Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Zumarragar bat, Sestaoko izarra

Zumarragar bat, Sestaoko izarra
uztaila 23
07:58 2019

Sestao River Euskal Herriko futbol talde historikoen artean dago. Jatorrizko kluba 1916an sortu zen eta marra beltz eta berdeko kamiseta punta-puntako jokalariek jantzi dute. Ernesto Valverde, Jose Luis Mendilibar eta Gaizka Toquerok, esaterako. Sestao Riverreko jokalari maiteenen artean zumarragar bat ere badago: Oskar Martin. Ez da aipatutakoak bezain ezaguna, baina hiru aro ezberdinetan jokatu du Bizkaiko taldearekin. Azken denboraldian, 35 urterekin, 18 gol sartu ditu.

Martinek hamaika taldetan jokatu du: Urola, Beasain, Sestao, Osasuna B, Guijuelo, Alacant, Ontinyent, Mitra Kukar (Indonesia), Tudelano, Portugalete, Unionistas eta Calahorra. Bere talde kuttunak Urola eta Sestao dira. Bata bere herrikoa delako eta bestea oso berezia. Izan ere, Sestaoko Las Llanas futbol zelaian sekulako futbol giroa bizi da. 1923an inauguratu zen eta Euskal Herriko zaharrena da.

Gainera, hiru arotan jokatu du Sestaon. Martinen eta Bizkaiko klubaren arteko maitasun istorioa 2007an hasi zen. «Urolatik Beasainera joan nintzen eta han denboraldi ona egin nuen. Hala, Sestaotik deitu zidaten. Beasain Hirugarren Mailan zegoen eta Sestao Bigarren B mailan. Ez nuen zalantzarik izan. Oso ondo hartu ninduten. Mutiko bat nintzen oraindik eta Añibarrorekin, Toquerorekin, Pampinekin… jokatu nuen. Nire lehen denboraldia izan zen Bigarren B mailan, baina asko jokatu nuen eta gol dezente sartu nuen».

Lan ona egin zuen eta Athleticen eta Osasunaren eskaintzak jaso zituen. Iruñean lehen taldera iristea errazagoa izango zela iruditu zitzaion eta Osasunara joan zen. Baina lesioek ez zioten bere maila erakusten utzi. Gorritxoekin bi denboraldi eman ondoren, Guijuelora joan zen. Handik, Alacantera.

Bigarren aroa

2011n Sestaotik deitu zioten berriro. «Bi urteko kontratua eskaini zidaten, proiektu polita zen eta ez nuen zalantzarik izan. Baina lesio asko izan nituen. Gol batzuk sartu nituen, baina ez nuen taldeari nahi bezainbeste laguntzeko aukerarik izan eta ez zidaten jarraitzeko aukera eman».

Martini ulergarria iruditu zitzaion eta ez zuen gaizki hartu. Oroitzapen polita utzi zuen. Hala, iaz berriro deitu zioten. «Sestaon hiru urte zoragarri eman nituen, klubarekin eta zaleekin harreman bikaina nuen, baina ez nuen uste berriro deituko zidatenik. Iazko udan Calahorrarekin kontratua nuen, baina entrenatzailearekin harreman txarra nuen eta beste talderen baten deiaren zain nengoen. Sestaotik deitu zidatenean, berehala baiezkoa eman nien. Calahorrarekin Bigarren B Mailara igo ginen eta Sestao Hirugarren Mailan dago, baina Sestao Sestao da».

Zer du ba horren berezia Sestao River taldeak? «Sestaon beti gustura egon naiz eta ondo jokatu dut. Ez dakit zelaiagatik den, taldearen jokatzeko eragatik edo zalegoarengatik. Sestao nire kluba da eta Las Llanas nire etxea. Talde historikoa da, estadioa oso polita da, zaleak pasada bat dira, kluba gertukoa da… Klub ikusgarria da eta aldagelako giroa bikaina da. Talde guztiek jokalari onak behar dituzte, baina batez ere pertsona onak. Eta Sestaon garrantzia handia ematen diote horri».

Martinek urtebeterako luzatu du kontratua. «35 urte ditut, baina oraindik ez dut erretiroan pentsatu. Maila ematen dudan bitartean, jarraitu egingo dut. Aurten inoiz baino gol gehiago sartu ditut».

Datorren denboraldira begira, bere helburua Bigarren B Mailara itzultzea da. Iaz igotzeko zorian egon ziren. «Sestaoren helburua liga irabaztea eta Bigarren B Mailara igotzea da. Zaleen presioa dugu, baina animoak ere bai. Taldetxo bat zelai guztietara joaten da».

Zumarragarrak Sestao maite du eta sestaoarrek zumarragarra maite dute. «Taldearen alde sekulako lana egiten du eta gol asko sartzen ditu. Eta pertsona zoragarria da. Taldea asko maite du. Harrobiko talde baten aitabitxia da eta beraien partidak ikustera joaten da. Zaleek asko maite dute. Hala, El Rifle ezizena jarri zioten», aipatu du Angel Castro klubeko lehendakariak.

Oparia 100. partidan

Eta Sestaorekin 100. partida jokatu zuenean (otsailean) festa bat antolatu zuten: taldekideek eta arerioek (Bermeo taldekoek) pasilloa egin zioten eta sorbaldan 100 zenbakia daraman kamiseta oparitu zioten. Gainera, festara bere senideak eta lagunak gonbidatu zituzten.

Ikusleen artean Alberto Etxeandia Etxe zegoen. Sestaoren zale sutsuena da. Berak ere asko estimatzen du Zumarragako jokalaria. «Zaleok asko maite du-gu, oso maila ona eta golak sartzeko erraztasuna baititu eta taldearen alde dena ematen baitu. Oso mutil jatorra da. Talde askotan egon da eta talde guztietan oso ondo hitz egiten dute beraz. Beste taldeetan zegoenean, Sestaoren aurka jokatzen zuenean, gu agurtzera etortzen zen beti. Bera bezalakoak oso beharrezkoak dira talde guztietan».

Zumarragarrak dagoeneko Sestaoren historian tokitxoa egin duela uste du. «Hiru garai ezberdinetan egon da eta beti dena eman du eta golak sartu ditu. Gogor lan egiten du, aurkariak nekarazten ditu, taldea altxatzen du… Ez da erraza bera bezalako aurrelariak aurkitzea. Asko maite dugu eta sestaoartzat dugu. Klubaren ondare da. Sestao Riverren historiara pasako da».

Elkarbanatu

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

9 + 5 =


Iruzkin berriak

Ortzi: Ez kezkatu Igor, oposizioko liberatuak argituko dizkigu zalantza guztiak [...]

Igor: Liberazioekin pasatzen ari dena udal mailan ikaragarria da. Ya ez da bakarrik Urretxu batek 4 [...]

Eki: Joder Bildu, beti liberazioen aurka (alkatearena izan ezik) eta orain Zumarragan 4 liberazioen alde!!! Polítika [...]

Urretxu: Interesgarria bai, baina kultura eta hizkuntza aniztasun hori non biltzen da? Aniztasuna biltzen duena gaztelania [...]