Jaietan herritarrak protagonista nagusiak (017. alea)
Inixio Larreina Danbor-jolea
25 urte daramatza danborradan jotzen, urtero konpainia berean jo du era luzaroan jarraitzeko asmotan daga. Danborra jotzen ondo badaki ere, entsaioetara fin joaten jarraitzen du. Lehen orain baino giro hobea eta era seriotasun handiagoa izaten zela uste badu ere, gustura jarraitzen du lan horretan.
Esteban Barrena Txistularia
26 urte daramatzat Antion txistua jotzen. Lau txistularik jotzeko kontratua egin genuen alkatearekin. Orain txandaka jotzen dugu, txistulari berriei aukera emateko. Antion jotzea gauza berezia eta hunkigarria da. Jose San Pedro atabalaria hil eta Paskualek danborra jotzea proposatu zidaneko eguna gogoratzen dut. Hasi berria nintzen eta beldurra banuen ere, ondo irten zen.
Lidia Irizar eta Amaia Moro barraka zaleak
Festetan barraketan ibiltzea gustatzen zaigu gehien. Egunik politena, haurren eguna izaten da, haurren danborrada aski gustatzen zaigu. Dantzaldietan dantza ere egiten dugu, oso gustura ibiltzen gara. Santa Isabelak iristeko irrikan gaude.
Jon Atxurra Antioko arduraduna
Antiguako ermitako arduraduna da. Santa Isabel egunean,dantzariei trabarik egin ez diezaien argazkilariak eta kazetariak zaintzeaz arduratzen da eta ermita ere erakusten die inguratutakoei. Santa Isabel egunean lan egin behar duen arren gustura aritzen da, oso egun berezia baita beretzat.
Biera koadrila parranda zaleak
Lau egunetan topera ibiltzen gara.Gauean irten eta konturatu orduko egun argiz iristen gara etxera, gure ustez egunik onena Santaisabelekoa da. Jaitsieran oso giro ona egoten da eta han ibiltzen gara gu saltoka eta kantuan.Gora santaixabelak!
Dorotea Aierbe jubilatua
94 urte beteko ditu udan. Azken 5 urtetan, jubilatuen bazkarira joaten den emakume edadetuenari eskaintzen zaion saria jaso du, benetan eskertzen duena. Jubilatuz gero urtero joan da bazkarira, oso egun polita izaten da, ondo bazkaldu eta dantzariak ikusten baititu. Aurten ere, joateko asmotan dago Dorotea.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide