Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

«Landareei eta loreei begiratuz ikasi dut sendabelarrei buruz»

«Landareei eta loreei begiratuz ikasi dut sendabelarrei buruz»
abendua 09
08:20 2014

Liburua aurkeztuko du etzi Fermin Goenagak (Zumarraga, 1957). Aurkezpena 19:00etan izango da Zelai Arizti kultur etxean. Inguruko sendabelarrak aletu eta xehatu ditu.

Nondik datorkizu sendabelarrekiko interesa?
Haurra nintzela aitarekin kamamila bila joaten nintzen mendira, Eitzagako beste ume batzuekin batera. Peio Aranburu Arzakeko sukaldariaren amonarekin ere joaten ginen mendira. Aitak kamamila eta belarmina ere erabiltzen zituen; belarminarekin tentsioa orekatzen zuen.

Behin, halako ibilaldi batean neskato bat erori egin zen eta amonak txiza egiteko gogoa ote genuen galdetu zigun. Txizarekin zauria desinfektatuko genuela esan zigun. Harrituta utzi ninduen… San Gregorioko eliza zaintzen zuen amonak, eta urtean behin oliba olio tantak botatzen zizkigun belarrian, belarriko minik ez edukitzeko. Orduan, ez nuen sendabide horien zentzua ulertzen. Gerora, Indian, esate baterako, txiza sendatzeko erabiltzen dutela jakin dut.

Loreen eta landareen propietateak ezagutzeko grina orduan sortu al zitzaizun?
Hasieran ez nituen ibilaldi horiek oso pozik egiten. Denborak aurrera egin ahala interesa piztu, eta seme-alabekin mendira joaten hasi nintzen; gu ere kamamila bila.

Alabari asko gustatzen zizaion loreak eta landareak jasotzea eta horrek bultzada eman zion nire zaletasunari. Sendabelarrei buruzko liburu bat erosten hasi, eta egun ehun bat liburu ditut jada etxeko apaletan.

Horrenbestez, sendabelarren gaineko ikerketari heldu zenion.
Bai, izenak biltzen hasi nintzen, hala gaztelaniazkoak zein euskarazkoak nola izen botanikoak. Landareen eta loreen izen unibertsala da botanikoa, %95 latinezko izenak dira.

Emaztea eta alaba zendu zirenean landareak eta loreak nire aterabidea izan ziren. Behea jo ordez, ikerketan sakondu nuen, eta hortik atera nuen aurrera egiteko indarra.

Liburuez gain, nola hasten da sendabelarren gaineko ikerketa bat?
Landareei eta loreei begiratuz. Astero-astero argazkiak eta bideoak egiten nizkien. Aldaketak agerikoak egiten ziren irudiotan: zutoinak, koloreak, fruituak…

Mendian lanean ikusten nindutenak aholku eske etortzen zitzaizkidan; izan ere, landare batzuk oso antzekoak izan arren, ez dira berdinak.

Segura Irratian sendabelarren eskutik ere egin duzu zeure bidea.
Jose Angel Igartzabal zumarragarrak Tarteka irratsaioa zuen Segura Irratian eta kolaborazio bat egiteko prest nengoen galdetu zidan. Ezezkoa eman nion hasieran, baina hainbeste setatu zen azkenean baiezkoa eman niola.

Hiru urtez aritu naiz berekin Segura Irratian zuzeneko programa horretan kolaboratzen. Entzuleak zuzenean sartzen ziren eta landareei buruzko galderak egiten zizkidaten.

Ikastaro ugari egin dituzu Zumarragan eta kanpoan ere.
Bai, Zumarragan, Lasarten eta Donostian. Ikastaroetako ikasleei fitxak ematen nizkien eta mendira eramaten nituen landareak bertatik bertara ikustera. Fitxak berritu egiten nituen eta biderkatu egin zitzaizkidan.

Fitxa horiek al da etzi aurkeztuko duzun liburuaren ernamuina?
Horrenbeste fitxa esku artean izanda, liburua egitea otu zitzaidan. Hiru urteko lana izan da. Ordenagailuak lan itzela eman dit, ez bainuen asko kontrolatzen eta behin baino gehiagotan  egindako guztia galdu nuen… Edozein kasutan, ekinaren ekinaz ikasi dut eta liburua nik neuk osatu dut goitik behera.

Liburuan inguruko 22 landare ezagunenen berri ematen dut. Irudi asko dago. Hain zuzen, paragrafo bakoitzari irudi bana gehitu diot. Umorea ere badago, baina umore tanta horiek ez diote, inondik inora, liburuari zorroztasunik kentzen. Pasadizoak eta informazio bitxiak gehitu ditut. Hiztegi labur bat osatu, eta liburuaren amaieran sartu dut.

Non salduko da?.
Zumarragako eta Urretxuko hainbat liburu dendatan eta sendabelar dendatan jarriko dut salgai, besteak beste.

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

4 + 7 =


Iruzkin berriak

Sebas Iturriotz: Bihotzekoa eman dio erdarakada ("Kalko okerra") da, bihotzekoak jo du edo bihotzekoak jota hil da [...]

Amaia Etxaniz: Ni Oskarbik kaleratu dituen 7 langileetako bat baiz. Pertsona guztiak bezala nire defektuak baditut, baiña [...]

Josu Aztiria Urtaran: Kaixo Eki: Zalantzan egon naiz erantzun edo ez, anonimoekin eztabaidatzea ez zidalako gustatzen eta Otamotz.eus-eko foro [...]

Ortzi: Ez kezkatu Igor, oposizioko liberatuak argituko dizkigu zalantza guztiak [...]