Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Jaurlaritzak alokairu sozialeko 108 etxebizitza egingo ditu Zumarragan

Jaurlaritzak alokairu sozialeko 108 etxebizitza egingo ditu Zumarragan
urtarrila 25
16:40 2019

Eusko Jaurlaritzak alokairu sozialeko 108 etxebizitza egingo ditu Zumarragako Eitzaga-Berri eremuan. Obra 2020 amaieran hasiko da eta bi urteko iraupena izango du. Aurrekontua bederatzi milioi eurokoa da.

Lehentasuna Zumarragan erroldatuta daudenek izango dute. Etxebizitzak esleitzeko, Euskadiko araudian ezarritako baldintzak eta eskakizunak beteko dira.

Etxebizitza hauek eraikitzeko hitzarmena atzo sinatu zuten, Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldian, Iñaki Arriola  Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak, Pedro Javier Jauregi Etxebizitza sailburuordeak eta Mikel Serrano alkateak parte hartu zuten.

Serranok atzokoa Zumarragarentzat egun garrantzitsua izan zela esan zuen. «Etxebizitzak zumarragarron toki kuttun batean egingo dira. Elkarlanak fruituak ematen ditu. Zumarragak alokairu sozialaren aldeko apustua egin du, gazteei gurasoen etxetik irteteko aukera ematen baitie. Zumarragako Udalak etxebizitzaren erronkari aurre egin nahi dio eta etxebizitza hauek udalak ematen dituen beste laguntza batzuen osagarri dira».

Eitzaga_BerriArriolak Zumarragarentzat oso hitzarmen garrantzitsua dela aipatu zuen. «Zoritxarrez, krisiaren ondorioak ez ditugu erabat gainditu oraindik. Hori dela eta, etxebizitza duin bat eskuratzea ez da batere erraza. Baina Euskadin etxebizitza izatea eskubide bat dela dioen legea onartu dugu eta, beraz, herritarren eskura etxebizitzak jartzeko ardura dugu».
Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoan aurrera eramango duen egitasmo garrantzitsuenetako bat dela gehitu zuen. «Etxebizitzak Eitzaga-Berriko hiru lur sailetan egingo dira. Lur sail hauek 1.700 metro koadro dituzte eta udalak doan utzi ditu gure esku».

Zumarragan erroldatuta daudenek lehentasuna izango dutela aipatu zuen. «Etxe hauetako bat eskuratzeko Etxebiden izena eman behar da. Egun, 241 dira Etxebiden izena emanda dauden zumarragarrak. Horietatik 185k alokairu sozialeko etxebizitzak eskatu dituzte».

Obra 2020 amaieran hasiko da. «Sei pisuko hiru eraikin egingo dira. Bakoitzak 36 etxebizitza izango ditu. Obraren iraupena bi urtekoa izango da».

Gizarte zentroa

Jaurlaritzak eraikin horietako bateko etxabea udalari utziko dio. Etxabe horretan gizarte zentro bat egingo du, Eitzako jubilatuentzat.

Arriolak jaurlaritzaren eta udalen arteko elkarlana goraipatu zuen. «Elkarlan hau eredugarria da. Arazo bat dago eta borondatearekin lan eginez gero, konpondu egin daiteke. Ildo beretik lan egiten jarraituko dugu».

Bukatzeko, bere sailak abian jarri dituen gainontzeko programak zerrendatu zituen. «Gazteentzat etxebizitzak egiten ari gara, gazteei alokairua ordaintzeko laguntzak ematen dizkiegu eta Bizigune programaren bitartez hutsik dauden etxebizitzak merkatura ateratzen ari gara. Zumarragan hutsik zeuden 21 etxebizitza alokairuan jarri ditugu eta beste sei merkatura ateratzeko bidean gaude».

Jabeei eskaera

Bukatzeko, etxebizitza hutsen jabeei Bizigunen izena emateko eskatu zien. «Prentsaurreko guztiak berdin bukaten ditut: jabeei etxebizitzak alokatzeko eskatu nahi diet. Gure laguntzaz, berme osoa izango dute. Hilero kobratzen dute eta, kalteren bat badago, konponketa Eusko Jaurlaritzak ordaintzen du».

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

9 + 6 =


Iruzkin berriak

Makenri: Zorionak Goierri! Lan handia urtetan borondatez egindakoa. Hori bai, bi hitzaldi eta biak kastellanoz Itu, [...]

Mikel Zubozki: Kultur ekintzek turismoak baina jende geihago ekarri du Zumarraga Urretxura. Asko bizitzera geratzeraino. Kanta bat [...]

Mikel Zubozki: Kultur ekintzek turismoak baina jende geihago ekarri du Zumarraga Urretxura. Asko bizitzera geratzeraino. Kanta bat [...]

Zubozki: Guri lana kentzera etortzen dira, nahiz eta lanik egin nahi ez izan, beste kultura bat [...]