Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Estrasburgok Ismael Berasategi preso urretxuarrari arrazoia eman dio

Estrasburgok Ismael Berasategi preso urretxuarrari arrazoia eman dio
azaroa 27
13:51 2019

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak duela urtebete artxibatu egin zuen euskal presoek Frantziako Estatuan betetako kartzela zigor urteak Espainiakoan aintzat hartzeko eskaera, baina orain Madrili belarritik tira egin dio, urteak batzeari buruzko babes helegiteak sistematikoki atzera botatzea egotzita. Atzo Estrasburgoko auzitegiak arrazoi eman zien Ismael Berasategi eta Rufino Arriaga euskal presoei, eta azaldu du haiek «bederen, segurtasun juridikoaren urraketa» jasan dutela.

Estrasburgoren ustez, Madrilek, babes helegitea atzera botata, ukatu egin zieten bi presoei epaitegi batera jotzeko eta auzibidea agortzeko eskubidea. Ebazpenak gogora ekarri du bere garaian Espainiako Auzitegi Konstituzionalak «aurpegiratu» egin ziola presoen defentsari ez zuelako deuseztatze gorabehera aurkeztu.

Ebazpenaren ondoren Sortuk esan duenez, «nazioarteko komunitatearen aurrean, berriz ere agerian geratu da Espainiako demokraziaren kalitate maila urria». Hala, «Ismael Berasategirentzat eta Rufino Arriagarentzat epaia beranduegi iritsi bada ere, ebazpenak agerian uzten du Espainiako sistema judizialak praktikan eskaintzen duen berme prozesalen gabezia. Izan ere, adierazi du bi presoek gutxienez segurtasun juridikorik eza jasan dutela».

Sortuk dio Europako auzitegiak «maiz» egin diola «errieta» Espainiako Estatuari berme prozesalak ez errespetatzeagatik. Madril zazpi aldiz zigortu dute dagoeneko, tortura salaketak ez ikertzeagatik, eta, Bateragune auzian, horrez gain, bost auzipetuei arrazoia eman zien, «epaiketa justurik» izan ez zutela esanda.

Dena den, auziaren mamiari heltzeko orduan, Frantziako zigorrak aintzat ez hartzeko Espainiaren tesia babestu du Europak. Izan ere, Arriagak eta Berasategik Frantzian betetako urteak kontuan hartzeko eskatu zuten, Espainiako zigorra arintzeko asmoz, baina eskaera ez du onartu. Aurretik Santiago Arrozpide Sarasola, Alberto Plazaola Anduaga eta Francisco Mujika Garmendia euskal presoek egin zuten eskaera bera, eta, iazko urrian kaleratutako lehen epaian, Estrasburgoko auzitegiak Auzitegi Nazionalaren interpretazioa babestu zuen.

Berez, 2008ko uztailean Europako Batasuneko Kontseiluak estatu kideen arteko zigorren inguruko ebazpen bat hitzartu zuen, eta, ondorengo urteetan, Frantzian betetako zigorrek Espainiako ebazpenetan eragiteko eztabaida judiziala ireki zen. Auzitegi Gorenak 2014ko epai batean aukera hori irekita utzi zuen, eta euskal presoen defentsak ebazpen hura hartu zuten oinarri eskaera egiteko. Ordea, Auzitegi Nazionalak 2015ean baliogabetu egin zuen bide hori, eta ebatzi zuen ez zirela kontuan hartu behar Frantzian betetako zigorrak.

Testua: Joxerra Senar/Berria egunkaria

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

7 + 6 =


Iruzkin berriak

Sebas Iturriotz: Bihotzekoa eman dio erdarakada ("Kalko okerra") da, bihotzekoak jo du edo bihotzekoak jota hil da [...]

Amaia Etxaniz: Ni Oskarbik kaleratu dituen 7 langileetako bat baiz. Pertsona guztiak bezala nire defektuak baditut, baiña [...]

Josu Aztiria Urtaran: Kaixo Eki: Zalantzan egon naiz erantzun edo ez, anonimoekin eztabaidatzea ez zidalako gustatzen eta Otamotz.eus-eko foro [...]

Ortzi: Ez kezkatu Igor, oposizioko liberatuak argituko dizkigu zalantza guztiak [...]