Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Zumarragako bandak Orfeoiarekin eta Gozategi taldearekin joko du

Zumarragako bandak Orfeoiarekin eta Gozategi taldearekin joko du
urtarrila 15
11:24 2019

Zumarragako musika bandak egitarau oparoa antolatu du 150. urteurrena ospatzeko. Besteak beste, Donostiako Orfeoiarekin kontzertua egingo dute, Gozategi taldearen abestien bertsio sinfonikoa joko dute eta munduko banda zuzendari garrantzitsuenetako batekin kontzertua egingo dute.

Orfeoiarekin otsailaren 2an joko dute: 20:30ean Zumarragako parrokian. Lehen zatia Luis Orduña bandako zuzendariak zuzenduko du eta bigarrena Jose Antonio Sainz Alfaro Orfeoiko zuzendariak. Kontzertua prestatzen hasi dira dagoeneko. Ostiralean Sainz Alfarorekin entseatu zuten eta Orduña Donostiara joango da Orfeoiarekin entseatzera.

Urte asko pasa dira Donostiako Orfeoia azkenekoz Zumarragan egon zenetik, baina Zumarraga oso herri berezia da abesbatza honentzat. Izan ere, bere historiako zuzendari garrantzitsuenetako bat, Secundino Esnaola, zumarragarra zen. Emakumeak bere eskutik sartu ziren Orfeoira.

Urteurreneko bigarren ekitaldia martxoaren 23an izango da. Banden alarde bat egingo dute. Zumarragako bandarekin batera, Azpeitikoak eta Legazpikoak parte hartuko dute.

Valentziara uztailean

Apirilaren 28an Valentziako Aldaia herriko bandak Zumarragan joko du. Uztailean, berriz, herritarrek Aldaiako jaialdi batean parte hartuko dute. Elkartruke oso garrantzitsua da, Valentzia banden lurraldea baita.
Zumarragako jaietan bandak eta Gozategik elkarrekin joko dute. Orioko taldearen abesti ezagunenen bertsio sinfonikoa joko dute. Bandako kideek oriotarrei proposamena aurkeztu zieten eta hauek gogo handiz hartu zuten. Konposatzaile bat Gozategiren kantak moldatzeaz arduratuko da.

Irailaren 28an, bandak Antioko Musika Zikloko azken kontzertua egingo du. Kontzertu hau Jacob de Haan holandarrak zuzenduko du. De Haan munduko banda konpositore garrantzitsuenetako bat da eta obra bat konposatzen ari da iraileko kontzerturako.

Bandak urteurrena herriko gainontzeko taldeekin ere ospatu nahi du. Azaroaren 22an, Santa Zezilia egunean, beraiekin joko du. Jaialdi honetan bandaren ereserkia aurkeztuko dute. Ereserki hau Jose Migel Laskurain bandako kideak konposatuko du.

Azkenik, abenduaren 22an Gabonetako kontzertua egingo dute. Elkartasun kontzertua izango da: Gautenaren (autismoa dutenen senitartekoen elkartea) alde.

Bestalde, argazki lehiaketa antolatuko dute. 100 euroko hamabi sari banatuko dituzte. Saritutako hamabi argazkiekin 2020ko egutegia egingo dute.

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

1 + 4 =


Iruzkin berriak

Sebas Iturriotz: Talde polita eta irekia [...]

Makenri: Kaixo Michael, Berriz Goierri zoriontzeko baliatu beharko dut mezua, nire lehen hitzak horretarako izan diren [...]

Michael Jordan: Kaixo, Makenri: Igone Campos espainiako txapeldunordea izan da. Maiza, Oroz eta besteek espainiako ligan jokatzen dute. [...]

Makenri: Zertarako diozu? 1.- Gipuzkoar jokalari gazteak punta-puntako mailetara iritsi daitezkeela erakusteko eta motibagarri izateko kirolari [...]