Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Jon Luqui: «Urretxutik errepidez mundura irteteko modua aldatu egingo da»

Jon Luqui: «Urretxutik errepidez mundura irteteko modua aldatu egingo da»
azaroa 15
11:25 2019

Jon Luquik (Urretxu, 1968) bigarren legealdia du alkatetzan. Proiektu izarra pasiotarren komentukoa da: Aspace bertara joango da eta apartamentu tutelatuak egingo dituzte.

Zer diozu igandeko hauteskundeen emaitzaren inguruan?
Tendentzia bat dago: ikusten denaren arabera, hauteskunde guztietan EAJ ari da irabazten. Baina hau asko aldatzen da. Urretxun bertan ondo ikusi dugu hori. Bestalde, parte hartzea altua izan da eta hori onuragarria da. Balioa ematen dio emaitzari. Ea akordio batera heltzeko gai diren. Gero eta gehiago baloratzen dut hori. Iazko aurrekontuetan lortu genuen adostasuna, adibidez. Zein onuragarria den ikusita, etengabe hori lortzen saiatzen zara.

Hauteskundetik hauteskundera: udal hauteskundeetan gehiengo osoa lortu zenuten.
EAJk gorakada nabarmenena Urretxun izan zuen. Ez nuen espero. Zinegotzi bat gehiago lortzea agian bai, baina bi gehiago lortzea ez. Gainera, ez gara oso ortodoxoak hauteskundeak prestatzeko orduan. Kanpainan 60 euro gastatu genituen. Duela lau urte 400 bat gastatu genituen letra handi batzuk egiten, eta letra haiek erabili genituen azken hauteskundeetan ere.

Zergatik uste duzu lortu zenituztela horren emaitza onak?
2015eko hauteskundeetako lan talde berbera aurkeztu genuen eta horrek egonkortasuna adierazten du. Jendeari gure lan egiteko modua gustatu zaio, nonbait. Beste batzuetan beste batzuei botoa eman dioten askok, maiatzean guri eman ziguten.

Zer lan egin duzue maiatzetik hona?
Igorrek (Zubillaga), Maialenek (Fidalgo) eta hirurok uztaila, abuztua eta iraila udaletxean pasa genituen, legealdi plana egiten. Plana beste alderdiei pasa diegu eta ez dugu ekarpen gehiegi jaso. Jasotzen diren proiektu gehienak lehendik landuta daude eta jarraipena eman behar zaie.

Zeintzuk dira proiektu horiek?
Arlo sozialari garrantzi handia eman diogu, aldaketa handia baitator. Gure burua posizionatu behar dugu. Iparragirreren jaiotzaren bigarren mendeurrenak ere garrantzi handia du. Gure lan egiteko eraren oinarria ez da gehiengo absolutua. Horretaz ahaztu nahi dut. Nire helburua alderdien arteko harreman txukuna izatea da, proiektuak elkarrekin garatu ahal izateko. Oinarri ekonomiko sendoa dugu proiektuak garatzeko eta lau urte barru etorriko direnei egoera ona uzteko.

Ez duzu proiektu zehatzik aipatu.
Orain arte bezala, Urretxuko auzoen arteko oreka mantentzen saiatuko gara. Apariziotik hasita, aldaketak nabarmenak izango dira. Urretxutik errepidez mundura irteteko modua aldatu egingo da: aldundiak errotonda egin behar du Irimo eta Aparizio arteko bidegurutzean eta horrekin semaforoa kenduko da. Gainera, Irimoren itxura erabat aldatuko da: eraikina botako da eta Telleria enpresa bertara joango da. Irimo hilabete oso gutxi barru botako da. Hori oso garrantzitsua da etorkizunerako. Inguru horri balioa emango dio. Horrekin lotuta, Sarralde garbitzen ari gara. Bestalde, Kaminpen ere berrikuntzak egongo dira. 32.000 metro koadro horiek ArcelorMittalenak dira eta lursaila beste industria enpresa bati saldu nahi diola dirudi.

Gizarte arloa aipatu duzu. Horrekin lotuta, pasiotarren komentuan Aspaceren eguneko zentroa eta adinekoentzako apartamentu tutelatuak egin behar dituzue.
Egitasmo hau ere aurreko legealditik dator. Alderdi guztiak ados gaude. Bi aurreproiektu jaso ditugu eta orain lana egingo duen enpresa hautatu behar dugu. Aspacekoak eta adinekoak elkarrekin egotea nahi dugu, komunitate bat izatea. Proiektua Aspacerekin eta aldundiarekin batera egingo dugu, eta ondoren aldundiak Aspaceren egoitza ekipatuko du. Aspacekoa legealdi honetan bertan egingo dugu eta apartamentu tutelatuak nola egin argi izango dugu. Gaia oso ondo aztertu behar da: kudeaketa oso ondo lotu behar da, gure atzetik datozenei jasangarria ez den egitasmo bat ez uzteko. Bestalde, datorren urteko urtarrilean jaurlaritzak Lilibasoko lanak hasiko ditu: bi urte barru alokairu sozialeko 20 etxebizitza izango ditugu gazteentzat eta beste lau premia larrian daudenentzat.

Etxe-orratzetik Grupo Santa Barbarara doan eremua berritzeko asmoa duzue.
Jose Mari Lasa plaza, kiroldegiaren ingurua, Laket tabernako bidegurutzea eta aparkalekua berritu nahi ditugu. Hau izango da legealdi honetako inbertsio nagusia. Proiektua merkatariekin eta bizilagunekin adostu behar dugu, eta obra fasetan egingo da.

Alde zaharraren inguruan kezka handia dago.
Plaza, arkupeak eta lokal hutsak txukundu behar ditugu. Dagoeneko lanean ari gara. Lokal gehienak hutsik daude eta horietako asko zaharrak dira. Hori dela eta, zaila da irekitzea. Hori ikusita, lokal batzuk berritu egin behar ditugu eta elkarteei eskaini. Iparragirre 12koa txukuntzen ari gara dagoeneko, eta artisau elkarteari utzi behar diogu. Kultur etxean espazio falta dago eta lokal horietako batzuk erabili daitezke. Alde zaharrari bizia ematen badiogu, merkatariak etorriko direla uste dut. Horrek ez du esan nahi herriko beste zonaldeak zainduko ez ditugunik. Gurutzeko etxeak egiten direnean, herriko sarrera hori konponduko dugu: errepidea, espaloiak, zuhaitzak, argiteria…

Ondo bidean, Hirigintza Plan berria legealdi honetan onartuko da.
Oso garrantzitsua da. Hori gabe Telleriaren tailerra ezin da bukatu. Fitxa baten inguruan eztabaida egon da, baina ez daude aukera asko. Nire ustez goiko auzoetara joateko igogailuak beharrezkoak dira eta guk aurreikusitako tokian bakarrik jar daitezke. Hirigintza Plana 2021eko lehenengo hilabeteetan onartzea espero dut.

Lehenago, 2020an, Iparragirreren jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatuko duzue.
Programa nahiko itxita dugu. Orain azken datak lotu behar ditugu. Izan ere, 2020a motz gelditu behar zaigu. Bertako eta kanpoko eragileekin lan egiten ari gara. Bilbon eta Donostian ere ekitaldiak egongo dira, adibidez. Musika, literatura, garai hartako gizartea… aztertuko dira. Egitasmoetako bat Jon Maiak gidatu behar duen dokumentala da. Gidoia bukatzen ari dira eta aldundiak ere dirua jarriko du. Baleuko eta Pixel ekoiztetxeek ere parte hartuko dute. Iparragirreren garaia azaldu nahi da: egoera politikoa, emakumeen rola… Urtarrilean edo otsailean hasiko dira grabatzen. Bestalde, luthier bat Iparragirreren gitarra zaharberritzen ari da Gernikako Juntetxeak eskatuta. Jo ahal izango dela uste dute. Hala bada, Urretxura ekartzen saiatuko gara.

Zer gehiago egingo da?
Maiatzeko eta ekaineko eguraldi ona ekitaldi asko antolatzeko baliatuko dugu. Eta irailean astebururo ekitaldiak egongo dira. Talde eragile batek, esaterako, Urretxu XIX. mendera eraman nahi du. Ormaiztegiko Elegante Egunaren antzerako zerbait izango da, eta herritar guztiek parte hartzea nahi dugu. Gabonetarako ekitaldi bakoitza noiz izango den zehaztuko dugu.

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

5 + 5 =


Iruzkin berriak

Sebas Iturriotz: Bihotzekoa eman dio erdarakada ("Kalko okerra") da, bihotzekoak jo du edo bihotzekoak jota hil da [...]

Amaia Etxaniz: Ni Oskarbik kaleratu dituen 7 langileetako bat baiz. Pertsona guztiak bezala nire defektuak baditut, baiña [...]

Josu Aztiria Urtaran: Kaixo Eki: Zalantzan egon naiz erantzun edo ez, anonimoekin eztabaidatzea ez zidalako gustatzen eta Otamotz.eus-eko foro [...]

Ortzi: Ez kezkatu Igor, oposizioko liberatuak argituko dizkigu zalantza guztiak [...]