-Zer izan nahi zenuen umetan?
Futbolarekin zerikusia duen zer edo zer: bai futbolaria edo eta bai entrenatzailea.
-Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Betikoa… parranda dezente atsegin dut (baina gero eta gutxiago egiten dut), koadrilakoekin egotea eta bazkari eta afariak egitea, eguraldi ona egiten duenean mendira edo hondartzara joatea…
-Bizitzeko toki bat?
Giro ona duen kostaldeko herri txikiren bat.
-Realean, harrobia ala atzerritarrak?
Futbola dagoen moduan, bien nahasketa komeni da; baina hiru edo lau atzerritarrekin nahikoa da.
-Nor fitxatuko zenuke?
Gorka Garcia ezker hegalerako eta Eto’o aurrelari posturako.
-Santa Isabel jaietako ekitaldirik gogokoena?
Santa Isabel eguna goitik behera, bederatziurrena hasten denetik eguna bukatzen den arte.
-Jaietan zer edo zer aldatuko al zenuke?
Koadrilen eguna astegun batean jarriko nuke, larunbatean ekitaldi gehiegi baitaude.
-Santa Isabel jaiak ligatzeko onak al dira?
Nik neuk ez dut sekula ligatu, baina ikusten dudanez horretarako onak dira. Batek baino gehiagok oroitzapen onak izango ditu.
-Haragia ala arraina?
Nahiz eta harakina izan, oso arrainzalea naiz. Haragia jatekotan, egosia nahiago dut.
-Gustuko bertsolariak?
Irazu, Gorrotxategi, Agirre, Sebastian Lizaso eta Amets Arzallus.
-Noiz irabazi behar duzu herriko bertsolari txapelketa?
Datorren urtean bai!
-Ilehoriak ala beltzaranak?
Azkenaldi honetan, beltzaranak.
-Egindako azken oparia?
Zapata batzuk.
-Eta jasotakoa?
Liburu bat eta mendiko bota batzuk.
-Data bat?
Santa Isabel eguna.
-Neska eta mutil izen bana?
Markel eta Itsaso.
-Zein egunkari irakurtzen duzu?
Irakurri, irakurri… bat ere ez; baina guztiak begiratzen ditut gainetik.
-Gustuko telebista saioa?
Kirolarekin zerikusia duten gehienak. Azkenaldi honetan “Politicamente incorrecto” ere dezentetan ikusi dut.
-Bereziki gorroto duzuna?
Zapatu gauetan botatzen dituzten guztiak.
-Liburu bat?
Oparitu didaten liburua erretzeari uzteko da eta irakurtzen duzun bitartean erre dezakezulako gustatzen zait. Bukatzeko desiatzen nago, ea erretzeari uzten diodan!
-Filme bat?
Ez dut bereziki gustatzen zaidan bat.
-Soinu bat?
Itsasoarena.
-Usain bat?
Itsasoarena, baita.
-Janari bat?
Haragi egosia piperrekin.
-Ura ala…
Ura asko, baina baita ardoa eta asteburuko kubatak ere.