Geltokietako jaiak ilundu ditu zabaldu den albisteak: atzo, indarkeria matxista eraso bat izan zela. Gertakaria salatzeko eta erasotuari elkartasuna adierazteko, gaur, 19:30ean, elkarretaratzea egingo dute Berrikin, ‘Eraso sexistarik ez’ lelopean.
Gainerakoan, eguraldia lagun, giro onean ari dira ospatzen Geltokietako jaiak. Gaur, Geltoki Eguna dute. Goizean toka txapelketa, triki poteoa, Zumarragako bandaren kalejira, paella dastaketa eta gazte bazkaria izan dituzte. Bazkalostean, trikitilariek joko dute eta bazkarian elkartutakoek bingoan jokatuko dute.
Bestalde, Apain tabernan, mus txapelketa jokatuko da. 16:00etan hasita. 18:00etan, berriz, Matraka elektrotxarangak festa giroa alaituko du, 20:00etan blues eta rock&roll kontzertua egongo da plaza gorrian eta 22:30ean Fits, Makulu Ken eta Laket taldeek joko dute Txindokiko plazan.
Bihar, azkeneko eguna
Bihar amaituko dira jaiak: 09:30ean diana joko dute, 11:0etan haur sahararren aldeko lasterketa egongo da, 12:00etan mokadutxoa egingo dute Apain jatetxean eta 13:00etan patata tortilla txapelketa egingo dute Isabeleko zubian. Nahi duten guztiek parte har dezakete, etxean egindako tortillekin. Sari banaketa ekitaldia 14:30ean izango da.
17:30ean etxeko txikienek Sputnik goitibeheretan ibiltzeko aukera edukiko dute. Bukatzeko, 19:30ean Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldeak auzoko kaleetan joko du.