Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Andoni Lubakik Saharari buruzko argazki erakusketa ireki du Urretxun

Andoni Lubakik Saharari buruzko argazki erakusketa ireki du Urretxun
urtarrila 24
09:38 2019

Andoni Lubaki argazkilari urretxuarrak Sahara: 40 urteko exilioa erakusketa ireki du Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan. Erakusketa larunbatera bitartean egongo da zabalik, 17:30etik 20:30era.

Lan hau Euskal Fondoak kudeatzen du. Argazkiak Gasteizko Legebiltzarrean eta Tabakaleran egon dira eta 2021era arte herriz herri ibiliko da. Dagoeneko Euskal Herriko 30 bat herritan egon da. Gainera, bi argazki Pariseko Pompidou zentroan egon dira, sahararren aldeko elkarteen koordinadorak antolatutako erakusketa batean.

Lubaki askotan egon da Saharan, 2008. urteaz geroztik. Lurralde okupatuak, lurralde liberatuak eta errefuxiatuen kanpamentuak ezagutzen ditu. Horretaz gain, gatazka askotan egon da eta bere argazkiak egunkari, aldizkari eta webgune garrantzitsuenetan argitaratu dira: New York Times, Newsweek, Time, Der Spiegel, Financial Times…
30 herrialdetan egon da: Tailandia, Birmania, Laos, Irak, Turkia, Siria, Kurdistan, Libano, Egipto, Libia, Tunez, Aljeria, Maroko, Sahara, Mozambike… Bestalde, errefuxiatuen bidea jarraituz, Frantzian, Italian, Kroazian… egon zen.

Sariak

2013. urtean Aleppon egindako lanagatik Chris Hondros saria eman zioten, gatazka baten alde gizatiarra modu pertsonal batean kontatzeagatik. Nazioarteko 20 sari baino gehiago irabazi ditu.

Gatazka asko gertutik bizi izan ditu eta hamaika herrialde ezagutzen du, baina bere etxea Saharan dago. Sarritan joan da bertara eta bidaia horien guztien fruitua Juan de Lizarazun ikusgai den erakusketa da. Bertako protagonistak argazkietan gutxitan azaltzen diren pertsonak dira: minen biktimak, lurralde liberatuetako hegoaldeko soldaduak, desagertuak, kale bizitza, osasun arazoak dituztenak, pertsonaia historikoak, diasporako sahararrak, lurralde okupatuetako aktibistak…

Lubaki saharar bat gehiago da ia. Toki guztietara joateko askatasuna ematen diote. «Urretxuko eta Zumarragako udalek ur deposituak egiteko diru laguntza eman zuten eta bizpahiru hilabete eman nituen bertan. Aspaldi egindako putzuak aurkitu behar izan genituen. Asko kosta zitzaigun. Lehen fasea bukatu genuenean, sari bezala, koronel batek patruila batekin Auenit-era joaten utzi zidan», oroitzen du.

Erakusketarekin ez du Saharako lana amaitutzat eman. Duela gutxi berriro egon da bertan. «Oso une interesgarria da: jihadisten aurkako patruilak, presidente berria… Gainera, pertsonaia historikoen eta Saharako emakume esanguratsuen erretratuak egin nahi ditut: Saharatik ihesi Aljeriara iritsi zen lehena, desagertuen emazteak, emaginak…».

Toki asko ezagutu dituen arren, Sahara eta sahararrak bereziak dira beretzat. «Umetatik, deskolonizazio prozesuek nire arreta piztu dute. Lehen bidaia Saharara egin nuen eta niretzat eskola moduko bat izan zen. Oso toki berezia da niretzat. Zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gehiago jakin nahi duzu. Gainera, Euskal Herrian Sahararekiko interes handia dago».

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

4 + 7 =


Iruzkin berriak

Eki: Joder Bildu, beti liberazioen aurka (alkatearena izan ezik) eta orain Zumarragan 4 liberazioen alde!!! Polítika [...]

Urretxu: Interesgarria bai, baina kultura eta hizkuntza aniztasun hori non biltzen da? Aniztasuna biltzen duena gaztelania [...]

Sebas Iturriotz: Talde polita eta irekia [...]

Makenri: Kaixo Michael, Berriz Goierri zoriontzeko baliatu beharko dut mezua, nire lehen hitzak horretarako izan diren [...]