Garoarte parkea dioen seinaleari Motxek, Lindak, Miluk eta Neronek, denek egin zioten pixa txakur paseatzaile hark zaindu izan zituen tartean.
Goizero ekartzen zituen Garoartera. Euri, elur, sargori nahiz hozkirri. Astelehen, asteazken, ostiral, ostegun eta astearte. Ordu berean. Hegoaldeko sarreratik sartzen ziren. Iparraldekotik irten. Ibilbide osoan zehar, txakur gaixoek belarriak tente entzuten zioten gazteari, zoroei entzuten zaien gisan, kateaz lotuta dauden txakur batzuek entzun dezaketen etsipen osoarekin.
Normalean gelditu gabe egiten zuten paseoa parkean zehar. Beti aurrera. Presarik izan gabe, baina gelditzeko beldurrez. Txakurrek jarri ohi zuten erritmoa. Linda ipurtaldea kulunkatzen hasi bezain pronto, dantzan hasten ziren Milu, Motx eta Neronen buztanak. Berotuta. Jolaserako gogoa zuten animaliek eta paseoa arina izan zen.
Txakur paseatzaileak irribarre gaiztoa zeraman: “Nolako presa duten piztia koittaduek hiltzeko”. Kanpotik ikusita, pentsa zitekeen, lehoi domadoretzat zuela bere burua. Ezin jakin ordea, agintea ala izua zuen lau kateetan lotuta. Bada ezpada, hogeita hamaika eskutik ez izateagatik-edo, kate motzean zeramatzan lau zakurrak. Hala zirudien behintzat.
Txakur gajoei parkera iritsi arte, berdin izaten zitzaien elkarren kateak erabat korapilatuta izatea. Baina belarra zapaltzen zutenean, batak besteagandik askatu nahi izaten zuten; nahiz eta txakur-paseatzaileari lotuta egotea onartu. Zirenak eta bi egiten zituzten ahalik eta kate luzeena izateko. Milu zen horrelako zereginetan trebeena. “Betiko askatasunera eraman behar zaituztet, arimagabeok. Zaudete lasai!”. Ez zitzaion mendekuaren irribarrea aurpegitik kentzen txakur-paseatzaileari. Gorrotoak itsutzen badu, itsu-txakurrak izan zitezkeen laurak.
Garoarteren hegoaldetik iparralderako bidean zegoen laugarren bankua ikusi zuen behintzat, eta bengantzak nekatuta bertan eseri zen. Erromatarrak koadrigetan bezala zeuden. Bankuan eserita zegoen txakur-paseatzailearen oinetan lau piztiak, katakumeak baliran. Nahita ala nahi gabe, “Kristina x Kepa” zioen izkribu nerabea estali zuen bizkarra eserlekuaren kontra jartzean.
Ezkerreko eskuarekin lau kateak eusten zituela, eskuinekoarekin pozondutako laztan bana egin zien Milu, Neron, Motx eta Lindari. Bakoitzari gehien gustatzen zitzaion lekuan. Miluri kokotean, Lindari paparrean, Neroni hegalean eta Motxi kopetan. Judasen musua gizonaren lagun onenei. Eskuak beste zerbaiterako behar zituen eta lasai-lasai, bakean, utzi zituen lau piztiak. Otzan eserita. Inozo.
Berak ere, askatu eta lasai, zoruan utzi zuen lau txakurren kateak biltzen zituen uztaila. Ezker oinarekin zapaldu zuen. Ez ziren urrutira joango, baina bada ezpada, hobeto zeuden hankapean.
Ezkerreko poltsikotik koloretako pilota bat atera zuen. Aldaka ikaragarri zabaltzen zion. Lurrean utzi zuen. Eskuineko oinaren ondoan. Odol hotza behar da gero!
Eskuineko patrikatik berriz, bi soka luze eta bi laburtxoago atera zituen. Bi luzeei heldu zien aurrena. Luze jarri zituen biak altzoan, bankuaren luzera osoan eta bankuaren ertzetatik zintzilik. Hankekiko perpendikular eta soka biak elkarri paralelo. Baziren bost metro luze. “Soka luzeak bide laburrerako”.
Eskuineko bi muturrak parean zeudela ziurtatu zuen. Ezkerrekoetan jarri zuen arreta: berdin-berdinak ziren. Biak erditik hartu zituen, tolestu, bi sokarekin lau egin nahi izan zituen, eta korapiloa egin zuen, erdi-erdian.
Erdiko korapilo egin berria altzoan zuela, sokaren lau muturrak izan ziren bere ondorengo jomuga. “Aurretik eramango zaituztet”. Korapilo bana egin zuen mutur guztietan. Ez zituen korapilo arruntak egin. Ez umetan lehenengo ikasten diren korapiloak. Bigarren ikasten direnak egin zituen. Sokan aurrera eta atzera mugitzen diren korapiloak. Lasaitu eta estutzen direnak. Zakurrei lepoko moduan jartzeko modukoak direnak. Urkatuek luzitzen dituztenak.
Halakoak, hartarako zirelako: lepoko politak. Miluren burua sartu zuen horietako batean lehenengo, bigarrena Lindari jarri zion, hirugarrena Motxentzat izan zen eta Neronentzat laugarrena. Irribarre gaizto batekin eta laztan banarekin engainatu zituen hiltzera zihoazenak. Berak ere soka luzeen erdiko korapiloaren erditik ezkerreko eskua sartu zuen: eskumuturreko polita.
Amaiera hurbiltzen ari zen eta soka laburren ordua zen. Bankuan gurutzefikatu zen txakur-paseatzailea. Beso bat luze jarri bankuak bizkarrak sostengatzeko zituen oholean, soka oholaren atzetik pasa eta korapilo pare bat egin, ondo estutuz. Beste besoa luze jarri eta gauza berdina. Hirugarren besorik ez eta hortzekin estutu behar izan zuen bigarren korapiloa. “Kristina x Kepa”-k bazuten martiria handik aurrera.
Dena zegoen prest. Indar guztiarekin eta batez ere eskuineko hankarekin, koloretako pilotari ostikoa ematea baino ez zen falta. “Ave Cesar, morituri te salutant” eta Lindak aldaka kulunkatzen zuenean baino biziago egin zuten korri lau arima-gabeek koloredun pilotaren atzetik. Koadriga martxan zen. Sokak tiratu ziren Garoarten. Miluk, Lindak, Motxek eta Neronek ez zuten bankua mugitzerik lortu.
Amaia Artolazabal Amilleta