Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Izotzaren gainean bizikletan

Izotzaren gainean bizikletan
apirila 02
09:58 2019

Asier Lertxundi zumarragarrak bizi baldintza gogorreko tokietara joan eta natura bere gordintasunean sentitzea atsegin du. Iaz 600 kilometro egin zituen bere bizikletarekin Marokoko desertuan eta aurten Siberiako Baikal lakuko ur izoztuen gainean 13 egun eman ditu.

Baikal lakuak 700 kilometroko luzera eta 40-80 kilometro arteko zabalera du. Munduko laku zaharrena eta sakonena da, 1.680 metrorekin. Hala, munduko ur gozo erreserba handiena da. Munduko ur gozoaren %20a bertan dago.

Lertxundi ur horren guztiaren gainean ibili da bizikletan, neguan lakua izoztu egiten dela baliatuz. Aurten ohi baino hotz gutxiago egin du eta, gainera, ohi baino lehenago hasi da berotzen. Hala, izotz geruza ohi baino finagoa izan da eta aurreko urteetan baino lehenago urtu da.

Hori dela eta, Lertxundik bere planak aldatu behar izan zituen. «Hegoaldean sartu eta iparraldera jotzeko asmoa nuen, ahal bezain urruti. Izotz gutxi zegoela ikusita, erdialdean sartu nintzen. Iparraldera jotzen banuen izotzaren gainean elurra aurkituko nuela esan zidaten eta hegoaldera jotzen banuen, berriz, izotz geruza fina zela. Elur gainean bizikletan ibiltzea oso zaila denez, hegoaldera jotzea erabaki nuen».

Etengabe lurrera

Elur gainean ibiltzea gogorra da, baina izotz gainean pedalak ematea ere ez da erraza. Gainera, pisu asko zeraman: bi asterako janaria, neguko arropa, lumadun lo zakua, sei litro gasolina, su txikia, aparailu elektronikoak, eguzki bateriak bateriak kargatzeko… 40 kilo baino gehiago guztira.

Hasieran, makina bat aldiz erori zen lurrera. «Bizikletara igo eta 30 metrora erori egiten nintzen. Hau ez da posible! Gurpil bakoitzean 360 iltze daramatzat!, pentsatu nuen. Kontua tamaina hartzea izango zela pentsatu nuen, baina behin eta berriro erori nintzen. Gurpilei presioa kendu nien eta hala gutxiago erortzea lortu nuen, baina ibiltzea neketsuagoa zen».

Berriro bizikletan ibiltzen ikastea bezala izan zela dio. «Urrunera begiratu behar nuen oreka mantentzako. Eskulekua mugitu edo apur bat okertu bezain laister, lurrera erortzen nintzen. Oso kontzentratuta ibili behar nintzen eta, hala ere, noizean behin erori egiten nintzen. Erortzeko teknika bat garatu nuen: bizikleta erortzen utzi eta ni zutik gelditu eta patinatu».

Asier_Lertxundi-2

 

«Baikalen izotza gardena da. Laku ertzean hondoa
ikusten da eta laku barrualdean izotzaren azpian
iluntasuna ikusten da. Ikaragarria da»

«Urrunera begiratu behar nuen oreka mantentzako.
Eskulekua mugitu edo apur bat okertu bezain laister,
lurrera erortzen nintzen»

 

Haizeak ere ez zuen laguntzen. «Kostaldetik urbil ibili nintzen, laku erdian haizeak gogorrago jotzen zuelako. Haizea beti zen etsai: aurretik jotzen bazuen ez zidan aurrera egiten uzten eta albotik edo atzetik jotzen bazuen lurrera botatzen ninduen».

Haizetik babesteko ertzetik gertu ibili zen, baina kostaldean ere arriskuak zeuden. «Halako batean 300 bat metrora zerbait mugitu egin zela ikusi nuen. Hartz bat zen! Erabat geldirik gelditu nintzen. Ez nekien zer egin. Aurrean hartza nuen, eskuinaldean pitzadura handi eta luze bat, atzera ezin nuen egin iluntzen ari zelako eta gauez ibiltzea oso arriskutsua delako eta denda bertan muntatzea ere arriskutsua zen, ez bainekien hartzak zer egingo zuen. Halako batean alde egin zuen eta denda bertan muntatu nuen».

Berak «izotz zabortegiak» deitzen dituenak ere oztopo handia izan ziren. «Toki batzuetan plakek talka egiten dute eta ehunka metro koadroko izotz zabortegiak sortzen dira. Bizikleta eskuan pasa behar dira. Bizikleta lurrean utzi eta izotza hausten nuen, bidexka bat egiteko. Ondoren bizikletarekin pasatzen nintzen: airean jasota, bultza eginez, arrastaka…».

Pitzadura arriskutsuak

Pitzadurak ere oso arriskutsuak ziren. «Pitzadurak soldatu egiten dira, baina izotz hori zuri kolorekoa izaten da eta ez dago lodiera asmatzerik. Pitzadura batzuk sei metroko zabalera dute eta tentsio handiarekin igaro nituen. Hiru susto izan nituen. Azkenekoan dezente sartu nintzen uretara. Zenbat eta hegoalderago orduan eta izotz gutxiago zegoenez eta gehiegi arriskatzen ari nintzenez, iparraldera jotzea erabaki nuen».

13. egunean amore eman zuen. Ordurako, GPSak matxura bat izan zuen, su txikia arazoak ematen hasi zen, termo baten tapoia hautsi zitzaion eta bizikletaren koadroa pitzatu egin zen. «Su txikia eta termoa erabat beharrezkoak dira jateko eta edateko, han dena izoztu egiten baita. Izoztea nahi ez duzun guztia, gorputzari pega-pega eginda eraman behar da. Gauean gauzak lo zaku barruan sartzen nituen».

Azken 20 kilometroak oinez egin zituen. «Bizikleta han uztea pentsatu nuen, baina trasteak eramateko behar nuen. Patinekin eta lerarekin joatea erosoagoa da, baina nik bizikleta eramatea erabaki nuen».

Izotza eta gaua zirraragarriak iruditu zaizkio. «Baikalen izotza gardena da. Laku ertzean hondoa ikusten da eta laku barrualdean izotzaren azpian iluntasuna ikusten da. Ikaragarria da. Gauari dagokionez, urak ateratzen duen zarata sekulakoa da. Gerra baten erdian zaudela dirudi. Plaken arteko kolpeak entzuten dira».

Bakardade sentsazioa desertuan baino askoz ere handiagoa izan dela dio. «Ur gainean nengoen. Izotzak nahi zuelako nengoen bizirik. Beti izotza urtuko zen beldur. Esperientzia oso gogorra izan da, baina zirraragarria. Beste inon bizi ezin den esperientzia bat bizi izan dut», amaitu du.

Elkarbanatu

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

7 + 2 =


Iruzkin berriak

Sebas Iturriotz: Talde polita eta irekia [...]

Makenri: Kaixo Michael, Berriz Goierri zoriontzeko baliatu beharko dut mezua, nire lehen hitzak horretarako izan diren [...]

Michael Jordan: Kaixo, Makenri: Igone Campos espainiako txapeldunordea izan da. Maiza, Oroz eta besteek espainiako ligan jokatzen dute. [...]

Makenri: Zertarako diozu? 1.- Gipuzkoar jokalari gazteak punta-puntako mailetara iritsi daitezkeela erakusteko eta motibagarri izateko kirolari [...]