Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Urretxuko Udalak Euskara Sustatzeko Ekintza Plana onartu du, aho batez

Urretxuko Udalak Euskara Sustatzeko Ekintza Plana onartu du, aho batez
apirila 05
13:35 2018

Urretxuko Udalak Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onartu du. Horretaz gain, Zumarragako Udalarekin batera, Euskaraldian parte hartuko duela jakinarazi du.

Planak 16 esparru ditu: familia transmisioa, irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea, administrazioa, arlo sozio-ekonomikoa, aisia-kirola, liburugintza, kulturgintza, publizitatea, corpus plangintza eta euskararen kalitatea, hedabideak, informazioaren eta komunikazioaren teknologia, sentsibilizazioa eta motibazioa, barruko proiekzioa eta kanpoko proiekzioa.

Planean 43 neurri aurreikusi dira. Irizpide orokorrak, gaur egun egiten diren ekintzei jarraipena ematea eta ekintza edo ideia berriak lantzea da. Egitasmo berri hauek Euskalgintza Forotik etorriko dira. Bereziki, familia transmisioa lantzen duen lan taldetik.

Administrazioari dagokionez, 2018an seigarren plangintzaldiari hasiera emango dio eta urtean zehar udal barruko Euskara Plana landuko du. Ondoren, plan hori osoko bilkurara eramango du.

Horretaz gain, Urretxuko Udalak Euskaraldian parte hartuko du. Iazko azaroaren 30ean Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionala onartu zuen aho batez eta bertan euskararen erabilera suspertzeko lan egingo duela hitz eman zuen.

Euskaraldia Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika sailak eta Euskaltzaleen Topagunea koordinakundeak proposatutako dinamika da. Azken urteotan herri ezberdinetan era soltean egin diren dinamikak guztiak batera egingo dira, egun jakin batzuetan.

Euskaraldiaren lehen helburua euskaltzaleak aktibatzea da. Horretarako, 11 egun euskaraz ekimena gauzatu nahi da 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra. Hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi dituzte.

Ahobiziak euskara ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egingo dieten lagunak dira –baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere–. Belarriprestak, berriz, gutxienez euskaraz ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak. Parte hartzeko izen-ematea zabalduko da, eta identifikaziorako txapa baliatuko dute guztiek.

Hamaika egun horiek fruiturik emango badute, aurretik urtean zehar egingo den lanketaren poderioz izango da. Hori dela eta, ekimena dinamizatzeko talde motor bat sortu da. Hurrengo bilera apirilaren 18an izango da, 18:30ean, Zelai Arizti kultur etxean. Nahi duten guztiek parte har dezakete.

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

1 + 2 =


Kilometroak

Kilometroak

Iruzkin berriak

Aitor: Garbitzaile danak emakumezkoak eta batzordeko danak gizonezkoak. Ba hoixe. [...]

Jonmikel: Ez dakit zein irizpiderekin izendatu den horrela, baina bihar Antio ermitan egingo den 'Antiguan orain' [...]

sebas: zumarragarrek eta ez zumarragatarrek [...]

Zumarratarra: Barkatu, baina oin horiek sokako dantzarienak dira. Kapitainek oinetako beltzak daramatzate. [...]