Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Urola ibaiari buruzko dokumentala emango dute Zumarragan

Urola ibaiari buruzko dokumentala emango dute Zumarragan
urtarrila 22
11:16 2019

Ostegunean, 19:00etan, Urola ibaiari buruzko dokumentala emango dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Lan hau Jabier Arenas eta Luis Juaristi azpeitiarrek egin dute. Helburua Urolaren aberastasuna ezagutzera ematea eta herritarrak ibaia zaintzearen garrantziaz kontzientziatzea da.

Arenasek ETBn lan egin zuen. Kamerarien zuzendaria izan zen. Ibai ertzetan eta flysch-ean pilatzen den zikinkeria ikusita, ikus-entzunezko bat egitea erabaki zuen.

Dokumentala ezagutzera emateko, Juaristiren laguntza du. «Berari ez zaio jendaurrean hitz egitea gustatzen eta ni naiz lan horretaz arduratzen dena. Jabierrek dokumental ikusgarria egin du. Urtebete eman du lanean. Irudi ikusgarriak ageri dira: txoriak ur azpian, txoriak kumeei jaten ematen…», azaldu du Juaristik.

Bi lagun hauek bi helburu dituzte. «Alde batetik, zein inguru zoragarrian bizi garen erakutsi nahi dugu. Izan ere, Urola ibaia bizitzaz gainezka dago. Bestetik, jendeak zikinkeria lurrera botatzeari uztea nahi dugu. Izan ere, euriak eta haizeak zikinkeria hori guztia errekara eta itsasora eramaten dute».

Dokumentalaren edukia

Dokumentala Urola ibaiari buruzko datuekin hasten da. «Urola ibaiaren luzera eta historia aipatzen ditugu. Bertan arrain, hegazti eta landare asko bizi direla, bere izena ur eta ola hitzek osatzen dutela eta lantegiak betidanik ibaiaz baliatu direla, garai batean oso kutsatua egon zela…». Dokumentalaren amaieran jendeari plastikoak lurrera ez botatzeko eskatzen diote.

Dagoeneko emanaldi asko egin dituzte gaztetxe, ikastetxe eta kultur etxeetan. «Jendea harrituta gelditzen da. Ibaian beraiek uste baino askoz ere bizitza gehiago dago. Telebistan Afrikako eta Amerikako ibaiak ikusten ditugu, baina hau ere oso ederra da».

Urolan animalia eta landare asko bizi dira. Zerrenda oso luzea da: xoxoak, ahateak, ubarroiak, lertxun-txikiak, lertxun-handiak, buztanikarak, martin arrantzaleak, aingirak, barboak…

Egoera duela hamarkada batzuk baino askoz hobea da. «Industrializazio garaian, ibaia hil egin zen. Araztegiak jarri direnetik, ibaia askoz ere garbiagoa dago. Animalia asko itzuli egin dira. Gainera, erabaki zuzenak hartu dira. Adibidez, ibai ertzeko landaredia mozteari utzi diote. Izan ere, txoriek bertan egiten dituzte beraien habiak».
Egungo mehatxu nagusia jendeak lurrera botatzen dituen plastikoak dira. «Bestalde, fabrika batzuk zikinkeria botatzen dute Urolak ur asko daramanean. Ikuskatzaileak edo zaintzaileak jarri beharko lituzkete», amaitu du.

Elkarbanatu

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

7 + 2 =


Iruzkin berriak

Makenri: Zorionak Goierri! Lan handia urtetan borondatez egindakoa. Hori bai, bi hitzaldi eta biak kastellanoz Itu, [...]

Mikel Zubozki: Kultur ekintzek turismoak baina jende geihago ekarri du Zumarraga Urretxura. Asko bizitzera geratzeraino. Kanta bat [...]

Mikel Zubozki: Kultur ekintzek turismoak baina jende geihago ekarri du Zumarraga Urretxura. Asko bizitzera geratzeraino. Kanta bat [...]

Zubozki: Guri lana kentzera etortzen dira, nahiz eta lanik egin nahi ez izan, beste kultura bat [...]