Bere heriotzaren 30. urtemugan (1967-1997)
Aita Kandido Izagirre Salaberria (Urretxu 1913 – Arantzazu 1967) hil zela hogeita hamar urte bete dira irailaren 12an. Frantziskotar urretxuar hau, euskalki aztertzaile fin, urte askotan aritu zen gaiak biltzen. Aita Villasantek Luis Mitxelenari urretxuarraren hil berria jakinarazi zionean, hauxe erantzun zion Mitxelenak: “Euskal dialektologorik onenetakoa galdu dugu, Bonaparteren antzekoa, bista mikroskopikoa zorrotzago zuena, Schuchardt-ek esango zukean bezala, makroskopikoa ‘baino” (1967-IX-21).
Batez ere Arantzazu inguruko euskara aztertu zuen Izagirrek, hainbat eta hainbat baserritarrekin, berriketaldietan, hartutako oharrez baliatuz. Hortaz gain, Ultzama, Erronkari, Tolosa, Oñati eta Altsasuko euskara arakatu eta argitara eman zuen agerkari desberdinetan. Bere lanik mardulena “El vocabulario vasco de Aranzazu-Oñate y zonas colindantes” dugu, Luis Villasantek, Izagirre hil eta gero, 1970ean prestaturiko argitalpena. Urretxuarrak utzitako fitxak garbi kopiatzea izan zen apailatzailearen helburua, ezer kendu edo ipini gabe bere hartan ezagutaraztea, beharrezko argibideak emanez.
Kandido Izagirre frantziskotarraren berri liburu haluen atariko IX atalean eman zuen Luis Villasantek, 1968ko abuztuan, inork baino hobeto: CANDIDO IZAGIRRE SALABERRIA, Urretxun jaio zen, Ipeñarrietatorrea deritzaion etxe famatuan. Jose Migel (Aita Kandidoren anai zaharra) da gaur egun etxe hartako jauna. Aspalditxotik baserri bihurtua dago Ipeñarrietako jauregi zaharra.
XVII mende hasieran egindako etxea da. Errege Felipe III.a Gipuzkoara 1615 urtean etorri zenean, etxe horretan egon zen ostatuz. (…)
Zumarragako estaziotik ederki ikusten da Ipeñarrietako jauregi hau, Irimo mendiaren hegaletan kokatua. Gaur kamioa dago bertaraino eta sekulako ikuspegi ederra begiztatzen da handik. Batez ere Zumarragako herri bizkor-langilea, dena lantegiz, burdinbidez, etxez eta jendez betea.
Ipeñarrietako etxe honetan jaio zen, ba, gure aita Kandido 1913 urtean. Baserri etxea zen orduko jauregi hura, eta baserri bizitza egin zuen gure Kandidok txikitatik. Baserri bizitza, eta artzain bizitza ere bai. (…). Txori-zale aparta izan zan beti gure Aita Kandido, eta haurtzarotik zekarren zaletasun hori. Ontzak eta mozoloak ez dira falta jauregi zahar hartako arma zuloetan.
Hamaika urterekin Arantzazura etorri zen, latin eta gainerako eskolak egitera. 1928 urtean gure Ordenako habitua jantzi zuen Zarautzen. Nobiziaduko urtea Zarautzen egin ondoren, beste urtebete egin zuen Aguileran (Burgos aldean), gero hiru Naparroako Erriberrin, eta berriz ere Arantzazura etorri zen teologiako ikasketak egitera. 1937 urtean mezaberria eman zuen.
Karrera bukatu eta bertatik latin irakasle jarri zen. Arantzazuko kolegioko mutil koskorrei latina irakasten, alegia. Lan horretantxe eman zituen bere bizitzako urteak.
1949tik 1952ra Foruko kolegioan egon zen (Bizkaian), latina irakasten han ere, eta bide batez Kolegioko Zuzendari egiten.
1952 urtean berriz ere Arantzazura bihurtzen da. Eta hain zuzen ere oraintxe ematen dio hasiera bere hiztegi-lan honi. Horretarako igandeko meza nagusira etortzen ziren agure zaharrak bildu eta horiei galderak eginez, gaiak biltzen hasi zen. Laster hautatu zituen lankide egoki batzuk eta gero horien baserri etxeetara joaten zen igande arratsaldeetan. Halaxe iraun zuen hamabost urtetan zehar, beti bere azterketak eginez eta gaiak biltzen. Inguruetara egiten zituen osterak ere -apaiz lanen bat egitera, noski- euskal gaiak biltzeko aprobetxatzen zituen.
Apaiz karrerako urteetatik zekarren euskal zaletasuna. Bere euskal jakitea ez zen batere motza. Batez ere Azkueren obrak -Hiztegia, Morfologia- ondo ikasiak eta menderatuak zituen.
Luis Mitxelena jaunarekin ere harremanetan zegoen, eta jaun beronengandik izan zituen lan hau burutzeko akulu pizgarriak, eta bai aholku eta zuzenbide zuhurrak ere.
Bere karrerako ikas-lagunen artean ere euskaltzale sutsuak izan ditu, batez ere aita Julian Alustiza olerkari eta hizlari bikaina, Aita Kandido Zubizarreta, Aita Daniel Gorostizaga, Aita Pedro Urrutia, …
Erronkari, Altsasu eta Ultzamara ere ostera batzuk egin zituen, hango euskara aztertzeagatik. Gaixotu zenean, bere irakaskintza urte beterako utzi eta Tolosako komentuan egon zen. Eta hain zuzen, orduantxe bildu zituen Tolosako euskararen gaiak.
Hasieran, jakina, magnetofoi gabe aritzen zen gaiak biltzen, entzuten zuena idatziz. Geroago zuzendu zuen “Geloso” izeneko magnetofoi bat eta beronezaz baliatzen zen.
Arrankudiaga eta Orozko aldera joateko asmoa ere izan zuen, hango euskara berezia eta hil zorian dagoena jasotzeagatik, baina ez zuen bere asmo hau betetzerik izan.
Antzuolako euskeraren gaiak, bai, jaso zituen, eta aurki agertzekoak dira (agertu dira).
Baina bere bizitzako lanik handiena, hainbeste urtetan eta astiro eta ardura handiz egin zuena, hauxe da, orain argitaratzen dugun hau: Arantzazu eta inguruko euskararen azterketa hau, alegia.
Gizon isila eta umila, bihotz onekoa, gauzak sosegaz, tajuz ta patxadaz egiten zekiena zen minbiziak jota 1967ko irailaren 13an Arantzazun hil zen. Azken egunetan zer moduz zegoen inork galdetzen bazion, hara zer erantzuten zuen: “Gaizki, baina pozik!
(…)
Arantzazuko auzoko baserritarrek ez dute gure Aita Kandido behingoan ahaztuko. Euskararen aitzakiarekin hamaika hitz aspertu beraiekin egina zen, ba.
Goian bego gure Aita Kandido maitea. Eta berak utzi digun ereduzko jarraibidea ez dezagula ahaztu
Hona hemen argitaratu diren hainbat lan:
– Oñatiko liñagin iztegitxoa. Euskera, 1956 (174-182 or.)
– Erronkariko euskal–ondakin batzuk. Boletín de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País, 1959 (279-314 or.)
– Erronkariko euskal–ondakin batzuk. Boletín de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País, 1961 (391-407 or.)
– Lo que los predicadores podrían contribuir a los estudios vascológicos. Cantabria Franciscana, 1961 (281-282 or.)
– Eskerrak emanez. Aranzazu, 1964 (260-261 or.)
– Altsasuko euskeraren gai batzuk. Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urquijo”. Donostia, 1967 (45-97 or.)
– Tolosako euskeraren iztegirako gaiak. Boletín de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País, 1967 (157-188 or.)
– Ultzamako euskeraren gai batzuk. Boletín de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País, 1966 (403-467 or.)
– Notas lexicográfica. Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urquijo”. II. 1968 (49-71 or.)
– El vocabulario vasco de Aranzazu – Oñate y zonas colindantes. . Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urquijo”. IV. 1970
Ignatius-ek