Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Krisian dauden familiek orientazio zerbitzua erabili ahal izango dute aurten ere

Krisian dauden familiek orientazio zerbitzua erabili ahal izango dute aurten ere
otsaila 13
10:05 2019

Gurasoen erantzunkidetasunaren inguruko orientazio programa eta zerbitzu juridikoa aurkeztu dituzte Zumarragan. Zerbitzu hau udalak eta Agipase elkarteak eskaintzen dute eta krisian dauden gurasoei zuzendua dago.

Zerbitzua atzo eguerdian aurkeztu zuten Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak, Amaia Nuñez familia abokatu eta bitartekariak, Arantxa Bergara familia bitartekariak eta Julia Rodriguez psikologoak parte hartu zuten. Hiru emakume hauek Agipaseko langileak dira. Elkarte honen xedea krisian dauden familiei laguntzea da. Rodriguez programaren arduraduna da.

Zerbitzu hau banandu diren bikoteei, familia eredu berriei, berreraikitako familiei… zuzendua dago bereziki eta seme-alaben ongizatea zaintzea da xede nagusia. Horretarako, egoera berri baten aurrean dauden gurasoei orientazioa eskaintzen diete.

Programa 2017 hasieran jarri zen abian. Urte hartan 46 kontsulta egin ziren. Iaz, berriz, 21 familiari lagundu zitzaien eta 61 kontsulta egin ziren. Serranok udal zerbitzu bat izaten jarraituko duela esan zuen. «Familiak aldatu egin dira azken urteetan eta egun, eredu asko daude. Krisian daudenei lagundu egin behar zaie, gurasoak elkar ulertu daitezen eta seme-alabak kaltetu ditzaketen erabakiak hartu ez ditzaten».

Orientazio programa honek elkarrizketa bultzatzen du eta epaitegietara joatea saihestu nahi du. Horretarako, gurasoentzat saioak antolatzen dituzte. Batzuk bakarka ari dira eta besteak elkarrekin egiten dituzte.

Aholkularitza juridiko zerbitzura ere bakarrik edo bikotean jo daiteke. Orientazio zerbitzu hau hileko bigarren asteartean eskaintzen da, Iparragirre hiribideko 3 zenbakian.

Zumarragan erroldatutako bikote guztiek jo dezakete orientazio zerbitzu honetara. Doanekoa da. Ordua eskatzeko, Gizarte Zerbitzuetara jo behar da edo 666 558 195 telefono zenbakira deitu.

Atzoko prentsaurrekoan, zerbitzuaren berri emateaz gain, iazko datuak aurkeztu zituzten. Erabiltzaileen %43 emakumezkoak izan ziren eta %37 gizonezkoak. %20 elkarrekin joan ziren. Adinari dagokionez, guraso gehienak 36 eta 45 urte bitartekoak dira eta seme-alaba gehienak 11 eta 15 urte bitartekoak. %41 amarekin daude, %29 aitarekin eta %31 biekin. Erabiltzaileen %41 dibortziatzeko bidean daude eta %59 familia eredu berri batekoa dira.

Zerbitzu juridikoari dagokionez, 2018an 24 kontsulta egin ziren. 2017an baino zortzi gehiago. Erdia gizonezkoak ziren eta beste erdia emakumezkoak. Adinari dagokionez, guztiak 40 eta 51 urte bitartekoak izan ziren.

Elkarbanatu

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

5 + 2 =


Iruzkin berriak

Urretxu: Interesgarria bai, baina kultura eta hizkuntza aniztasun hori non biltzen da? Aniztasuna biltzen duena gaztelania [...]

Sebas Iturriotz: Talde polita eta irekia [...]

Makenri: Kaixo Michael, Berriz Goierri zoriontzeko baliatu beharko dut mezua, nire lehen hitzak horretarako izan diren [...]

Michael Jordan: Kaixo, Makenri: Igone Campos espainiako txapeldunordea izan da. Maiza, Oroz eta besteek espainiako ligan jokatzen dute. [...]