Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Asteartean jarriko da indarrean ibilgailuak aparkatzeko ordenantza

Asteartean jarriko da indarrean ibilgailuak aparkatzeko ordenantza
iraila 26
09:25 2019

Datorren asteartean jarriko da indarrean ibilgailuak aparkatzeko muga arautzeko ordenantza. Zumarragako erdiguneko hainbat kaletan ordu eta erdi baino gehiagoz aparkatzen dutenek isuna jasoko dute.

Ordenantza uztailaren 18an onartu zen eta ez da alegaziorik aurkeztu. Irailaren 10etik udaltzainak oharrak jartzen ari dira kale horietan aparkatuta dauden autoetan eta kale horietako portaletan: Soraluze, Euskadi plaza, Legazpi, Elizkale (elizaren ondoko aparkalekuak), Bidezar, Piedad eta Iparragirre.

Astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 21:00etara, ordu eta erdiz aparkatu ahal izango da gehienez. Legazpi eta Soraluze kaleetan azoka egunetan ere aparkaldia mugatuta egongo da: 08:30etik 14:30era.

Arau-hauste arina 30 eta 100 euro arteko isunarekin zigortuko da. Arau-hauste larriak (hiru ordutik gora aparkatzea) 200 euroko zigorra izango du.

Mikel Serrano alkateak astearteko bilkuran eman zuen ordenantza indarrean jartzearen berri. Helburua herriko merkatariei laguntzea dela esan zuen.

Bi igogailu gehiago

Osoko bilkuran beste gai batzuk ere landu zituzten. Euskadi plaza eta Jai Alai kalea eta Esteban Orbegozo eta San Isidro lotuko dituzten bi igogailuak irisgarritasun planean sartzea onartu zen. Helburua Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak jaso ahal izatea da. Alderdi guztiek alde bozkatu zuten.

Hizkuntza Politika sailaren txosten bat ere hizpide izan zen. Udalak hiru lanpostutan (arkitektoa, mantentze arduraduna eta diruzaina) 3. hizkuntza eskakizuna mantentzea eskatu du eta Hizkuntza Politika sailak onartu egin du, baina 4. hizkuntza eskakizuna ezartzea aholkatu du. PSE-EE, EAJ eta Elkarrekin Zumarragak aldeko botoa eman zuten eta EH Bildu abstenitu egin zen. Josu Aztiria EH Bilduko bozeramaleak Hizkuntza Politika sailaren aholkua jarraitzea eskatu zuen.

Osoko bilkuran Zumarragarekin programako Zuekin Berritu diru laguntzez ere hitz egin zen. Rosa Maiza zinegotziak azken urte hauetan emandako diru laguntzen berri eman zuen.

Laguntza horiek aurreko legealdian ezarri ziren herriko enpresa txikien lehiakortasuna hobetzeko. Bi laguntza mota daude: lehiakortasuna hobetzeko egiten diren planetarako eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako. Plangintzek %90eko laguntza jasotzen dute eta inbertsioek %25ekoa. Inbertsioa 10.000 eurokoa izan behar da, gutxienez.

Aurten zazpi enpresak eskatu dituzte laguntzak: bostek lehiakortasuna hobetzeko azterketetarako eta bik inbertsioetarako. Eskaera bat atzera bota da, ez dituelako baldintzak betetzen. Udalak 29.000 euroko laguntza emango du guztira. Aurrekontua 25.000 eurokoa denez, Zumarragarekin programako beste diru laguntza batzuetatik hartuko du dirua. Zuekin Berritu 2016an jarri zen abian eta ordutik hamabi enpresak aurkeztutako 27 proiektuk jaso dute laguntza. 95.300 euro banatu dira.

Elkarbanatu

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

9 + 7 =


Iruzkin berriak

Josu Aztiria Urtaran: Kaixo Eki: Zalantzan egon naiz erantzun edo ez, anonimoekin eztabaidatzea ez zidalako gustatzen eta Otamotz.eus-eko foro [...]

Ortzi: Ez kezkatu Igor, oposizioko liberatuak argituko dizkigu zalantza guztiak [...]

Igor: Liberazioekin pasatzen ari dena udal mailan ikaragarria da. Ya ez da bakarrik Urretxu batek 4 [...]

Eki: Joder Bildu, beti liberazioen aurka (alkatearena izan ezik) eta orain Zumarragan 4 liberazioen alde!!! Polítika [...]