Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Bi denda historikoren itxiera

Bi denda historikoren itxiera
iraila 25
08:06 2019

Urretxu arropa eta zapata denda gutxirekin gelditzen ari da. Joan zen astean Aginaga arropa denda itxi zuten eta otsailean Berriki zapata eta arropa denda itxiko dute. Bi denda horiek herriko zaharrenen artean daude.

Alcon-Elgarresta (Berriki) eta Viteri-Aginaga (Aginaga) familiak une tristeak bizitzen ari dira, ia bizitza osoa baitaramate denda horietan lanean. Bigarrenak hitz egiteko prest agertu dira.

Aginaga emakumeentzako arropa denda Maria Luis Aginagak ireki zuen 1974an. «Ama Mungiakoa da. Aita Urretxura etorri zen lanera eta berarekin etorri zen. Aitak Madayan lan egin zuen hasieran eta Orbegozon ondoren. Ama jostuna da eta denda ireki aurretik akademia eduki zuen etxean. Denda batek etorkizun hobea zuela pentsatu zuen eta Aginaga ireki zuen», aipatu du Elena Viteri bere alabak.

Bere ama «oso modernoa» dela dio. «Bizitza osoan feminista izan da. Beti emakumeon alde egon da. Haustea, berritzea, gustatu zaio. Hala jaiotzen denak hala jarraitzen du bizitza osoan zehar. Mentalitate kontua da».

Jabearen izaerak dendan eragina izan du, noski. «Urte hauetan guztietan denda aldatu egin da, merkatua ere aldatu egin delako. Merkatuaren erritmoa jarraitu behar duzu. Beti arropa modernoa eduki dugu, garaian garaikoa, adin guztietako emakumeentzat. Eta berritzea gustatu zaigu. Garai batean gizonezkoen arropa ere saldu genuen, baina ez zuen arrakasta eduki», aipatu du Asun Amundarainek.

Amundarain saltzailea izan da azken 19 urteetan. Bere aurretik Anjeli Plazaola aritu zen. Bi emakume hauek Maria Luisarekin lan egin zuten. Marka batzuk emakume honen eskutik heldu ziren Urretxura. «Custoren kamisetak ekartzen lehenak izan ginen. Ama Parisko eta Londresko ferietara joaten zen, besteak beste, eta Custo ezagutu bezain laster herrira ekarri zuen. Bakero marka onenak ere ekarri zituen», azaldu du Viterik.

Egun jendeak arropa merkeagoa erosten du. «Urte gogorrak pasa ditugu eta low cost delakoak kontsumitzeko era aldatu du. Kalitate oneko arropa modernoa garestia da. Gure kontsumitzeko era aldatu nahi dute. 5 euroko 20 kamiseta erostea nahi dute, 100 euroko bat erosi beharrean. Baina Custoren kamisetek politak izaten jarraituko dute urte batzuk barru eta 5 eurokoek… Onena arropaz sarri aldatzea dela sinestarazi nahi digute eta gaztetxoek nahiago dute bost ka- miseta erosi bost urte iraungo duen bat erosi baino».

Hala eta guztiz ere, denda txikiek etorkizuna dutela uste du. «Datorren horretara egokitu beharra dago. Nire amak marka onak zituen, udaberrian mundu guztiak traje bat erosten zuen… Egun neguko eta udako arropa bakarrik dago eta kamiseta asko saltzen dira. Bestalde, merkatariok gertutasuna eta arreta eskaini behar ditugu. Gazteak arropa pila bat hartzera ohituta daude, baina adin batetik aurrera merkatariak aholkatzea eskertzen dugu. Horretaz gain, kalitate eta prezio txukunak dituen arropa bilatu beharra dugu. Egun salneurriak garrantzi handia du».

Lehen jendea ekintzaileagoa zela uste du. «Egun gazte guztiek soldata baten truke lan egin nahi dute. Gizartea asko ari da aldatzen eta gehiago aldatuko da oraindik. Dena ordenagailuaren bitartez egiten dugu eta horrek denarengan eragina du. Jendeak geroz eta denbora gehiago ematen du etxean, Internet bidez egiten ditu erosketak… Gutxiago sozializatzen dugu eta ez gara jabetzen kamiseta bat erosteko ordenagailuaren aurrean denbora asko ematen dugula. Boteredunek diru asko inbertitzen dute gu beraiek nahi duten bidetik eramateko».

Zaharkitze programatua

Zaharkitze programatua ere estrategia horren parte dela dio. «Lehen zapatak eta etxetresnak konpontzen zituzten dendak zeuden. Egun, dena bota egiten da. Zorionez, konponketak eta arropa neurrira egiten dituzten dendak modan jartzen ari dira. Asko pozten naiz».

Urretxun lokal huts asko daude, halako negozioak hartzeko zain. Horietako bat Aginagarena da eta aurki Berrikirena batuko zaizkie. Denda horiek elkarren ondoan daude. «Toki ona da, geltokia ondoan baitu. Hori bai, lehen autoak hemendik sartu eta irteten ziren eta egun irten bakarrik egiten dira. Autoak herrietatik ateratzen ari dira eta ez dut uste hori merkatariontzat ona denik. Ikusten ez bagaituzte, esistituko ez bagina bezala da».

Elkarbanatu

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

6 + 6 =


Iruzkin berriak

Josu Aztiria Urtaran: Kaixo Eki: Zalantzan egon naiz erantzun edo ez, anonimoekin eztabaidatzea ez zidalako gustatzen eta Otamotz.eus-eko foro [...]

Ortzi: Ez kezkatu Igor, oposizioko liberatuak argituko dizkigu zalantza guztiak [...]

Igor: Liberazioekin pasatzen ari dena udal mailan ikaragarria da. Ya ez da bakarrik Urretxu batek 4 [...]

Eki: Joder Bildu, beti liberazioen aurka (alkatearena izan ezik) eta orain Zumarragan 4 liberazioen alde!!! Polítika [...]