Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

«Zaletasun honi esker, Europako herrialde asko ezagutu ditut»

«Zaletasun honi esker, Europako herrialde asko ezagutu ditut»
martxoa 08
10:40 2019

Larraitz Sorronek (Zumarraga, 1983) brontzezko domina lortu du munduko skijoring txapelketan. Kirol horretan eskia egiten dute, txakurrek lagunduta.

Noiz eta nolatan hasi zinen txakurrek tiratutako lera lasterketetan?

Betidanik txakurrak gustuko izan ditut. Txakur bat eskatzeari uzten ez nionez, 13 urte nituenean gurasoek txakur bat erosi zuten. Bergaran iragarki bat ikusi zuten eta txakur hura hartu zuten. Husky arrazakoa zen. Sarritan ihes egiten zuen eta txakurrari ariketa fisikoa egitea komeni zitzaiola esan zidaten. Txakur hauek lerak eramateko erabiltzen direnez, horretan jarri nuen.

Txakurra ariketa egiten jarri eta berehala hasi al zinen lera lasterketetan parte hartzen?

Hasieran nire bizikleta erabili nuen; ondoren txakurra saldu zigunak gurdi bat, lera bat eta txakur batzuk utzi zizkidan; gurasoek baserri bat erosi zuten… Konturatu nintzenerako, txakurrez inguratua nengoen. Umeak egiteko zegoen txakur bat ekarri nuen eta bost kume izan zituen. Axen Garitanok, lehen txakurra saldu zigunak, erakutsi zidan lera erabiltzen.

Haur bat zinen oraindik. Lasterketetan emaitza onak lortu al zenituen?

Ez nituen proba asko irabazten, ni gazteegia bainintzen eta nire txakurrak zaharregiak. Punta-puntan ibiltzeko txakur gazteak behar dira. Dena den, Espainiako txapelketan bigarren postu bat eta hirugarren postu bat lortu nituen.

Egun ez duzu lera erabiltzen, eskiak baizik.

Unibertsitatera joateko garaia heldu zenean, 2002an, kirol hori egiteari utzi nion. Duela sei urte Itoiz Armendariz munduko txapeldunak bi txakur oparitu zizkidan eta berriro hasi nintzen. Lehen lerarekin eta sei txakurrekin ibiltzen nintzen. Egun, skijoring delakoa egiten dut. Eskien gainean egiten da, txakur batekin edo birekin.

Emaitza bikainak lortzen ari zara.

Bizikleta gaineko Europako txapelketan ez nuen lan ona egin, eraman nuen txakurra ez baitzen oso ona. Eski gaineko munduko txapelketan, berriz, hirugarren postuan sailkatu nintzen. Proba urtarrila amaieran izan zen, Alpeetan. Otsailean Pirinioetako Snow Rice by Gos Artic itzulia irabazi dut. Etapa guztiak irabazi ditut, bat izan ezik.

Larraitz_Sorron-1Husky txakurrak erabiltzen al dituzu?

Ez. Alaskar arrazako txakurrak erabiltzen ditut. Husky txakurren eta ehiza txakurren nahasketa dira. Huskyen ezberdinak dira, baina ez zait asko kosta egokitzea. Izan ere, urte asko daramatzat txakurren artean eta elurretan.

 

«Bederatzi txakur ditut: bi Enkarterriko
‘billano’, bost alaskar eta bi greyster»

«‘Musher’-a izateak bizimodu oso zehatz
bat eramatera bultzatzen zaitu»

 

Txakur asko al dituzu?

Bederatzi txakur ditut: bi Enkarterriko billano etxea zaintzeko, bost alaskar eta bi greyster.

Txakurrak oso garrantzitsuak dira zure bizitzan.

Txakurrak nire bizitzako oso zati garrantzitsua dira. Musher-a (gidaria) izateak bizimodu oso zehatz bat eramatera bultzatzen zaitu.

Txakurrekin oso harreman estua izango duzu.

Konstantzia oso garrantzitsua da. Oso gogor lan egin behar da une oro txakurrak nola dauden jakiteko. Nekatuta baldin badaude, atsedena eman behar zaie. Atseden hartzea oso garrantzitsua da beraientzat ere. Proba luzeetan parte hartzen duen jende askok gehiegi entrenatzen du eta txakurrak nazkatu egiten ditu.

Kirol honi esker, toki asko ezagutu dituzu.

Suezian, Alemanian, Alpeetan… egon naiz. Norvegiara ere joan nintzen, txakur baten bila. Zaletasun honi esker Europako toki asko ezagutu ditut.

Zein da zure ametsa?

Ez dut erronka berezirik. Hori bai, egunen batean La Grande Odyssee proban parte hartu nahi nuke. Alpeetan egiten den proba bat da. Etapaka egiten da. Oso gogorra da. Proba gehiago antolatzen dira lerarekin doazenentzat eski gainean goazenontzat baino.

Ez al duzu berriro trineora igotzeko asmorik?

Trineo gainean ibiltzeko sei txakur behar dira eta sei txakur on edukitzea benetan zaila da. Gainera, elkarrekin ondo moldatu behar dira. Batek maila ematen ez badu, kendu egin behar da. Eta niri asko kostatzen zait txakurrak kentzea. Nire lehen txakurra, Capri, nirekin bizi izan zen hil zen arte. 16 urterekin hil zen.

Elkarbanatu

Egileari buruz

admin

admin

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

7 + 8 =


Iruzkin berriak

Makenri: Zertarako diozu? 1.- Gipuzkoar jokalari gazteak punta-puntako mailetara iritsi daitezkeela erakusteko eta motibagarri izateko kirolari [...]

Felipe: Zertarako nahi degu hitzaldi batera Maiza, Oroz, Motos, Xubi, Otegi,... ekarri, inor ez badaki nortzuk diren. [...]

Makenri: Zorionak Goierri! Lan handia urtetan borondatez egindakoa. Hori bai, bi hitzaldi eta biak kastellanoz Itu, [...]

Mikel Zubozki: Kultur ekintzek turismoak baina jende geihago ekarri du Zumarraga Urretxura. Asko bizitzera geratzeraino. Kanta bat [...]