Diskagintzan, berriz, Oskorri, Etzakit eta Latzenen azken lanak. Zabaltzen argitaletxeko liburu saltzaileek, liburu azokaren balorapena egiteko orduan gustura daudela adierazi diote OTAMOTZi. Iaz baino jende gehiago ibili omen da azokan baina hala ere, salmentei dagokienez, iaz baino gutxixeago saldu omen da. Liburu berriak ekartzearen ideia ongi ikusi dute Zabaltzenekoek. Liburuez gain, euskal abestien kontzertua, jokoak, Kaskazuri eta Txatxilipurdi eta poesia emanaldiak izan dira.
Bestalde, apirilaren 30ean inauguratu ondoren, maiatzaren 7an zabaldu zen irakurle ororentzat Urretxuko liburutegia egoitza berrian. Egoitza berri honek 200 metro karratu ditu eta 60bat pertsonentzako tokia du. Sarreran kaleratutako azken liburuak daude ikusgai eta behin barruan gaudela, liburutegia hiru zatitan banatua dagoela ikus dezakegu. Gaztetxoentzako gunea, helduentzako gunea eta egunkari eta bestelako aldizkariak irakurtzeko hemeroteka. Honez gain, fotokopiagailu eta ordenagailua ere badaude, epe motzean, Koldo Mitxelena liburutegiarekin konektatuko den ordenagailua hain zuzen. Aurkezpen ekitaldian besteak beste Koruko Aizarna, Gipuzkoako Foru diputatua izan zen. Urretxuko liburutegiak ia 12 mila liburu eta 2.090 bazkide ditu. 1997. urtean zehar 6.400 pertsonak bisitatu zuten liburutegia eta maileguan utzitako liburuak, 6500 izan ziren. Ea aurten zenbaki horiek hobetzen diren.