Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Gizon Taldeak maskulinitate eredu berriei buruzko hitzaldia antolatu du

Gizon Taldeak maskulinitate eredu berriei buruzko hitzaldia antolatu du
apirila 12
11:33 2018

Xabi Odriozolak Maskulinitate berriak gaurko gizartean izeneko hitzaldia egingo du bihar, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Odriozola antropologoa eta berdintasun gaietan aditua da.

Ekitaldi hau Urretxu-Zumarragako Gizon Taldeak antolatu du. Talde hau duela lau urte sortu zen, matxismoaren aurka borrokatzeko. «2014an hasi ginen elkartzen. Gaztetxeko gazte batzuk gai honen inguruko interesa zuten eta niregana zuzendu ziren, Zarauzko gizon taldeko kidea izan bainintzen», azaldu du Iosu Isaiasek.

Urretxu eta Zumarragan ere matxismoaren aurka lan egin zuen gizon talde bat eratzea proposatu zioten eta gaztetxean elkartzen hasi ziren. «Lehen hilabeteetan gizon asko etorri ziren eta talde egonkor bat lortu dugu. Hilabetean behin elkartzen gara, gure burua eraldatzeko. Matxismoa zapalketa sistema bat da eta gizonezkook pribilegio batzuk ditugu. Horien bitartez, emakumezkoen eskubideak zapaltzen ditugu. Gure helburua horretaz kontziente izatea eta norbere jarrera eta jokabideak aldatzea da. Harreman justuak eta berdintasunezkoak nahi ditugu emakumezkoekin eta gainontzeko gizonezkoekin».

Sentimenduak landu

Horretarako, sentimenduak eta emozioak lantzen dituzte. «Elkarren artean goxo tratatzeko eta emozioez hitz egiteko zailtasunak edukitzen ditugu, matxismoaren eraginez. Sentimenduak eta emozioak lantzeaz gain, matxismoa gure bizitzan nola sartu den eta horrek gure izaeran nola eragin duen aztertzen dugu. Gaztetan homofobia ekartzen du, adibidez. Saioetan gure burua askatzen saiatzen gara».

Ez da lan erraza. «Gure buruari pribilegioak ditugula eta emakumeak zapaltzen ditugula aitortzea ez da erraza. Pixkanaka, konfiantza giroan, gauzak ateratzen joaten gara. Askotan deserosoa da, gustatzen ez zaizkigun gauzak ikusten baititugu».

Bere kasa aritu dira orain arte. «Gutako batzuk oso irakurzaleak dira eta feminismoari buruzko liburu asko irakurri dituzte, Koordinadora Feministaren hitzaldi batera joan ginen… Hitzaldi hura Jokin Azpiazuk eman zuen. Oso zorrotza da eta gure gabezien berri eman zigun».

Dagoeneko lau urte daramatzate talde barruko lanketa egiten eta beraien jarduna herrira zabaltzeko garaia heldu dela uste dute. «Gainontzeko gizonengana heldu nahi dugu. Hau da horretarako lehen ekintza. Odriozola aitzindaria da gizon taldeen gai honetan».

Maskulinitate berriei buruz hitz egingo du. «Maskulinitatea gizon izateko dugun modua da. Gizon izateko modu berriak lantzen ari gara».

Ekitaldira emakumezkoak ere gonbidatu dituzte. «Gure lagun feministak ere etorriko dira, beraien iritzia ezagutzeko. Mar-txoaren 8ko grebaren arrakastaren ondoren, hitzaldi hau antolatzeko une aproposa da. Greba mugarria izan zen eta beharbada ordura arte interesik ez zuten gizon asko etorriko dira».

Ez dituzte emakumezkoak mindu nahi. «Ekitaldi publiko gutxi antolatzearen arrazoietako bat hanka sartu nahi ez izatea da. Izan ere, askotan, gizonezkoak feminismoaren aldeko zerbait egin nahian hasten garenean, matxismoaren patroiak errepikatzen ditugu eta protagonismoa hartzen dugu. Hori dela eta, ekitaldi publikoak kontu handiarekin antolatzen ditugu. Eta emakumeen oniritziarekin. Iaz, Zumarragako jaien bezperan, prentsaurreko bat eman genuen gizonezkoei erasoen aurkako jarrera aktiboa eskatzeko. Baina ekitaldi hura ez zuen Gizon Taldeak antolatu».

Baina pasibotasunean erortzea ere arriskutsua da. «Protagonismoa ez hartzeagatik ekitaldirik ez antolatzea ere ez da ona. Horregatik, herritarrei zuzendutako ekitaldiak antolatzen jarraituko dugu».

Talde feministek ondo hartu dute Gizon Taldea. «Ez dugu hartu-eman ofizialik izan, baina Koordinadora Feministako batzuk oso lagunak ditugu eta beraien oniritzia garrantzitsua da guretzat. Dena den, normala den bezala, feminista batzuk mesfidati samar ageri dira. Gure jarduna ondo ikusten dute, baina kontuz aritzeko esaten digute eta gure gabeziak azaltzen dituzte».

Gizonezkoen harrera

Gizonezkoen artean ere harrera ona izan dutela dio. «Gizon Taldetik jende asko pasa da, baina gaia deserosoa da gizonezkoontzat. Hala behar du, gainera. Aurrera egiten badugu, gure gauza txarrei aurre egin diegulako izango da. Aurre egiteko gogo asko behar da».

Gizonezkoei taldera hurbiltzeko gonbita luzatu die. «Ausartu daitezela. Ostiraleko hitzaldia oso interesgarria izango da eta gaia pil-pilean dago. Emakumeen iritzia ere jaso nahi dugu, norabide onean goazen jakiteko», amaitu du.

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

5 + 1 =


Sare sozialak

Jarraitu Otamotz.com Facebook eta Twitter bidez:
   Twitter

Iruzkin berriak

Gotzon: Baita Andoni Imazi ere, Nex Station finalistari! [...]

Gotzon: Zorionak berriro Alex! [...]

Itziar: Hildakoaren logelaren argazkia jartzea beharrezkoa al zen? [...]

Izagirre: Inixio Ipeñarrieta beharrean, Inixio Izagirre da egun Ipeñarrieta baserriko nagusia. Azken hamarkadetan Izagirre familiaren izenean [...]