Zumarragako Musika Bandak kontzertua egingo du datorren igandean Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira. Berdintasuna ardatz, Barbara Rivas aktoreak eta Sara Zufiaurre klarinete jotzaileak parte hartuko dute emanaldian. Izan ere, aurtengo kontzertuetan Urretxuko eta Zumarragako artistak izango dituzte bidelagun. Hain zuzen, herriotatik kanpo lanean ari diren artistekin batera kontzertu sorta prestatu dute.
Igandekoa 13:00etan izango da Zelai Arizti aretoan. Aurrez bi saio egingo zituztela iragarri bazuten ere, saio bakarra egingo dute azkenean.
Rivasek berdintasunarekin lotutako ipuinak kontatuko dizkie haurrei zein gurasoei, eta bandako musikarien eta Zufiaurre Euskadiko Orkestrako klarinete jotzailea lagun izango ditu.
Igandekoaz gain, Gautena autismo elkartea, Ferrer Ferran orkestra zuzendaria, Iñigo Perez sukaldaria, Mila Osinalde eta Gorka Hermosarekin ere egingo dituzte kontzertuak igandean hasi eta abendura bitartean.
«Ipuin soilak kontatuko ditut, baina beren mezua inportantea da»
Barbara Rivas (Aktorea)
Berdintasuna ardatz duten ipuinak kontatuko dituzu igandean Zumarragako Musika Bandaren kontzertuan. Zein ipuin dira?
Ipuin soilak kontatuko ditut, baina beren mezua inportantea da. Hainbat ipuin egokitu ditugu Amaia Garziaren, Jon Plazaolaren eta Dario Sigcoren laguntzarekin. Gazteleraz eta ingelesez idatzita zeuden eta euskarara ekarri ditugu. Ipuinetan dolua, galera eta emakumezkoen nahiz gizonezkoen arteko berdintasuna jorratuko ditugu.
Nolatan sortu zen lankidetza hau egiteko ideia?
Luis Orduña bandako zuzendariak proposamena egin zidan Herri Operaren ondoren eta baiezkoa eman nion. Aspaldi piztuta nuen ipuin zein kontakizun ez sexisten inguruko interesa. Orduñaren proposamena jaso nuenean, ipuinen bilaketari ekin nion buru-belarri. Ipuin bat aurkitu nuen eta hortik hasi nintzen.
Kontzertura umeak etor daitezen nahi dugu, baina umeak ez dira bakarrik etorriko eta ipuinak gurasoen interesekoak ere izatea nahi dugu. Finean, haurrek zein gurasoek gozatzea gustatuko litzaiguke. Eta gozamena gozamen, guztiei zer pentsatua ematea nahiko genuke.
Nondik nora zabiltza orain?
Frantzian bizi naiz. Joan den irailean Arte Dramatikoko karrera amaitu nuen Madrilen. Orduz geroztik, nire prestakuntza Frantzian jarraitu dut eta aurreko urtarrila nahiz otsaila Londresen eman ditut antzerki pieza batean lanean. Londresekoa nire karrera amaierako proiektua izan da; performance bat egin dugu, non gorputzak asko esaten zuen.
Igandeko kontzertuan gorputzak ere hitz egingo al du?
Bai, nire prestakuntzan gorputza asko landu dut. Igandeko kontzertuan musika eta testuak nola uztartu pentsatzen egon gara. Ez genituen hitzak musikaren gainetik jarri nahi eta nire prestakuntza baliatuz, imintzioen bidez ere hitz egingo dut. Horrenbestez, gorputza erabiliko dut ipuinen narrazioa egiteko.
Kanpoan bizi zara, zaila al da Zumarragara itzultzea?
Ez, distantziak pentsatu baino laburragoak dira. Niri ilusio handia egiten dit hemen lan egitea. Lehenengo kontaktua orain bi urte izan nuen Gorka Hermosak kontzertu batean parte hartzeko eskatu zidanean. Ondoren, Herri Operarena sortu zen eta niretzat itzela izan zen. Ordutik, Urretxuko eta Zumarragako artistekin hartu emana daukat eta pozak zoratzen itzultzen naiz beti. Zoriontsu egiten nau hemen lan egitea, hemengoentzat.
Aurrera begira zein proiektu duzu esku artean?
Agian ekainean proiektu berri batean hasiko naiz lanean, bien bitartean, geratu gabe jarraituko dut ikasten.