Nekazal ingeniari lanik aurkitu ez eta Ibon beste bide batzuk jorratzen hasi zen. Honela, lortuko zuen diruarekin ingelesa ikastera Ingalaterra joateko asmoarekin, hiru hilabetetarako udaltzain lanean hasi zen.
Hiru hilabetez soilik lan egiteko asmoz hasi bazen ere, jada hiru urte eta erdi daramatza lanbide honetan. "Garai batean ez nuen neure burua udaltzain lanean ikusiko. Lotsati samarra naiz eta hasieran trajea jartzeak ere lotsa ematen zidan".
Denboraren poderioz udaltzain lanera moldatu den arren, ez omen da guztiz ohitu. "Moldatu egiten zara, baina ez zara guztiz ohitzen. Norberaren herrian udaltzain izatea ez da batere erosoa. Beste zerbait probatzea gustatuko litzaidake, baina, beharbada, lan honetan segitu beharko dut".
-Zer izan nahi zenuen umetan?
Ez dakit eta oraindik ere ez, udaltzaina izatea ez da nire ametsa.
-Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Gehienbat kirola. Baita irakurtzea, e-mezuak bidaltzea, ingelesa ikastea…
-Bizitzeko toki bat?
Kostaldeko herri txikiren bat.
-Zein duzu laneko gauzarik gogokoena?
Udaltzainon artean oso giro ona dugu eta, gainera, jende asko ezagutzen duzu. Bestalde, kalean lan egiten dugu eta eguraldi ona egiten duenean hori oso ondo dago.
-Eta zure lanaren alderik txarrena?
Ezagunei isunak jarri beharra. Baita eguraldi txarrarekin lan egitea eta autoren batek harrapatzeko arriskua.
– Zeini jarriko zenioke isun handia?
Jende askori, bai herrian eta baita kanpoan ere. Orokorrean Espainiako Gobernu guztiari.
– Urretxuarrek buruhauste asko ematen al dizkizute?
Gehienak jatorrak dira, baina badaude arazo izugarriak ematen dituzten batzuk.
-Zer da gidariengandik gehien gorroto duzuna?
Edukazio falta. Norbaiti zer edo zer modu onez esan eta berak modu txarrean erantzutea.
-Egia al da emakumezko batzuek uniformedunak atsegin dituztela?
Nik behintzat ez dut nabaritu, baina jende askok esan dit hori. Edonor kaleko arroparekin hobe dagoela uste dut.
-Txirrinduan ere ibiltzen zara, zein da bizikletan ezagutu duzun parajerik ederrena?
Eskoziako itsaso ondoko bidezidorrak.
-Zein da igo duzun mendaterik gogorrena?
Lasterketetan Arantzazu igotzea baino gogorragorik ez zait tokatu. Amabirjiñak ez zidan asko laguntzen…
-Ilehoriak ala beltzaranak?
Denak, baita ilegorriak ere.
-Egindako azken oparia?
Ez naiz gogoratzen.
-Eta jasotakoa?
Bainu jantzia.
-Data bat?
Nire jaioteguna, 1975eko maiatzaren 11a.
-Neska eta mutil izen bana?
Beñat, nire iloba, eta Amaia.
-Zein egunkari irakurtzen duzu?
Ez dut egunkaria irakurtzeko ohiturarik, baina noizean behin Berria erosten dut.
-Gustuko telebista saioa?
Ez dago aukera handirik. Garai batean "Bertatik Bertara" ikusten nuen eta egun "Politicamente incorrecto".
-Bereziki gorroto duzuna?
“Gran Hermano” eta antzekoak.
-Liburu bat?
Julio Verneren edozein.
-Filme bat?
"El indomable Will Hunting", baina Argentinako filmak ere atsegin ditut.
-Soinu bat?
Haur baten irribarrea.
-Usain bat?
Larrosarena.
-Janari bat?
Menestra.
-Ura ala…
Ia beti ura, larunbat gauetan garagardoa…