Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Urtubiko parke berriko baratzeak ekainerako prest egongo dira

Urtubiko parke berriko baratzeak ekainerako prest egongo dira
otsaila 01
15:39 2019

Zumarragako Udalak Baratze Parke Sarea egitasmoarekin bat egitea ahalbidetuko duten hitzarmenak sinatzea onartu zuen asteazkeneko osoko bilkuran. Alderdi guztiak ados agertu ziren. Hitzarmenak datorren ostegunean sinatuko dituzte, Zelai Arizti kultur etxean.

Herritarrentzat 43 baratze egokituko dituzte, Urtubin egiten ari diren 17.000 metro koadroko parke berrian. Aurki emango dute ezagutzera baratze bat nahi dutenek noiz eta non eman behar duten izena. Baratzeak ekainerako prest egongo dira.

Baratze Parke Sareko 21. parkea izango da. Parke hauetan baratze ekologikoak prestatzen dituzte herritarrentzat. Goierrin hiru baratze parke daude dagoeneko:?Beasainen, Ordizian eta Zegaman.

Parke hauek hainbat helburu dituzte: bertako produktu ekologikoen kontsumoa bultzatzea, aisialdi aktiboa suspertzea, naturarekiko errespetua bultzatzea, gizarteko talde ezberdinen eta belaunaldi ezberdinetako herritarren arteko hartu-emana sustatzea, euskarari eta euskal kulturari arnasgune bat ematea, hizkuntz aniztasunaren onurak ezagutzera ematea, gozatzea, ikastea eta auzolanean aritzea.

Ikastaroa

Kutxa Ekoguneak baratzean lan egiteko beharrezkoak diren erreminta guztiak erabiltzaileen esku ipiniko ditu. Gainera, oinarrizko baratzezaintza ikastaroa antolatuko du. Urtubiko baratze parkeko erabiltzaile guztiek ikastaroan parte hartu beharko dute.

Horretaz gain, Baratze Parke Sarearen jardunaldietan parte hartzeko aukera edukiko dute eta webgune bat eta buletin bat beraien esku izango dituzte. Baratzeak 30 metro koadrokoak izango dira eta bertako produktuak autokontsumorako izango dira. Ezingo dituzte saldu.

Baratze parkea Urtubiko 17.000 metro koadroko lursail batean egingo da. Lursail horren behealdean Txurruka kalea dago eta goialdean Urtubiko etxeak daude. Eskuinaldean, berriz, Faustino Orbegozo geriatriko zaharra. Goialdetik herria eta Irimo mendia ikusten dira.

Lursail hori utzita dago egun, ez du erabilpenik. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Zumarragako Udala parke handi bat egiten ari dira bertan. Baratzeez gain, txakurrentzako eta haurrentzako parkeak, miradore bat eta bi putzu egingo dituzte eta haltzak, haritzak eta pagoak landatuko dituzte.

Txakurrentzako parkea hesituta egongo da. Haurrentzako parkeari dagokionez, egurra, hondarra eta harrixkak izango ditu. Artisau jolasak deitzen diete.

Bestalde, ura aire librera aterako dute. Erreka bat eta bi putzu egingo dituzte. Egunen batean komun bat jartzen bada, horko ur zikinak putzuko landarediak garbituko ditu. Aurrekontua 228.000 eurokoa da eta udarako prest egongo da. Urtubiko parkera Txurruka kaletik eta geriatriko ondotik sartu ahal izango da.

Elkarbanatu

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

6 + 3 =


Iruzkin berriak

Sebas Iturriotz: Talde polita eta irekia [...]

Makenri: Kaixo Michael, Berriz Goierri zoriontzeko baliatu beharko dut mezua, nire lehen hitzak horretarako izan diren [...]

Michael Jordan: Kaixo, Makenri: Igone Campos espainiako txapeldunordea izan da. Maiza, Oroz eta besteek espainiako ligan jokatzen dute. [...]

Makenri: Zertarako diozu? 1.- Gipuzkoar jokalari gazteak punta-puntako mailetara iritsi daitezkeela erakusteko eta motibagarri izateko kirolari [...]