Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Emakume Master Cup txapelketako finalak Zumarragan jokatuko dituzte

Emakume Master Cup txapelketako finalak Zumarragan jokatuko dituzte
martxoa 13
10:11 2019

Laboral Kutxa Emakume Master Cup binakako pilota txapelketako finalak larunbat honetan jokatuko dira, Zumarragan. 11:15ean haur mailako bi bikotek jokatuko dute eta 11:45ean promozio mailako finala jokatuko da. Ondoren, lehen mailakoena izango da.

Haur mailako partida gipuzkoar batek eta hiru bizkaitarrek jokatuko dute. Promozio mailakoan, Uxue Oses eta Madalen Etxegarai oñatiarrek, Maria Granado hernaniarraren eta Ainhoa Lakuntza adunarraren aurka jokatuko dute. Lehen mailako finalean, berriz, Usansoloko Patri Espinarrek eta Aginagako Mirian Arrillagak, Gasteizko Leire Garairekin eta Etxeberriako Leire Etxanizekin neurtuko dituzte indarrak. Promozio txapelketako finala 18ra jokatuko da eta lehen mailakoa 22ra.

Sarrera doan izango da eta ikusleek pilotaleku ondoan aparkatu ahal izango dituzte autoak: La Salle-Legazpi ikastetxeko patioan.

Finalak atzo eguerdian aurkeztu zituzten Antioko interpretazio zentroan. Ekitaldian Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendariak, Mikel Serrano alkateak, Ainhoa Azurmendi Laboral Kutxaren Zumarragako bulegoko zuzendariak eta Aitor Erauskin Euskadiko Pilota Federazioko zuzendari teknikoak parte hartu zuten. Finaletan parte hartuko duten pilotari ia guztiak ere bertan izan ziren. Ainhoa Lakuntza bakarrik falta zen.

Txapelketaren garrantzia

Emakume_Master_Cup_txapelk-1Alvarezek eskerrak eman zizkien antolatzaile eta babesleei eta txapelketa honen garrantzia azpimarratu zuen. «Azken aste honetan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren aldeko hainbat aldarrikapen egon dira, baina aldarrikapen horiek ez dute asko balio ondoren txapelketa hau bezalakoak antolatzeko ahalmenik ez badugu».

Emakume Master Cup txapelketak neskei lehiatzeko eta hobetzeko aukera ematen diela gehitu zuen. «Emakumezkoen pilota eta berdintasuna sustatzeko balio du. Neskek ez lukete pilotan jokatuko txapelketak antolatuko ez balira. Iazko finalean Astelena pilotalekua bete egin zen eta beste askok partidak telebistaz jarraitu zituzten».

Serranok txapelketan parte hartu duten pilotariei eskerrak eman zizkien. «Zuen lana eta ekarpena izugarriak dira. Erreferente bat zarete. Ez dakit zenbateraino zareten horren jakitun. Hala, oso harro gaude finalak Zumarragan jokatuko direlako. Finalak hartzeko aukera suertatu zenean, ez genuen zalantzarik izan. Berdintasunaren alde gaude».

Emakumeek pilotan betidanik jokatu dutela gogoratu zuen. «Gizonezkoen mundua izan da, baina emakumeek aspalditik jokatzen dute pilotan». Adibide bezala, Reyes Azkoitia bergararra aipatu zuen. «Bere semearekin jokatzeko aukera eduki nuen eta Reyesek gizonezko askok baino gehiago daki pilotaz».

Bukatzeko, zorionak eman zizkien antolatzaileei eta finaletara heldu diren pilotariei.
Erauskinek txapelketa honek hasieratik federazioaren laguntza jaso duela gogoratu zuen. «Eskerrak eman nahi dizkiet eragileei, aldundiari, Zumarragako udalari eta Laboral Kutxari. Eta zorionak parte hartu duzuen pilotari guztiei. Zorte on eta igandean onenak irabaz dezala».

Iker Amarika txapelketako zuzendari teknikoak hainbat xehetasun eskaini zituen. «Gaztetasuna eta esperientzia elkartzen saiatu gara. Horrekin ez dugu esan nahi Patri eta Leire zaharrak direnik. Oraindik urte asko gelditzen zaizkie».

Partida ikusgarriak espero ditu. «Lehen mailako finalerdia 18 eta 17 bukatu zen eta ikusleak zutitu egin ziren pilotariei txalo egiteko. Ea finaletako partidak 18 eta 17 eta 22 eta 21 bukatzen diren». Pilotariek barre egin eta ez zutela halako partida luzerik nahi esan zuten. «Partidak luzatu egiten dira materialagatik eta maila orekatu egin delako», erantzun zien Amarikak.

Bukatzeko, Euskal Telebistari eskerrak eman zizkion. «ETBrekin hiru urteko akordioa sinatu dugu, txapelketa honetako finalerdiak eta finala emateko. Lau t’erdiko txapelketa eta San Fermin txapelketa ere emango dituzte. ETBk hasieratik babestu du txapelketa hau eta eskertzekoa da». Joseba Urkiola Kiroletako zuzendaria bertan izan zen.

Elkarbanatu

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

2 + 6 =


Iruzkin berriak

Makenri: Zertarako diozu? 1.- Gipuzkoar jokalari gazteak punta-puntako mailetara iritsi daitezkeela erakusteko eta motibagarri izateko kirolari [...]

Felipe: Zertarako nahi degu hitzaldi batera Maiza, Oroz, Motos, Xubi, Otegi,... ekarri, inor ez badaki nortzuk diren. [...]

Makenri: Zorionak Goierri! Lan handia urtetan borondatez egindakoa. Hori bai, bi hitzaldi eta biak kastellanoz Itu, [...]

Mikel Zubozki: Kultur ekintzek turismoak baina jende geihago ekarri du Zumarraga Urretxura. Asko bizitzera geratzeraino. Kanta bat [...]