Haizea Arranzek (Zumarraga, 1984) bere panpinei arropak josten zizkien haurra zela. Jolasa lanbide bihurtu zaio denborarekin, eta gaur egun diseinatzaile bezala irabazten du eguneroko ogia. Bihar, Donostiako San Telmon egingo den Gipuzkoa de Moda desfilean parte hartuko du bere azken bilduma erakusteko.
Zer da ‘Gipuzkoa de Moda’?
Gipuzkoan egiten diren markak sustatzeko eta bertako dendak ezagutzera emateko moda desfilea da. Aurten lehenengo aldiz egingo dute. Oker ez banago 18 edo 20 bat marka eta dendek hartuko dugu parte desfilean. Markak baino denda gehiagok hartuko dute parte.
Desfileetan parte hartu zalea al zara?
Asko gustatzen zaizkit desfileak, baina aspaldian ez dut batean parte hartu. Hasi nintzenetik orain arte hamabost bat desfiletan parte hartu dut, Donostian, Bilbon, Zaragozan, Madrilen, Bartzelonan, Galizian… Desfile mota ezberdinak izan dira batzuk azoka estilokoak, beste batzuk diseinatzaile gazteei zuzendutakoak. Hau da dendekin batera parte hartuko dudan lehenengoa.
Garrantzitsua al da horrelako ekimenetan parte hartzea?
Bai, garrantzitsua da, batez ere norberaren burua ezagutzera emateko. Dena den, lan asko eskatzen du desfile bat prestatzeak. Normalean, lau bat minutu irauten ditu marka edo diseinatzaile bakoitzaren desfile batek. Aurretik, ordea ordu askotako lana dago. Ez bakarrik arropa diseinatu eta josten, baita modeloak aukeratzen, koreografiak egituratzen edo entseguak egiten ere, besteak beste.
Bilduma berria eramango duzu etzi Donostiara. Aurreratu dezakezu zerbait?
Bilduma nahikoa erromantikoa da. Forma leunak ditu, eta kolore suabeak erabili ditut oihaletan. Steampink izena eman diot bilduma honi, aipatutakoaz gainera, steampunk estetikaren zenbait ezaugarri ere badituelako. Steampunk-a literatura genero batetik eratorri den estetika da. XVIII. eta XIX. mendeko militar kutsuko arropa elementu futuristekin nahasten du. Ohikoak dira engranajeak, larruzko gerriko zabalak, victoriar kutsuko lepokoak, edo metalezko puntadun oinetakoak.
Elkarrizketa osoa bihar, Goierriko Hitzan.