Gorka Hermosa akordeoilaria, Urretxun jaio zen orain dela 20 urte. Arrasaten egin berri den Gipuzkoako akordeoi lehiaketako irabazlea da. Irakasle onak izan ditu betidanik C.I.E.A. (Centro Internacional de Estudios Acordeonísticos) delakoan, Thierry Pailletekin, nazioarteko irakasle garrantzitsuenetako batekin ikasia da. Izen, handiko lehiaketa askotan izan da saritua. Madril, Gasteiz, Irun edo Iruñean kontzertuak emana da. Espainiar estatuko ordezkari Alemaniako lehiaketa batean.
Zer suposatzen du Gipuzkoako lehiaketa irabazteak?
Batez ere akordeoi munduan ezagun egitea. Errekonozimendua suposatzen du eta aurrera jarraitzeko gogoa ematen du.
Ordu asko jotzen al duzu egunean?
Txapelketarako prestatzen nengoela, egunean 6 ordu ibili izan naiz jotzen. Akordeoiak dedikazio handia eskatzen du, ordu asko sartu behar dira. Denbora asko da baina nik behintzat, gustura egiten dut, akordeoia jotzea ikaragarri gustatzen baitzait.
Noiztik jotzen duzu akordeoia?
Txiripaz hasi nintzen jotzen. Solfeoa ikasten ari nintzela, musika tresna bat aukeratu behar izan nuen. Lagun batek, Jon Lekuonak, akordeoia jotzen zuelako erabaki nuen neuk ere jotzen ikastea.
Zumarragako musika eskolan ikasi duzu akordeoia jotzen?
Bertan hasi nintzen, baina musika eskolan nuen irakaslea, Javi Ramos, bere kontura hasi zen eskolak ematen eta berarengana joan nintzen. Irakaslea oso garrantzitsua da, garrantzitsuena. Zorte handia izan nuen. Nik eta nirekin batera ikasten hasitakook asko zor diogu Javi Ramosi. Akordeoia maitatzen erakutsi zigun. Gainera, oso onda portatu zen, berak zekien guztia erakutsi zigunean, berarekin ikasten jarraitu beharrean, Irunera, irakasle frantses batengana bidali gintuen ikastera.
Nolako maila dago hemengo musika eskolan irakaskuntzari dagokionez?
Irakasleak ezagutzen ditut eta badakit asko saiatzen direla, baina hemen, oinarrizko maila ikasten da. Edozein instrumentu benetan menperatu nahi bada, kanpora joan beharra dago.
Ze asmo duzu orain?
Ni musiko kontsideratzen naiz. Informatika ikasten ari naiz eta hau ere gustukoa dut baina etorkizunean akordeoi irakasle izan nahi nuke. Lehiaketetan parte hartzen jarraitu eta neure buruarekin gustura sentitu arte ikasten jardutea da dudan asmoa.
Musika talderen batean jotzea ez al zaizu bururatu?
Irungo akordeoi orkestran jotzen dut. Musika talde hauek onda pasatzeko eta lagunak egiteko onda daude baina ezinezkoa da bizimodua bertatik ateratzea. Bestalde, orkestretan oso zaila da akordeoia jotzea, ez dagoelako akordeoira egokitutako piezarik.
Musika konposatzen al duzu?
Zerbait idazten dut. Arrasaten egin den Gipuzkoako lehiaketako azken egunean neronek idatzitako pieza jo nuen. Zenbait lehiaketetan kategoria baxuagotan neure piezak jo izan dira. Gustatzen zait konposatzea baina oso zaila da.
Herrian kontzerturik eskaintzeko asmorik ba al duzu?
Eman izan ditut herrian kontzertuak. Edozein lehiaketara joan aurretik oso ondo dator jende aurrean jotzea. Herrian kontzertu bat emateko eskaera egin nion udalari baina ez nuen erantzunik jaso. Lehiaketak irabazi ditudanean jaso izan ditut udaletik zorion agurrak, hau erreza da, baina lagundu behar denean lagundu behar dela uste dut.
LORTUTAKO SARIAK
- Urrezko domina epaimahaiaren zorion agurraz. “Concours O’accordeon International de ACF”. Montpellier, Frantzia (1991).
- 1. saria, “Grand Prix International de l’accordeon”. Sto Etienne, Frantzia (1992).
- 3. saria, “Concurso Nacional de Jóvenes Intérpretes”. Valladolid, Espainia (1996).
- 1. saria, “Gipuzkoako lehiaketa”. Arrasate (1996).
- Ohorezko sariaz bukatu zituen bere akordeoi ikasketak Gasteizko “Jesus Guridi” kontserbatorioan. (1996)