Irailaren 12, 13 eta 14an, elite eta 23 urte azpitiko txirrindulari afizionatuentzat Goierriko Itzuliaren edizio berri bat burutu zen. Guztira 112 txirrindularik hartu zuten parte 16 taldetan banatuta. Sei talde gipuzkoar, hiru bizkaitar, hiru nafar eta Kantabria, Errioxa, Katalunia eta Portugaleko talde bana aritu ziren nor baino nor. Ibilbide gogorra izan zuten aurten txirrindulariek. Hiru etapatan, 383 kilometro egin behar izan zituzten, tartean, 12 mendate zituztela. Garailea, Pello Arreitunaindia Kaiku taldeko txirrindularia izan zen.
Azken etapan erabaki zen Goierriko Itzuliaren aurtengo garailea. Arreitunaindia mutrikuarrak, eraso gogorra jo zuen Aztirian gora bakar bakarrik geldituz. Aztiria gainetik helmugarainoko ibilbidea, aise egin zuen Ruben Alvarez ordura arteko liderrari, minutu eta zazpi segundoko aldea atereaz helmugan.
Aurtengo Goierriko Itzulia oso lehiatua izan da. Hiru egunetan, hiru lider ezberdin ezagutu ditu probak. Lehenengo eguneko etapak 122 kilometro izan zituen. Aztiriako mendatean hogeita hiru txirrindulariz osatutako talde bat egin zen lasterketa buruan, itzulia irabazteko faborito nagusiak, bertan zeudela. Zazpi txirrindulariz osatutako ihesaldia izan zen ondoren, baina lehen egun honetako azken mendatea Deskarga igotzen hasi aurretik, bertan behera gelditu zen zazpikote borren saiakera. Deskargan gora, hogeita hiruko taldea apurtu egin zen, helmugara, boskote bat iritsiz aurrean. Hauen artean azkarrena, Caja Ruraleko Iker Flores izan zen. Lehen egun honetan etapa eta ondorioz sailkapen nagusiko lehen postua ere, Iker Flores txirrindulari nafarrarentzat izan ziren.
Bigarren etapan ordea, Ruben Alvarezen mesedetan, galdu egin zuen jertsei horia Floresek. 119 kilometroko ibilbidea egin behar izan zuten txirrindulariek. Etapa garaipena Joseba Beloki gasteiztarrarentzat izan zen. Lasterketa amaitzeko hamalau kilometro falta zirela zortzi txirrindulariz osatutako talde bat egin zen lasterketa buruan, garaipena, hauen artean erabaki zelarik. ACRko Joseba Beloki nagusitu zen baina sailkapen nagusian, aldaketak izan ziren. Banaka taldeko Ruben Alvarezek jantzi zuen jertsei horia, ordurarteko liderrari, Iker Floresi, hamalau segundoko aldea atereaz.
Sailkapen nagusian zeuden alde txikiak ikusita garbi zegoen azken etapan erabakiko zela Goierriko Itzuliaren garailea. 136 kilometro zituen azken etapak eta bost mendate puntuagarri. Hain zuzen, mendate hauetako batean, Olaberriakoan, hasi zen itzulia erabakitzen. Igoeran, apurtu egin zen tropela lasterketa buruan, bost txirrindulari geldituz. Kaikuko Beristain eta Arreitunaindia, Baqueko Miner, ACRko Nieto eta Caja Ruraleko Lopez de Munain. Segura bidean, Igor Miner eta Peio Arreitunaindiak aurrera jo zuten. Aztirian gora erritmo gogorra ezarri zuen Arreitunaindiak eta Miner atzean utzi ondoren, bakarrik iritsi zen helmugara.
Mutrikuarra, azken etapako garailea izateaz gain, Goierriko Itzuliaren irabazlea ere izan zen. Sailkapen nagusian ordurarte laugarrena zen 14 segundora baina azken etapan lortutako abantailari esker Goerriko itzulia beretzat izan zen.
Sailkapen nagusia
- 1.P. Arreitunaindia 8.46:08
- 2. Ruben Alvarez 53″ra
- 3. Iker Flores 1:07″ra
Bestalde, Iker Zabaleta zumarragarrak eginiko itzulia ere aipagarria izan zen. Nahiz eta etapa garaipenik ez lortu, egunero aurrean ibili zen sasoi puntu onean dagoela erakutsiz. Azken etapan hirugarren egin zuen eta sailkapen nagusian berriz, 8.na izan zen minutu eta hogeita hamabi segundora. Herriko lehen sailkatuari zegokion saria jaso zuen.
Gainontzeko sailkapenak
- Mendiko sailkapena: Igor Miner (Baque)
- Tarteko helmugak: Pedro Horrillo (Baque)
- Erregulartasuna: Matias Cagigas (Baque)
- Talderik onena: Kaiku