Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Antzezmotzeko argazkiekin erakusketa ireki dute Urretxun

Antzezmotzeko argazkiekin erakusketa ireki dute Urretxun
otsaila 21
09:33 2020

Argazkia elkarteak eta Karmakros antzerki taldeak Antzezmotz lehiaketan ateratako argazkien erakusketa ireki dute Juan de Lizarazu aretoan. Martxoaren 1a arte egongo da zabalik: asteartetik igandera, 17:30etik 20:30era.

Antzezmotz antzezlan laburren lehiaketa da. Karmakros taldeak antolatu du azken urte hauetan eta Hego Euskal Herriko talde amateurrek parte hartu dute. Aurten ez dute antolatuko, taldea kinka larrian baitago.

Argazki erakusketa hau Antzezmotzek emandako fruituetako bat da. Argazkia elkarteko kideak saio guztietara joaten ziren eta argazkiak ateratzen zituzten. Mary Franco eta Arantxa Azaldegi Karmakros taldeko kideek herritarrak erakusketara joatera eta beraiekin antzerkia egitera animatu dituzte. Ez direla damutuko diote.

Francok 73 urte ditu eta umetatik atsegin du antzerkia. «Urretxuko Iparragirre kalean bizi nintzen eta nire atariko gainontzeko haurrentzat antzerki saioak antolatzen nituen. Xentimoren bat ere kobratzen nien. Maleta zahar batean zapata pila bat sartzen nuen eta ondoren maleta ireki egiten zen eta zapata guztiak hegan ateratzen ziren. Haurrek oso ondo pasatzen zuten».

Abestea ere gustatzen zitzaion. «Urolako trenaren geltokian plataforma bat zegoen eta bertara igotzen nintzen, Lola Floresen ¡Ay pena, penita, pena! kanta abestera. Negar eta guzti egiten nuen».

Hazi zenean, Donostian programatzen zituzten ikuskizunetara joateari ekin zion. «Neure burua taula gainean irudikatzen nuen», oroitzen du.

Baina jubilatu zen arte ez zuen antzerkia egiteko aukerarik izan. «Bi zaletasun ditut: pintura eta antzerkia. Zorionez, berandu bada ere, biak landu ahal izan ditut. Jubilatu bezain laster, Karmakros antzerki taldekoengana joan nintzen. Gainontzeko kideak baino zaharragoa nintzen eta ez nintzela itzuliko uste zuten, baina itzuli egin nintzen. 13 urte pasa dira ordutik».

13 urte hauek «zoragarriak» izan direla dio. «Karmakrosek nire ametsa betetzen lagundu dit. Gainera, antzerkia egitea oso aberasgarria da: oroimena lantzeko balio du, bizipoza ematen du, lotsa galtzen laguntzen du… Antzerkiak zoriontsu egiten nau».

Hori dela eta, urretxuarrak eta zumarragarrak antzerkia egitera animatu nahi ditu. «Karmakrosen hiruzpalau lagun behar ditugu jarraitu ahal izateko. Ikastaro bat antolatu behar dugu. Ea jendeak izena ematen duen».

Azaldegik 56 urte ditu eta berak ere umetatik egiten du antzerkia. «Ikastetxean antzezlan bat prestatu behar zuten bakoitzean, ni nintzen lehena izena ematen. Baina beste garai batzuk ziren eta ez zidaten antzerkia ikasten utzi».

Ezkondu ondoren hasi zen antzerkia egiten, Zumarragako La Salle-Legazpi ikastetxeko taldearekin. Ondoren, Karmakros taldean izena eman zuen. Oporrak Burgoseko Cerezo de Rio Tironen igarotzen ditu eta bertan ere antzerkia egiten du. «Antzerkiak dena eman dit. Depresioa izan nuen eta antzerkiari esker gainditu nuen. Entseguetara joateko bakarrik irteten nintzen etxetik», oroitzen du. Bere taldekideak bezala, herritarrak beraiekin antzerkia egitera gonbidatu ditu.

Bestalde, Argazkia elkartekoei eskerrak eman nahi dizkie. «Antzezmotz lehiaketan atera zituzten argazkiak oso onak dira. Oso lan ona egin dute». Franco iritzi berekoa da: «Argazkia elkartekoen bilduma sekulakoa da. Juan de Lizarazu erakusketa aretoan ikusgai jarri dituzten argazkiak zoragarriak dira».

Elkarbanatu

Egileari buruz

admin

admin

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

5 + 3 =


Iruzkin berriak

Luis Bengoetxea: Gora Luis!!!!!!!!! [...]

Pako: Lotsagarria greba eguna aprobetsatuz, propaganda politikoa egitea..U30 greba orokorra [...]

lizarriturri: Benetan, nik ya ez dakit zeintzuk dian Goierriko Hitzan kriteriok. Atzo hamaika ibilgailuk elkar jo [...]

Igor: Ama aipatzen hasita, bigarren abizena agertzea ez legoke gaizki. [...]