Abuztuaren hondarrean egin diete hitzordua Urretxuko eta Zumarragako odol emaileei. Ohi ez bezala astelehenarekin iritsi da odol bankua Zumarragako Zelai Arizti kultur etxera. Bertan da Alberto Aranguren Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko ordezkaria bi herriotan. Paper zati batean idatzitako zenbakia banatzen die emaileei, txandak antolatzeko. Aranguren etsituta dago. Kopuruak jaitsi baino ez dira egin azken bi urteetan eta etorkizuna ez du oso argi ikusten. Txanponaren ifrentzuan Sabin Urzelairen diskurtsoa dago. Urzelaik mediku lanak egin ditu joan den asteleheneko ateraldietan, Gipuzkoako Odol Emaile Elkarteko lehendakaria da eta atzo Perura joatekoa zen. Gipuzkoako odol emaileen sarea zertan datzan azaltzera doa, «aitzindaria» dela dio.
Urzelaik dio Perun odola ematen duten ehunetik bakarra dela boluntarioa, beste denek odol beharra duen hori ezagutzen dutelako ematen dute. «Perun edonori odol emailea den galdetuta baiezkoa edo ezezkoa emango du, besterik gabe. Gurean galdera bera eginez gero, ezezkoa ematen duenak arrazoitzeko premia sentitzen du, hau da, ezezkoa azalduko du jakin badakielako eman beharko lukeela edo. Urrats hori eman dugu».
Bankuen premia
Egunero Gipuzkoan 150 bat transfusio egiten dira hala istripuek nola ebakuntzek eragindako beharrei erantzuteko. Odol emaileen tantek betetzen dituzten poltsak bankuetan gordetzen dira. Eta banku horiek ezinbestekoak dira. Izan ere, odola atera eta hemezortzi ordu beranduagora arte ezin da erabili. Urzelai: «Ospitalean beharra suertatu, eta bankuan odolik ez badago, alferrik da».
Urzelaik orain beharra egonkortuta dagoela dio, «32.000 poltsarekin nahikoa dugu». Edonola ere, aurten bere 50. urtemuga ospatzen ari den Gipuzkoako Elkarteak hainbat kanpaina abiaraziko ditu irailean bertan. Gehienak gazteen arreta harrapatzera bideratuko dituzte: batxilergoko ikasleei zuzenduko zaizkie 18 urte betetzen dituztenean odola emateko aukera dutela gogorarazteko eta 11-12 urteko haurrei, odolari buruzko ikasgaiekin ari direnean, odola emateko aukera egon badagoela erakutsiko diete, baita emateak zertarako balio duen ere.
Gazteei begira
Arangurenentzat gazteengan dago, hain zuzen, hutsunerik handiena. Odol emaile finak dauden arren, gazteek erreleboa ez dutela hartu uste du zumarragarrak, «lanbide eskolan egon gara eta etorri dira gero, baina zaila da etortzen jarraitzea». Orain bi urte 70-80 ateraldi egiten zituzten hileko, azkenaldian 60 inguru dira. «Garai batean, urtean pikoak nabaritzen ziren; urtarrilean, adibidez. Egun hori ere ez, hilabete guztietan antzeko datuak izaten ditugu». Udaberrian 70 bat dei egin ditu Arangurenek. Hilabetez hilabete inoiz emaile izan direnei zuzenean deitu die eta erantzun ona jaso duen arren gutxienak agertu dira odola emateko egunean. Honezkero deiak egiteari utzi dio. «Jendea solidarioa da, baina ahaztu egiten dela esango nuke. Egunkarian albiste zabal bat publikatuz gero, nabaritzen da zenbakietan, baina igoerak ez du jarraipenik». Margotzen duen egoera ilunaren aurrean zer egin galdetuta, irri egiten du, bizkarra jaso eta ez dakiela dio.
Emaileen hitzak
Aurreko astelehenean Zelai Ariztin elkartutako emaileetako bati, odola eman ondorengo mokadutxoa jaten ari den bitartean zergatik ematen duen itaun, eta betetzen duela erantzun du, «behar duzun bakarra etortzeko denbora da». Beste batek anaiari lagundu zion behin eta orduz geroztik hitzordu guztietara joan da hutsik egin gabe, «ahal izanez gero, odola ematea inportantea da». Gazte bat aitarekin batera agertu da, «Uglera etorri ziren eta, behin ikasketak amaituta, ohitura gisa hartu dut odola ematera etortzea. Laguntzen ari naizela pentsatzen dut eta horrek asebetetzen nau».
Etzan, besoa luzatu eta eskua ixteko zein irekitzeko ariketa egin odolak kanporako bidea egin dezan; ordu laurden inguru. Aurretik itxaronaldi bat eta medikuarekin solasaldi laburra, ondoren mokadutxoa indarrak berritzeko. Lagundu eta hurko ezezagunaren mesedetan musu truk luzatu besoa. Lagundu, ezezagun hori akaso, noizbait, norbera izan daitekeela jakinda edo jakin gabe. Lagundu eta musu truk hitzak elkarrekin jartzea oso modan ez dagoela dio Arangurenek, hortik bere etsipena.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaraz modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako, zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Gainera, BERRIAlaguna bazara eta HITZAkide egiten bazara, katilu bat oparituko dizugu:
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko.Onartu Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu hemen.
Privacy & Cookies Policy
Privacy Overview
This website uses cookies to improve your experience while you navigate through the website. Out of these cookies, the cookies that are categorized as necessary are stored on your browser as they are essential for the working of basic functionalities of the website. We also use third-party cookies that help us analyze and understand how you use this website. These cookies will be stored in your browser only with your consent. You also have the option to opt-out of these cookies. But opting out of some of these cookies may have an effect on your browsing experience.
Necessary cookies are absolutely essential for the website to function properly. This category only includes cookies that ensures basic functionalities and security features of the website. These cookies do not store any personal information.
Any cookies that may not be particularly necessary for the website to function and is used specifically to collect user personal data via analytics, ads, other embedded contents are termed as non-necessary cookies. It is mandatory to procure user consent prior to running these cookies on your website.