Z-Z Urolako Trena Bizikletaz martxa egingo dute ostiralean
Ostiralean Z-Z Urolako Trena Bizikletaz Martxa egingo dute, familietan bizikleta zaletasuna bultzatzeko. Urteroko moduan, hiru ibilbide egongo dira aukeran.
Parte hartu nahi dutenek Zatika dendan eman dezakete izena edo 943 72 45 04 zenbakira deitu. Egunean bertan ere eman ahal izango da izena: Areizaga-Kalebarren plazan, 08:30etik 09:30era.
Hiru ibilbide egongo dira aukeran. Laburrenak 14 kilometro ditu: Aizpurutxora joango dira. Azkoitiraino joan nahi dutenek, 28 kilometro egin beharko dituzte. Bi ibilbide hauetako parte hartzaileak 10:00etan abiatuko dira, Areizaga-Kalebarren plazatik. Gehiago ibili nahi dutenek, Lasaora joateko aukera edukiko dute. 58 kilometro guztira. Hauek 09:00etan irtengo dira.
Z-Z Urolako Trena Bizikletaz martxa Goierri kirol elkarteak antolatu du, bi udalen eta Zatika bizikleta dendaren laguntzarekin. Urtero ehunka lagunek parte hartzen dute eta aurten ere hala izatea espero da. Gainera, ostiralerako eguraldi ona iragarri dute.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide