Angelinesek hazita edukiko du eskua. Bigarren aldiz ari da tratamendua hartzen. Lehenengoak onetik soilik kendu omen zion.
Galdu zituen hainbeste gauza! Hala dio berak behintzat. Sinesten diot. Arrastaka sartuko ditu gorputza eta arima gelara. Belaunetarainoko falda tubo itsas urdina, pantyrik ez, ortopediakoak direla argi eta garbi adierazi nahi duten oinetakoak. Gerritik gora ere ez du eramango poz handirik, nahiz eta blusa loreduna izan. Bolatxoz betetako artile-fineko txaketa tristeegia da. Ilea sorbalda gaineraino eta koipetsua daramalako eta aurpegiak ez duelako sosegu eta argitasun izpirik, jakin nuen ez dela moja.
Angelinesek ez du familiaz galdetzerik nahi izango. Badaki defentsa onena atakea dela. Gelara norbaiti laguntzera datozen guztiengana hurbiltzen saiatuko da, denengana txandan-txandan. Aukera uzten badiote, laguntzera datozenei tankerako zerbait esango die: “Norberak egin behar du aurrera hemen. Eroritakoan, jaiki norbera jaiki behar da”. Hori esanda, hazi-hazitako bere eskua erakutsi eta hurrengo esaldian, gelan dagoen kasurik tragikoenari buruz hizketan hasiko da, ezkutuka bezala.
Josune ahizparekin joan bada, ahizparengana joango da Angelines. Josunek ez dio begiratu ere egingo, gainditu egiten du emakumeak. Ahizpak, berriz, errespetuz irribarre egin izan dio eta gero emakumea gainetik nola kendu ezin asmatuta larri ibili izan da. Gazteak dira biak: Josune eta ahizpa. Antza handia dute. Gela honetan, ordea, oso erraz bereizten dira: Josune, beti, buruan loredun zapi handia dakarrena izango da.
Esan bezala, batzuetan ahizparekin etortzen da eta besteetan bakarrik. Gaur ere jaka gorri-gorria ekarriko zuen, itxi usainduna. Soinetik kendu, ahizparekin joan bada, hari eman eta eseri egingo da. Segidan eleberri bat aterako du larruzko poltsa handitik. Liburua berria izaten da beti. Irakurriz pasatuko du gelan egon beharreko tarte osoa, inorekin begiradarik ez gurutzatzeko. Ahizpari berari ere zeregin bera jarriko dio. Harentzako eleberri bat ere aterako du larruzko poltsatik. Bera aurreko saioan irakurtzen ari zena izango da ziur aski.
Josuneren buruko loreak gustatzen zaizkio Albertoren emazteari. Senarrari laguntzera etorriko zen. Mesprezuz tratatuko du Albertok eta emazteak hitz egingo du alboan tokatzen zaionarekin. Gai kuttuna: sendabelarrak eta erremedio zaharrak. “Sorgina ala sasi-medikua, Antonia, ezjakin hutsa zara. Ausarta izaten da ignorantzia, eta zu behintzat ezin isilik egon!” Salaketa eta irainaren aurrean ez da isilik geratuko emaztea eta horrek erosoagoa egingo die egoera bertan daudenei: “Ai gizona, sumatuko bazenu, jakin gabe zenbat sendabelar jan duzun otorduetan! Niri esker zaude oraindik bizirik!” Egia ala ez, Alberto isiltzeko balio izango du.
Dotorea izango zen Alberto gaztetan. Planta eta ahots seduktorea mantentzen ditu. Horren jakitun dela, mantso ebakiko ditu letrak ahoan, “sorgina ala sasi-medikua” eseak bereziki gozatuko ditu.
Alberto ea sugetzarretako aktorea al den galdetuko dio Rosauritak aitari, Oswaldori. Denari baietz esaten dio gizagaixoak. Ez du alaba norekin utzi eta, gainera, neskatila zoriontsua izaten da gelan. Ez da oraindik jabetzen inguruan zer gertatzen ari den. Dena izango da polita beretzat: batetik, gozokiak emango dizkiote aitaren egoera bertsuan daudenek eta bestetik, erizainen jostailu izango da goiz osoan.
Lau belaunaldi pilatuko dira gelan Luis eta Conchari esker. Rosauritak begiratu-begiratu egingo die aitona-amonatxoei. Gurpildun aulkian sartuko dituzte biak gelara erizainek. Concha bakarrik dago tratamenduan, baina Luis, beti bezala, laguntzera etorriko zaio; etxean bakarrik baino hobeto dago. Erizainek elkarren ondoan jarriko dituzte aitona-amonatxoak, elkarri begiratuko diote, elkarri eskua eman eta lo-kuluxka egingo dute biek.
Begiratu-begiratu egingo die Rosauritak zurrunga egiten dutelako. Mehe-meheak izango dira zurrungak. Azkenetan daude biak. Behatz erakuslearekin seinalatuko ditu aitona-amonatxoak umeak. Denari bai esaten dion aitak ez du jakingo nola adierazi alabari ez dela hatzarekin seinalatu behar. Beranduegi izango da, gelan, egoera bertsuan dauden denek begiratu egingo diote bikote nagusienari.
- Ai, barkatu. Beste leku batean nuen burua. Kafesne bero-beroa, mantekila eta mermeladadun tostada batekin, mesedez.
Burua Angelines, Josune, Alberto eta Oswaldo dauden gelara joan zait. Hileko lehen ostegun guztietan elkartu izan naiz beraiekin bertan, egoera bertsuan. Ez naute berriz harrapatuko, ordea. Ez joateko baimena eman didate. Sendatu naiz. Gela horretan egon denak ez du bueltatu nahi. Jarriko dituzte ahalik eta argi goxoenak; paisaia atseginak dituzten koadroak, Santa Clara uhartea; eta eserleku erosoak. Baina egon denak ez du bueltatu nahi, eta egon ez denak ez du ezagutu nahi.
Hala ere, ohiturari jarraituz, hileko lehen osteguna denez, gaur ere, etorri naiz Donostiaraino. Hirira jaitsi naiz, ordea. Hotel de Londres y de Inglaterrako terrazan eserita nago, uharteari begira-begira. Ez dago koadroetan agertzen den bezain urrun kontinentetik. Itsasbehera balego, agian…