Egun Anderrek bere amaren Motz tabernan lan egiten du asteburuetan eta amak jai hartzen duenean. Motz taberna bere amak ireki zuen duela 25 urte eta udako oporren ostean urteurrena ospatuko dute.
Aipatu bezala, orain Korrika 14ko koordinatzaile lanetan dabil buru belarri. “Aitor Calvillo Goierriko arduradunak nire berri izan zuen eta azpieskualde honetan Korrika koordinatzea eskaini zidan. Gipuzkoa osoko jende asko ezagutzen ari naiz eta beste lanetan egin ez ditudan gauzak egiten ikasten ari naiz. Herriko jendearen eta elkarteen erantzunaz gustura nago. Izan ere, elkarteek hartu dute Korrika Kulturaleko ekitaldiak antolatzearen ardura. Herritarrak elkarteek antolatutako ekitaldi hauetan eta martxoaren 16ko Korrika eguneko jaian parte hartzera animatu nahi ditut”.
-Zer izan nahi zenuen umetan?
Oraindik nahiko umea naiz…
-Aisialdian zer egitea atsegin duzu?
Lagunekin irtetea, zinera joatea, irakurtzea… baina denbora libre gutxi dut.
-Bizitzeko toki bat?
Orain arte hemen bizi izan naiz eta ez da toki txarra.
-Korrika egiteko ohitura al duzu?
Gutxi, tokatzen denean bakarrik.
-Nor bidaliko zenuke lehertu arte korrika egitera?
Bat baino gehiago, baina halakoak ezin dira denen aurrean esan.
-Zein da eskatu dizuten edaririk xelebreena?
Jaietan eskatzen dituzten txupitoak sekulakoak izaten dira. Kanpoko jendea etortzen da eta txupitoek herri bakoitzean bere izena dutenez…
-Zer egiten duzu gogaikarri jartzen direnekin?
Ahalik eta zarata gutxien atereaz, kalera bidaltzen saiatzen naiz. Dena den, behin bakarrik suertatu zait norbait kalera atera beharra.
-Gaueko giroak ez al du nabarmen behera egin?
Jaisten ari da. Gainera, 10 urtetik hona taberna kopurua bikoiztu egin da eta taberna bakoitzean jende gutxiago dagoenez, giroa apalagoa da.
-Ilehoriak ala beltzaranak?
Ilegorriak.
-Egindako azken oparia?
Amari Uruguaira bidaia.
-Eta jasotakoa?
Grabagailu bat.
-Data bat?
Ez da bereziki gogoratzen dudan datarik.
-Neska eta mutil izen bana?
Aiur eta Unax. Haurdun dauden bi lagunek euren haurrei jarri behar dizkietenak.
-Zein egunkari irakurtzen duzu?
Gara, Berria eta Hitza egunero irakurtzen saiatzen naiz. DV edo besteren bat nonbait topatzen badut ere, bistadizoa botatzen diot.
-Gustuko telebista saioa?
Fikziozko serie txukunak.
-Bereziki gorroto duzuna?
Gertakariak jorratzen dituzten goizeko saioak.
-Liburu bat?
Orain “El Club Dante” ari naiz irakurtzen.
-Filme bat?
Filme asko ikusten ditut, baina ez dut 10.000 aldiz ikusiko nukeen filme bat.
-Soinu bat?
Urarena.
-Usain bat?
Duela urte eta erdi, sudurretik operatu ondoren, gauza guztiek usaina zuten niretzat. Usaina baino, sentsazio hura atsegin dut.
-Janari bat?
Etxean prestatutako edozer.
-Ura ala…
Ura.