Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Opera eta euskal kanta kontzertua egingo dute bandak eta Orfeoiak

Opera eta euskal kanta kontzertua egingo dute bandak eta Orfeoiak
urtarrila 29
10:46 2019

Zumarragako musika bandak Donostiako Orfeoiarekin kontzertua egingo du larunbat honetan, 20:30ean, parrokian. Opera zatiak eta euskal kantak eskainiko dituzte. Sarrera libre izango da, bete arte. Parrokian 700 bat lagun sartzen dira.

Bandak 150 urte beteko ditu aurten eta larunbateko kontzertua urteurrena ospatzeko antolatu duten egitarauko lehen ekitaldia da. Oso egun berezia izango da bandako kideentzat, munduko abesbatza garrantzitsuenetako batekin jotzeko aukera edukiko baitute.

Dagoeneko hainbat aldiz entsegatu dute Jose Antonio Sainz Alfaro Orfeoiko zuzendariarekin eta ostiralean berriro berarekin arituko dira. Lehen zatian opera ezagunen zatiak joko dituzte. Lehen zati hori Luis Orduña bandako zuzendariak zuzenduko du. Bigarren zatian euskal kantak eskainiko dituzte. Bigarren zati hori Sainz Alfarok zuzenduko du.

Gogotsu

Ibon Elgarresta bandako lehendakaria gogotsu ageri da. «Oso argi genuen ekitaldietako bat Orfeoiarekin izango zela. Mikel Serrano alkateak eta Denis Itxaso Kultura diputatuak egin dute bitartekari lana. Prestaketa gogorra izan da eta oso ilusionatuta gaude».

Donostiako Orfeoiak askotan jo du bandekin. Izan ere, banda askok Donostiako abesbatzarekin ospatu nahi dute beraien urteurrena. Legazpikoak ere beraiekin ospatu zuen. Eta uztailaren 20an Orfeoiak Hondarribiako bandarekin joko du.

Orfeoia Zumarragara etortzea ohorea da. Aurten non abestuko duten ikustea besterik ez dago: otsailean Zumarragan, Parisen eta Zaragozan, martxoan Donostian eta Iruñean, apirilean Madrilen, uztailean Hondarribian, abuztuan Donostian eta La Cote de Saint Andre-n eta azaroan Donostian, Bartzelonan eta Madrilen.

Orfeoiak gehienetan orkestra garrantzitsuekin abesten du, baina bandekin aritzea ere gustuko dute. «Herrietako bandek eta abesbatzek oso lan garrantzitsua egiten dute: gazteei musika jotzeko aukera ematen diete eta herritarren artean zaletasuna suspertzen dute», aipatu du Orfeoiko zuzendariak.

Udalei bandei gehiago laguntzeko eskatu die. «Udalek lokal txikiak uzten dizkiete. Metro koadroa Manhattan-en bezain garestia dela dirudi. Baina bandek lokal handiak behar dituzte: entsegu lokalak emanaldietarako erabiltzen direnen antzekoak izan behar dira, soinua antzekoa izan dadin. Bestela, entsegua ez da behar bezain ona», azaldu du Sainz de Alfarok.

Orfeoikoei bandekin aritzea gustatzen zaie, beraien lan ona aitortzeko. Gainera, Zumarraga oso plaza berezia da Donostiako abesbatzarentzat. Izan ere, beraien lehen zuzendari handia Secundino Esnaola zumarragarra izan zen. «Berarekin lehiaketa garrantzitsu asko irabazi genituen. Lehiaketa gehiagotara ez aurkeztea erabaki zuen, denak irabazten baikenituen. Gainera, oso abesti ederrak konposatu zituen. Hori guztia gutxi balitz, berak ireki zizkien Orfeoiko ateak emakumezkoei».

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

4 + 4 =


Iruzkin berriak

Ortzi: Ez kezkatu Igor, oposizioko liberatuak argituko dizkigu zalantza guztiak [...]

Igor: Liberazioekin pasatzen ari dena udal mailan ikaragarria da. Ya ez da bakarrik Urretxu batek 4 [...]

Eki: Joder Bildu, beti liberazioen aurka (alkatearena izan ezik) eta orain Zumarragan 4 liberazioen alde!!! Polítika [...]

Urretxu: Interesgarria bai, baina kultura eta hizkuntza aniztasun hori non biltzen da? Aniztasuna biltzen duena gaztelania [...]