Aste Santua! Fededunontzat egiaz eta benetan santua!. Bertan gogoratzen ditugu gure erlijioko misteriorik ederrenak, handienak eta maitagarrienak, gure sinesmenaren sustrai diren misterio sakonenak: Eukaristia, Kristoren Nekaldi-heriotza eta Berbiztea. Erramu igandearekin hasiera ematen diogu Aste Santuario Erramu eguneko elizbira ez da Jesusek Jerusalenen eginiko sarreraren folklore-antzerkia. Bakearen eta itxaropenaren erramuak eskuetan ditugularik, Jesusi jarraitzen diogu Bera gure Salbatzaile eta Errege
dela aitortuz.
Ostegun Santu: “Agindu berri bat ematen dizuet: Maita ezazue elkar, Nik maite zaituztedan bezala”. Elkar maitasun agindua betetzeko Maitasuna jatea beharrezkoa dugu. Maitasuna ogi egin da eta Bere mahaira gonbidatzen gaitu. Ez da santu, aberats eta indartsuen janaria,
baizik behartsu, gaixo eta bekatariena. Eukaristia, Apaizgoa eta Elkarmaitasuna: Eliz Amak ostegun santuan gogoratzen dizkigun hiru gauza eder!
Ostiral Santu: “Ez da maitasun handiagorik nork bere burua besteen alde eskaintzea baino” esan zuenak Berak, egun honetan, Golgotan bere bizia Aitari eskaini zion guk bizia izan dezagun. Gurutzea ez da igaro. Kristok orain ere sofritzen du: behartsuak, baztertuak,
bakartiak, maitasunik gabeak dira gaur eguneko Jesus gurutze iltzatuak… Maitasuna gurutze bihurtu da…
Larunbat Santu: Sua, argia eta ura hiru lehengai dira bizi ahal izateko. “Gau zoriontsu, eguna bezain argia, alaitasunez apaindua”. Kristo, munduko Argia, biztu da!. Kristo bizi da! Alleluia!. Berri on hau aldarrika dezagun mundu guztiaren aurrean.
BAZKOA: Egiaz Kristo berbiztu da. Hau da gure fedea. Gu ere heriotzatik bizira igaro gara, bekaturik graziara aldatu. “Kanta dezagun denok hau da egun alaia. Kristo biztu da eta kanta ALLELUIA”.
BAZKO JAI ZORIONTSUA!
Rafael Aizpurua Egaña