Batzuk atzoko ajea gainean zutela, beste batzuk freskoxeago, Geltokietan jaiak ospatzen ari dira goizean goizetik bi herrietan. Goiztiarrenak sukaldariak izan dira, paella erraldoia prestatzen ari dira 09:30ean hasita. 30 kilo arroz erabili dituzte. Jendeak “oso gustura” jan duela nabarmendu dute antolatzaileek. 300 lagun inguru elkartu dira bazkaltzera.
Eguerdian nahiz bazkalondoan Olinpiadak egin dituzte. 16-18 urte bitarteko 60 gaztek parte hartu dute. Iaz ez ziren egin, eta aurten, berreskuratuta, partaide kopuru txukuna bildu da.
Gauean kontzertuak izango dira. Chango Munsk –Eskoziatik datorren taldea–, Hesian eta Irrintzi erromeria izango dira oholtzara igoko diren taldeak.
Bihar auzotarren arteko patata tortilla lehiaketa izango da eguardian, eta arratsaldean, goitibeherak eta Legazpiko Alaitasuna errondalla.
Gazteak paella prestatzen.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide