Nolatan hasi zinen trialsina egiten?
Nire lehengusu bat trialsinean aritzen zen eta duela hiru urte Santa Barbaran ospatu zen froga batera joan nintzen. Bertan parte hartu nahi genuenoi bizikletak utzi zizkiguten eta oso gustura ibili nintzen. Etxera itzuli nintzenean bizikleta eske hasi nintzen eta erosi zidatenetik ez naiz gelditu.
Zer froga egiten dituzue txapelketetan?
Hiru zailtasun maila daude txapelketetan: zuria, urdina eta gorria. Ni, guztiak bezala, maila zurian hasi nintzen eta orain urdinean aritzen naiz. Zenbat eta maila zailagoa, orduan eta gainditu beharreko oztopo handiagoak. Maila gorrian oztopoak izugarri handiak dira eta indar handia behar da hauek gainditzeko. Hori dela eta, oraindik neska guztiok maila urdinean parte hartzen dugu. Hala ere, egunen batean neskaren bat maila gorrira helduko dela pentsatzen dut.
Zer inpresio ekarri zenuen estatuko txapelketatik?
Euskal Herrian izaten direnetan baino oztopo zailagoak jartzen dituztela iruditu zitzaidan. Hala ere, gustura aritu nintzen eta azkenean ni baino urte pare bat zaharragoa den Genma Bou kataluniarraren atzetik gelditu nintzen. Kataluniarrak onenak dira, bertan trialsinak indar handia baitu eta trialsin eskolak baitaude. Bigarren postua lortzearekin oso gustura nago, biok munduko txapelketan parte hartzeko aukera baitugu.
Zer espero duzu lortzea munduko txapelketan?
Bertan parte hartzea sari handia da jada eta ikusi eta ikastera noa batik bat. 30 lagunek parte hartuko dugu eta kanporaketa bidez izango denez, lehenengo frogaren ondoren 15 partaide kanporatuak izango gara. Neska guztiok batera parte hartzen dugunez, adin bereizketarik gabe, nahiko zaila ikusten dut lehenengo kanporaketa pasatzea. Izan ere, esan didatenez, munduko txapelketan 30 urte inguruko jendeak ere parte hartzen baitu.
Munduko txapelketarako prestaketa berezirik egin al duzu?
Ez, beti bezala aritu naiz entrenatzen. Bizikleta hartu eta Santa Barbarako igoeran dauden harri batzuetan aritzen naiz normalean. Hala ere, indarraz gain erresistentzia ere landu beharra dago eta horretarako astean lau bat aldiz mendiko bizikletan aritzen naiz Ezkio, Ormaiztegi eta Gabiria aldean.
Gurasoak oso gustura izango dituzu…
Bai, oso gustura daude, nahiz eta txapelketak ditudanean lanean jai eskatu beharra duten eta trialsina egitea nahiko garestia den. Izan ere, bizikletak eta arropaz gain, bidaiak eta egonaldiak ere nahiko garesti ateratzen dira. Trialsinak komunikabideetan beste kirol batzuek adinako jarraipenik ez duenez, dena gurasoek ordaindu beharra dute. Ea telebistan eta gainontzeko komunikabideetan trialsinaren berri ematen duten kirol honekiko zaletasuna zabal dadin.