Trenbideak sortutako liskarrak eta abantailak (014. alea)
RENFEko tren zerbitzua gure bi herriotako egungo garraiobide publiko erabiliena bada ere, trenbideren eraikuntzak, ordura arte horrenbestekoak ez ziren urretxuar eta zumarragarren arteko liskarrak piztu zituen. Sociedad General del Crédito Mobiliario enpresa arduratu zen Irun-Madrid norabideko trenbidea egin eta tren zerbitzua martxan jartzeaz. 1860-1870. hamarkadan eraiki zuen enpresa honek Zumarragako trenbidea.
Trenaren ibilbidea zuzena izan zedin, betidanik bi herrien arteko muga izan den Urola ibaiaren norabidea aldatu behar izan zen, oraingo Galeperrako aparkaleku inguruan, garai hartan, Zelaikoa izenez ezagutzen zen tokian. Ibaiaren norabidearen aldaketarekin, Urretxuk lur zati bat galdu zuen eta ordura arte Urretxukoa izan zen Zelaikoa etxea mugaz beste aldera geratu zen. Bertako bizilagunek, distantziaz Zumarragako udaletxea Urretxukoa baino gertuago zutenez, administratiboki Zumarragara pasatzea erabaki zuten beraien borondatez, nahiz eta Urretxuko agintariak hauen aurka egon. Erabaki hau, herritar guztien abatan izan zen luzaroan, herritarrentzat lur galtze hutsa ez baitzen izan.
Gipuzkoako Foru Aldundian eta Madrilgo Kongresu eta Senatuan gai honi buruz eztabaidatu zen eta 1892. urtean erreginak erregearen ordezkari gisa, Madrilgo Gorteetan hartutako Zumarragaren aldeko erabakia jakinarazi zuen, bertako udaletxera bidalitako agiri baten bidez.
Trenbidea eraikitzerekin batera, Iparragirre hiribidetik, Sekundino Esnaola kalean zehar, Isabeleko zubiraino doan errepidea konpondu zen. Ordura arte oinezkoen ibilbidea zena, merkantziak pasatu ahal izateko egokitu zen. Ordura arte merkantziek Eitzagatik barrena, Urretxuko aldapa igo eta Labeaga kalean zehar, Isabeleraino joaten zirenez, trenbidearekin batera egindako errepideak kalte ekonomikoa eragin zion Urretxuri.
Gatazka hauek alde batera utzita, trenbidea, tren zerbitzua eta geltokia Zumarragan kokatzeak bi herrien industralizazio mailarako, arlo ekonomikorako eta herrien populazioaren hazkuntzarako ezinbesteko garrantzia izan zuen. Herriko eta inguruko zenbait lantegitarako beharrezkoak diren lehengaien garraiobiderik erabiliena izan baita urteetan zehar tren zerbitzua. Enpresetarako baliagarria izateaz gain, Urola eta Deba bailaretako biztanleriarentzat beharrezkoa izan da eta egun, beste garraio mota batzuen erabilpena ugaritu bada ere, oraindik ere kanpotar franko inguratzen da Zumarragara. 1941. urtean, RENFE konpainiak eskuratu zuen Irun- Madrid ibilbideko tren zerbitzua.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide