Joko Olinpikoetarako sailkatzea espero al zenuten?
Munduko Txapelketara ez ginen Joko Olinpikoetara sailkatzeko itxaropenaz joan, aurreko urteetan egindako lana hobetzeko asmoz baizik. Bigarren fasera pasatzearekin nahikoa genuen, baina bosgarren eta seigarren posturako partida jokatzera heldu ginen, noruegiarrei irabazi genien eta, hala, sailkatu egin ginen. Egia esan, talde gehienentzat gure aurka jokatzea oso deserosoa da. Izan ere, 3-2-1 defentsa irekia egiten dugu, nahiko ondo nonbait, eta asko kostatzen zaie guri gola sartzea.
Sailkapenaren "errudun" nagusienetako bat izan omen zinen…
Jokalariz oso justu genbiltzanez, ia txapelketa guztia jokatu nuen, bai erasoan eta bai defentsan. Sekula halako erantzukizunik izan gabea nintzen. Erantzukizun horri eutsi nion eta oso ondo atera zitzaidan. Eman dezakedan guztia eman nuen. Orain, maila bera eman beharra dut. Zaila izango da, baina egin dezakedala uste dut.
Nola prestatu behar dituzue Joko Olinpikoak?
Uztailaren 1ean Granadara joango gara, aste pare bat altueran ematera. Ondoren, Alacanteko Guardamarrera joango gara. Izan ere, bertako giroa Atenasekoaren parekoa omen da. Atenasera abuztuaren 9an joango gara eta lehen partida 15ean jokatuko dugu Angolaren aurka. Gero, Frantzia, Danimarka eta Korearen aurka jokatuko dugu.
Joko Olinpikoetan parte hartzea, gainontzeko kirolarientzat bezala, gorengoa izango da zuretzat.
Zeuri buruari helburuak jartzen dizkiozu: lehenengo Ohorezko Mailan jokatzea, gero talde nagusietako batean jokatzea, ondoren txapelketaren bat lortzea… gelditzen zitzaidan bakarra Joko Olinpikoetan parte hartzea zen. Hori ere heldu denez, ametsetan jarraitzen dut eta ea dominaren bat irabazten dugun!
Lortutakoaren garrantziaz jabetu al zara dagoeneko?
Sailkapena lortzeak poz handia eragin zigun, baina berehala bakoitzaren taldearekin jokatzera itzuli ginen eta Ligan, Europa mailako txapelketan eta Kopan kontzentratu beharra izan genuen. Bestalde, Europako Txapelketarako sailkapena ere jokatu dugu. Horiek guztiak bukatu ondoren, Joko Olinpikoetan pentsatzen hasi gara, jendeak hautatzailearen zerrendan gaudelako zoriontzen gaitu…
Nola espero duzu bizitzea egun horiek?
Inaugurazio ekitaldiaz, gainontzeko kirolariekin batera bazkaltzeaz, hiri olinpikoaz… asko hitz egiten ari gara. Amestutako zer edo zer da, orain arte telebistan ikusi duguna. Oraindik ez gaude urduri, baina ezinegona badugu.
Etxekoak ere pozez zoratzen izango dira.
Familiakoak nire jarraitzaileak dira, noski. Jarraitzaile sutsuena ahizpa da, bera ere eskubaloian aritu baitzen, eta oso hunkituta dago. Ez du Atenasera joaterik, baina egunero hitz egingo dugu. Dagoeneko, golen bat sartzen dudanean edo inaugurazio ekitaldian nola agurtuko dudan galdetzen ari zait eta zer edo zer egin beharko dugu…
Ahizpa ikusita hasiko zinen, gainera, eskubaloian…
Hernanira joaten nintzen ahizpa jokatzen ikustera eta hala animatu nintzen ni ere. Bera ere gorengo mailan aritu zen, baina zorte pittin bat falta izan zuen urrutiago heltzeko.
Zuk, ordea, gehiago eskatzerik ez duzu. Aurten hirugarren liga txapelketa ere irabazi duzu.
Zortzi urte daramatzat jada Eldan eta oso gustura nago. Dagoeneko etxea ere erosi dut bertan, hemen baino askoz ere merkeago baitaude etxebizitzak.
Estatu mailako talde onenean zaude, baina ez al litzaizuke gustatuko Txapeldunen Liga irabazi dezakeen talderen batean jokatzea?
Eskaintzaren bat izan dut, baina atzerrira joanez gero bizimodua zeharo aldatu beharra duzu. Hemen hiru liga irabazi ditut jada, baina egunen batean zer edo zer gehiago behar dudala somatzen badut, beharbada atzerrira joango naiz.
Eskaintza asko izan al dituzu?
Danimarkako talde baten eskaintza izan nuen, Alemanian ere atzetik zebiltzala entzun zen… (Diana Box taldekideak esan zigunez, Munduko Txapelketa bikaina jokatu ostean, Europako talde askok galdetu zuten Susanarengatik).
Egunen batean Euskal Herrira itzultzea gustatuko al litzaizuke?
Hemen Eldan baino hobeto egon naitekeela usteko banu, itzuliko nintzateke. Baina Elda talderik onena da eta hemengo taldeak, berriz, sailkapenaren erdialdean gelditzen dira. Gainera, Eldan oso ondo tratatzen gaituzte. Gure taldea herriko kirol talde nagusia da eta Europa mailako txapelketetako partidetara 2.800 pertsona inguru joaten dira gu ikustera. Eskubaloia grinaz bizi dute, gure lana eskertzen dute, eta hori asko atsegin dut.