Martxoaren 8a, emakume langilearen eguna izanik, bada gure egoeraz hausnarketa bat egiteko ordua.
Egunez egun, emakumeok isilik jasan behar izaten dugun biolentziaz arituko gara.
Mendeetan zehar, patriarkalismoak, emakumeen aurkako etengabeko biolentzia erabiliz mantendu ahal izan du bere inperioa, emakumeen askatasun, nortasun eta norbait izateko gaitasuna bortxatuz, emakumeak bere menpe mantendu ahal izateko. Egoera hau ez da eman kasualitate edo sexuen arteko balizko ezberdintasun fisiko edo psikikoek eraginda; baizik eta patriarkadoak inposatutako primantza maskulinoa mantentzeko metodoaren eraginez, bizitzaren esparru guztietan, “bere propietate pribatua” zaintzearen lemapean. Emakumeok askotan propietate horien zaku berdinean sartu izan gaituztelarik.
Umetatik tradizioaren izenean jaso izan dugun heziketa, etorkizuneko gure menpekotasuneko papera betetzera eta onartzera bideratzea izan da. Balore maskulinoz blaitutako mundu batean bizitzeko bere bigarren mailako kondizioa onartu behar duela ikasten du.
XX. mende honetan, lana topatzeko ere, jasan behar dugun erasoa ez da bakarrik lan munduan sartzeko ipintzen dizkiguten eragozpenak. Lana aurkitu ondoren ere, gizarteak inposatutako rolen araberakoa kokatzen da: administrazioan, erizaintzan, garbitzaileak… lehendabiziko lanpostuak ditugu. Sistemak saldu nahi izan digun berdintasun eta hautaketa askea egiteko aukerak, isla faltsuak besterik ez dira.
Lan munduan ere, bada beste errealitate gordin bat, eraso eta jazarpen sexualena, eraso sexistak jasan behar baitugu gurekin lanean ari diren “kideen” aldetik.
Hala ere, bortxaketa izan da gure aurka erabili den biolentzia modurik antzinakoena, harreman sexualik nahi ez duen emakume bat behartzea, gure biolentzia bortitz eta gogorrena bilakatu da, ez bakarrik gure askatasun sexuala zapuztearren, baizik eta bortxaketak dakartzan ondorio guztiengatik.
Guzti honengatik, baina aurrerapausoak eman direla ahaztu gabe ospa dezagun gure egun hau ahalik eta itxaropentsuen, baina gure eguneroko zereginetan eta gure askatasuna lortzeko eginkizunetan gelditu gabe.
URRETXU ZUMARRAGAKO EMAKUME TALDE BAT