1. Inglesera joan aurrez
parkean lotu direnez
Maddi eta Joanes
biak dabiltza parrez
hamahiru urte dituzte
hain gutxi eta hainbeste
2. Nahiz kalean ez den bero
hizketan dabiltza ero
lagun direnez gero
lau minuturo edo
euren zapatei begira
zergatik isiltzen dira?
3. Maddik begirada jaso
orduko Joanes du so
ez ei da ezer jazo…
Egin nahi arren paso
lau masail gorriak ketan:
ez dakite gezurretan
4. Maddik esan dio izu
emango al dion musu
Joanesek berdintsu
sentitzen du ta, aizu!
Lau ezpainek bi segundu
bihurtu dituzte mundu
5. Isilunez isilune
amildegi, begirune
sentitzen dira xume
berriro ere ume
“ingleseko ordua da
berandu helduko gara”
6. So gurutzatuen arten
inglesean testu baten
“love” hitza zaie irten
ta nahiz hitz hau idazten
daramaten hainbat urte,
lehenengoz ulertu dute.
Amaia Iturriotz