina inork gutxik pentsatzen du herri horrek zer nahi duen. Tristeena hori da: jendeak ez dakiela zergatik eta zertarako dagoen. Hori politikoen artean eta, zoritxarrez, langileen artean ere ematen da. Udala instituzio bat da eta horren jabea herria da. Alkateak eta zinegotziek hori ez badute argi, langileek ere ahaztu egiten dute. Alkate izendatu eta berehala langile guztiekin hori elkartu nintzen honakoa esateko: “zortea duzue: enpresa batean lan egiten duzue eta hori urretxuarrena da. Zuen nagusiek eskatzen dizuetena egiteko zaudete eta zuen nagusiak, aldi berean, bezeroak dira. Enpresa baten helburua bezeroa zerbitzatzea da”. Nire ustez, hori barneratzen ari dira.
Alkate izanda, kalera ateratzea erosoa al da?
Niretzat bai. Batzuei lanorduetatik kanpo nagoela esaten diet, baina 60 urtetik gorako jendeari begirune handia diot. Alkatea itzal handiko pertsona iruditzen zaie eta eurekin abegitsua izatea gustatzen zait. Ez zait batere kostatzen hori egitea. Eguneroko erabakiak teknikariek hartzen dituztela azaltzea, ordea, asko kostatzen da. Eurak dira ordenantzak eta bestelakoak betearazten dituztenak. Alkatearen lana kudeaketa lana da.
2011tik aurrera ez al duzu zure burua alkate bezala ikusten?
Ez. Egoera zein den ikusita, gainera… Bestalde, lau urte nahikoa zerga bada. Jarraitzeko konbentzitu nahi banindute, zail jarriko nieke. Ez dut neure burua 69 urterekin alkate ikusten eta ez dut uste Urretxurentzat ona izango litzatekeenik. Dena den, egia da lau urte ez dela nahikoa gauza guztiak aurrera ateratzeko. Zortzi bai. Zortzitik gora ez egotea gomendatuko nuke.
Zer egingo duzu 2011tik aurrera? Mendia eta pilota gustuko dituzu.
Anaia bat pilota munduan instituzioa da. Amezketako pilota eskolan 33 urte daramatza eta 7-8 mutil kozkorrekin lan egitea baino gauza hoberik ez dagoela esaten du. 15 urtetik aurrera alu batzuk direla eta ez dutela kasurik egiten dio. Anaiak pilota mundura hurbilarazi ninduen eta semea pilotan aritzeak bere belaunaldiko familia pilota zaleak ezagutzea ahalbidetu dit. Aberasgarria izan da. Bestalde, txikitan pilota besterik ez genuen ezagutu. Baloia medikuaren semeak bakarrik zuen eta hilean behin ateratzen zuen.
Zein duzu gustuko pilotaria?
Irujo ikusgarria da. Sekulako dohainak ditu, baina ez ditu ondo aprobetxatzen. Partida analizatzeko arazoak ditu. Aimar horretan askoz hobea da eta Retegi zeresanik ez. Sekulako estratega zen. Bestalde, Galarza I amezketarra oso laguna nuen eta gaztetan partida asko ikustera joan nintzen. Ogeta ikusi nuen, adibidez. Garai hartako pilotari askok lana eta pilota uztartzen zuten. Egungoak askoz ere prestatuagoak daude. Aritz ikustea, adibidez, gozamena da. Urretxun zortea izan dugu. Euskal Herrian jende asko Urretxu pilotaren bitartez ezagutzen ari da. Orain herria benetan ezagutzea behar dugu: jendea bertaratzea. Horretarako Santa Barbara izango da erreferentea. Hemen ez gara konturatzen, baina ni hona etorri arte ez genekien Urretxu bazenik ere. Guretzat dena Zumarraga zen. Ezkiotik eta Aizpurutxotik beherakoak Zumarragara etortzen ziren. Urretxuarrok hori garbi eduki behar dugu estrategia okerra ez hautatzeko. Urretxuk gauza asko dauzka, eta Zumarragarekin gehiago, jendea erakartzeko.
Zaletasunen kontura itzuliz, mendia ere oso gustuko duzu.
Bai, baina azken hamarkadetako kontua da. Masterra egin nuen garaian lanari eman nizkion eguneko ordurik gehienak. Etxetik 7.30ean irteten nintzen eta 20.30ean itzultzen nintzen. Halako batean kolesterol arazoak azaldu ziren eta zaindu beharra zegoela konturatu nintzen. Ostadar sortu zen garaian igandetako irteeretan parte hartzen hasi nintzen. Inguru honetan ibili naiz batez ere. Alpeetan ez naiz izan eta Pirinioetara noizean behin bakarrik joaten naiz. Izazpi eta Samiño ingurua asko atsegin dut, Irimok baino aukera zabalagoa eskaintzen baitu. Aralarrek ere aukera handiak ematen ditu. Ama oraindik bizi da eta Aralarrera joaten naizen bakoitzean ama bisitatzeko aprobetxatzen dut. Etxeko txakurra ere zain izaten dut beti. Mendiak asko lagundu dit, baina orain betebeharrik ez dudan asteburuetan bakarrik joan naiteke. Oso motel ibiltzen naiz, aiton baten martxan. Bestelakoan, nahikoa martxa badut… Aralarren elkarte bat dago eta bertako bazkide naiz. Pribilejioa da: 1.000 metrora ur beroa dugu, Igaratzatik hiru ordu laurdenera dago, autoz ezin daiteke gerturatu, estaldurarik ez dago…
Boteprontoan:
- Herriko txoko kuttuna: Santa Barbara. Zorte dugu, aisialdirako toki bikaina baita.
- Umetan zer izan nahi zenuen: Horretan pentsatzeko aukerarik ere ez nuen izan.
- Pelikula bat: El bueno, el feo y el malo hamabi aldiz ikusi dut gutxienez.
- Gustuko musikaria: Euskal abeslari eta kanta asko atsegin ditut. Imanolek asko hunkitzen ninduen. Pertsona bezala ez nuen estimatu, baina kantari bezala…
- Abesti bat: Imanolek egindako asko. Bat esatearren, Poeta kaxkarra.
- Urretxun biziko ez bazina, non biziko zinateke gustura? Amezketan. Bizitzak Urretxura ekarri nau, baina Euskal Herriko edozein tokitan gustura biziko nintzateke.
- Futbol zalea al zara? Beno… Realeko bazkide izan nintzen, bost urtez-edo, baina Bigarren Mailara jaitsi aurretik baja eman nuen. Ez nengoen batere ados Reala zuzentzeko erarekin. Izan ere, kluba pixkanaka bere izaera galtzen ari zen. Oraingo jardunarekin gusturago nago.
- Gustuko jokalaria: Mikel Aranburu esango dut, bere koherentziagatik.
- Festa bat: Ez naiz oso festazalea. Santa Lutzi eguna.
- Mendi bat: Ganbo.
- Hondartza bat: Ez naiz hondartzara joaten, azaleko arazoak baititut. Mendira kapela eramaten dut, azala babesteko.
- Telebista saio bat: Alkatetzan nagoenetik gutxiago ikusten dut. Kirol saioak ikustea gustatzen zait.
- Liburu bat: Joan Mari Irigoienen Babilonia asko gustatu zitzaidan.
- Zein egunkari irakurtzen duzu? Berria eta Gara egunkarien harpideduna naiz. Horiek etxean irakurtzen ditut. Udaletxean Noticias de Gipuzkoako eta El Diario Vascoko herriko kronikak irakurtzen ditut.
- Janari bat: Berdura. Piperrak batez ere. Hiru zaku ekartzen ditugu Andosillatik.
- Ura edo… Ardo beltza.
- Alkate bat: Oraingoen artean, Arrasateko Ino Galparsoro estima handian dut. Bergarako Agurne Barruso, berriz, sorpresa atsegina izan da. Lehengoen artean, Jose Luis Elkoro.