Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

«Baliteke Beloki pilota elkarteak etena egitea, norbait etorri arte»

«Baliteke Beloki pilota elkarteak etena egitea, norbait etorri arte»
apirila 21
10:13 2017

Iñigo Vianak (Zumarraga, 1984) zortzi urte daramatza Beloki pilota elkarteko lehendakari karguan. Berak eta zuzendaritzako gainontzeko kideek erreleboa nahi dute.

Nolatan pilota zale?

Lagun batzuen eskutik hasi nintzen, 9 urterekin. Oraindik pilotan jokatzen dut. Umetatik Beloki pilota elkarteko kidea naiz eta, kluba kili-kolo zegoenez, duela zortzi urte zuzendaritza hartzea erabaki genuen.

Zer dela eta gustatzen zaizu horrenbeste pilota?

Beloki pilotalekuan lagun asko egin nituen eta hori erabakigarria izan zen. Futbolean ere jokatzen nuen, Urolan, baina pilota gehiago gustatzen zitzaidan. Txapelketa askotan parte hartu dut. Baita herriartekoan ere. Atzelaria naiz eta ezkerra. Nire gustuko pilotariak Rezusta eta Altuna dira, baina buruz burukoa Oinatzek irabaziko duela uste dut.

Zortzi urte daramatzazu zuzendaritzan.

Haur gutxi zeuden, Goñiren omenezko txapelketak ospea galdu zuen, Beloki pilotalekura ez zen jenderik etortzen… Hori guztia dela eta, hiru pilotarik (Mikel Rodriguezek, Asier Intsaustik eta hirurok) klubaren ardura hartzea erabaki genuen. Jende gehiago beharko genuela uste genuenez, Asierrek Mikel Zabalo eta Igor Susaeta ekarri zituen eta nik Ander Gabirondo. Taldea osatu ondoren, orduko zuzendaritzako kideei klubaren ardura hartu nahi genuela esan genien.

Zein izan da zuen ekarpena?

Beloki pilotalekura pilotariak eta ikusleak erakartzea zen gure helburua. Egun, mundu guztiari bertan jokatzeko aukera ematen diogu. Pilota eskola edukitzeaz gain, haurrentzako txapelketak, txapelketa herrikoia eta federatuentzako txapelketak antolatzen ditugu. Goñiren omenezko txapelketara pilotari onenak ekartzen saiatu gara beti eta dagoeneko lortzen ari garela uste dut. Horren helburua ikusleak erakartzea eta pilota zaletasuna suspertzea da.

Zenbat neska-mutiko dituzue?

Ia maila guztietan ditugu pilotariak. 30 bat pilotari ditugu.

Lan gogorra al da?

Lan asko egin behar da eta une gogorrak bizi izan ditugu. Hasieran, ez genekien klubari astindua ematen asmatuko genuen edo ez. Ez genekien haurrak erakarriko genituen edo ez. Ateak itxi beharraren beldur ginen. Gure estrategia aktibitatea sortzea izan da eta horri esker jendea pilotalekura etortzea lortu dugu. Baina horretarako ordu asko sartu ditugu. Une gozoak ere bizi izan ditugu. Egun, beti dago norbait pilotalekuan, giro polita dugu, Goñiren omenezko txapelketa ikusgarria da…

Errelebo eske zaudete.

Jende berria sartzea nahi dugu. Ideia berriak behar dira. Freskura. Egungo zuzendaritzako ki-deak erreleboa hartzen dutenei irakasteko prest gaude. Baina horretarako jendea behar da.

Norbaitekin hitz egin al duzue?

Lehenengo pilotariekin hitz egin genuen eta ondoren gurasoekin. Egoeraren berri eman genien, baina ez dugu erantzunik jaso. Jendea ez da animatu.

Zer gertatuko da?

Denboraldi amaierara arte lan egingo dugu eta ondoren ez dakit zer gertatuko den. Baliteke Beloki pilota eskolak ateak ixtea, norbait etorri arte. Baina aktibitatea berreskuratzea zaila izaten da. Gainera, kirol munduan konpetentzia handia dago. Pilota eskolak etena egiten badu, zaila izango da ondoren jendeari pilotan jokatzea erakargarria dela sinistu araztea.

Zumarragan pilotak indar handia izan du beti. Zumarragak herriartekoa bi aldiz irabazi zuen.

Kluba 1987an sortu zen, baina lehenago ere lan handia egin zen. Alejandro Albisuak eta bere kideek sortutako kluba desagertu egin daiteke eta hori oso kezkagarria iruditzen zait. Erreleboa hartu nahi duen edozeini laguntzeko prest nago.

Udal arduradunekin hitz egin al duzue?

Alkatearekin behin baino gehiagotan elkartu naiz. Kezkatuta dago, noski. Ea alternatiba bat aurkitzen duten.

Zer esango zenieke herritarrei anima daitezen?

Zortzi bat laguneko taldea sortuz gero, kluba erraz eraman daiteke. Pilota zaleak guregana etortzea nahi dugu. Banaka etortzen badira, lan batzordeak sor ditzakegu: bata sare sozialez ardura daiteke, beste bat diru kontuez… Herrian pilota zaletasuna egon badago, baina kluba desagertzen bada, pilota galdu egingo da.

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

7 + 2 =


Sare sozialak

Jarraitu Otamotz.com Facebook eta Twitter bidez:
   Twitter

Iruzkin berriak

Anastasio: Agian Urola ibaiak ez su uholde geihago eragin, baina harrezgeroztik Urretxu eta Zumarragan uholderik ez [...]

Jonmikel: Artikuluan aipatzen den Zestoako monumentua, hain zuzen, 1953an Zestoan hil ziren lagunen omenezkoa da. Gurasoekin [...]

tiduj: txitxarra eta inurriaren erantsunak [...]

Urola triatloi kluba: Duatloi txikiko informazio gehigarria gure web orrian aurki dezakezue: https://www.urolatriatloia.com/eu/2017/04/04/urretxu-zumarragako-4-duatloi-txikia/ [...]