Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Txakurrek ere badute hotela

Txakurrek ere badute hotela
uztaila 18
07:58 2019

Uda betean gaude. Opor garaia. Askok hotel batean emango dituzte oporrak. Eta hotel askotan ez dute txakurrak eramaten uzten. Jabeek bi alternatiba dituzte: animalia lagun edo senitarteko batekin utzi edo txakurren hotel batera eraman. Urretxun eta Zumarragan ere badago halako bat. Luxuzkoa, gainera: Orbela txakur egoitza.

Izaro Garmendiak betidanik txakurrak gustuko izan ditu. Hala, albaitari laguntzaile eta txakur trebakuntza ikasketak egin zituen. Familiak Izazpi magalean lursail bat du eta bertan txakur egoitza bat irekitzea bururatu zitzaion. Baina ideia zoro samarra iruditu zitzaion eta alboratu egin zuen. Halako batean, bere aitak txakur egoitza bat irekitzea proposatu zion. Biek gauza bera pentsatu bazuten, ez zela horren proiektu kaxkarra izango pentsatu zuen eta lanean hasi ziren. Eraikina bere aitak eta mutil-lagunak egin zuten.

2016ko udan ireki zuten. Egoitza ireki ondoren, txakur ile apainketa ikasi du, zerbitzu gehiago eman ahal izateko. Orbela egoitzan 36 gela dituzte, terraza eta guzti. Txakurren bila joaten dira eta 24 orduko zainketa eskaintzen diete. Otorduetan goi mailako janaria eta ur freskoa ematen diete eta egunero txakurrak paseatzera ateratzen dituzte eta garbitu egiten dituzte. Horretaz gain, txakur trebakuntza eta ile apaindegi zerbitzua dituzte. Jabeak Mediterraneoan edo Pirinioetan ez dira gaizki egongo, baina kostako zaie beraien txakurrak Izazpi magaleko paraje zoragarri horretan bezain ondo egotea!

Hala, jabe batzuk gustura geldituko liratekeela esaten diete. «Txakur egoitzak etxeetatik aparte egon behar dira, bizilagunei ez molestatzeko. Hau oso toki egokia da. Trafikorik ez dago eta paseatzeko oso toki egokia da».

Bezero asko dituzte: oporretara maskotak eraman ezin dituztenak, senitarteko bat ospitalean dutenak, kanpora lanera edo ikastera joan beharra dutenak…

Garmendiak bereak bezain ondo zaintzen ditu bezeroen txakurrak. «Goizero gelak garbitzen ditut. Horretarako, txakurrak terrazara ateratzen ditut. Elikadurari dagokionez, bakoitzaren ohiturak mantentzen ditut: batzuk egunean behin jaten dute, beste batzuk bi edo hiru aldiz… Gela guztiak garbitu ondoren, txakurrak paseatzen ditut, normalean banaka. Jabe batzuk beraien txakurra beste batzuekin egotea nahi dute, eta kasu horietan elkarrekin paseatzen ditut. Ondo begiratzen dut zein zeinekin paseatu. Denborarekin txakurrek elkar ezagutzen dute eta konplizitatea dutenak elkartzen ditut».

Txakur txikiak taldean paseatzen ditu eta handiak bi edo hiru laguneko talde txikitan. Gehienetan lotuta eramaten ditu. «Ez da aske eramatea komeni, orkatzen atzetik joan baitaitezke edo etxera joatea erabaki. Izan ere, autoan etorri dira eta etxeko bidea ezagutzen dute. Uhal hedagarriak erabiltzen ditut, askatasun sentsazioa izan dezaten. Askotan etorri diren txakurrak bakarrik askatzen ditut eta tentu handiz, gainera».

Paseoak txakurren ezaugarrietara egokitzen ditu. «Txakur zaharrak, lodiak eta displasia dutenak eguzkia joan denean ateratzen ditut. Txakur guztiak ez dira berdinak. Izaki bizidunak dira eta emozioak dituzte. Batzuk ez dute ondo pasatzen lehen egunetan. Beste txakurrekin egiten duzuna ikusten dutenean, ireki egiten dira. Txakurren izaera ondo ezagutu behar da beraiekin lan egin ahal izateko ».

Oso gustura dabil. «Geroz eta ezagunagoa naiz eta geroz eta txakur gehiago ekartzen dituzte. Madril, Bartzelona eta Alacanteko jendea ere etorri da. Mundu honetan ahoz ahokoak oso ondo funtzionatzen du. Abuztuan egoitza bete egiten da».

Elkarbanatu

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

8 + 3 =


Iruzkin berriak

Ortzi: Ez kezkatu Igor, oposizioko liberatuak argituko dizkigu zalantza guztiak [...]

Igor: Liberazioekin pasatzen ari dena udal mailan ikaragarria da. Ya ez da bakarrik Urretxu batek 4 [...]

Eki: Joder Bildu, beti liberazioen aurka (alkatearena izan ezik) eta orain Zumarragan 4 liberazioen alde!!! Polítika [...]

Urretxu: Interesgarria bai, baina kultura eta hizkuntza aniztasun hori non biltzen da? Aniztasuna biltzen duena gaztelania [...]