Goierri Kirol Elkarteko zikloturistek hil honetan eman diote hasiera 2006 denboraldiari. Igande honetan bosgarren irteera osatuko dute, Algorrira hain zuzen ere. Goierrikoak igandero irtengo dira, abuztuan izan ezik, urriaren 8a bitartean. Horretaz gain, uztailaren 25ean Ordizia Klasikoa ikustera joango dira eta urriaren 12an Zumarraga-Zumaia bidegorria osatuko dute. Ekimen honek sekulako arrakasta izan zuen iaz.
Urteroko moduan Euskal Herritik kanpora ere joango dira: apirilaren 28tik maiatzaren 1era Leonen izango dira, uztailaren 8an Pirinioetara joango dira, uztailaren 28tik abuztuaren 5era Alpeetan izango dira eta irailaren 9an Errioxara joango dira.
Zikloturistek Europako mendate garrantzitsuenak primeran ezagutzen dituzte dagoeneko, 28 urte baitaramatzate pedalei eragiten. Anton Rodriguezek eta Iñaki Urdangarinek dioten moduan, taldea asko hazi da urte hauetan guztietan. "15 lagun hasi ginen eta egun 125 inguru gara Goierrirekin federatuta gaudenak". Txirrindulari gehienak 35 urtetik gorako gizonezkoak dira. "Taldean bi neska bakarrik daude eta gehienok 40 urtetik gora ditugu. Bestalde, 60 urtetik gorako 10 lagun daude".
Zikloturismoa beteranoen kontua da, beraz. "Bizikletan ibiltzen diren gazteek lehiatu egiten dute eta lehiatzen ez direnak gauetan irteten dira. 25 eta 35 urte bitarteko gutxi ikusten dira errepidean", diote Anton Rodriguez eta Iñaki Urdangarinek.
Gazteak eurekin irtetera animatu nahi dituzte. "Bizikletan bakarrik ibiltzea oso gogorra da eta guk taldearen babesa eskaintzen dugu. Igandero 30 bat elkartzen gara eta gure artean denetik dago: batzuk zikloturista peto-petoak dira eta besteak lehiatu zaleak. Batzuek beteranoentzako Master lasterketetan ere parte hartzen dute. Hauek herrian proba bat antolatzen ari dira apirilaren 22 eta 23rako".
Anton Rodriguez eta Iñaki Urdangarin, berriz, zikloturista petoak dira. "Egun bi txirrindulari mota daude: 205 kilometroko luzera duen Quebrantahuesos froga egiten dutenak eta besteak. Lehenengoek abenduan hasten dute denboraldia eta gutako askok, berriz, martxoko lehen asteburuan hartu genuen bizikleta lehenengoz".
Zikloturismoa asko aldatu da, beraz, urte hauetan guztietan. "Moda indar handiz sartu da mundu honetan, bizikletak askoz ere hobeak dira, ia denok pultsometroa eramaten dugu… Kirol honek sekulako negozioa du egun bere inguruan, Quebrantahuesos izango den astebururako Sabiñanigo eta inguruko ostatu guztiak dagoeneko beteta daudela esatea besterik ez dago".
Zer du, bada, zikloturista froga ospetsu honek? Aurten ere 7.000 lagun inguru elkartuko dira Sabiñanigon 205 kilometroko ibilbidea osatzeko, tartean Somport, Marie Blanque, Portalet eta Hoz de Jaca mendate gogorrak igo beharko dituzte. Lehenengoek sei ordu baino gutxiagotan osatuko dute ibilbidea, baina beste batzuek hamar ordutik gora emango dituzte bizikleta gainean. Milaka eta milaka pertsona, berriz, euren senitarteko eta lagunak animatzera joango dira; asko Euskal Herritik.
Parte hartzera joango direnen artean Boniren bandakoak ditugu. Larunbat eta igandero Anjel Mari Zarandonak Zumarragako Loiolako Iñigo kalean duen tailerrean elkartzen dira elkarrekin irteteko. Astean zehar ere askotan biltzen dira Zarandonarenean txirrindularitzaz hitz egiteko. Ostiral arratsalde batean beraietako batzuekin izan ginen: 50 urtetik gora dituzten Javier Azpiazu eta Anjel Mari Zarandonarekin, 40 urteren bueltan dabiltzan Joxe Mari Mujika eta Xabier Artetarekin eta 30 urte pasatxo dituzten Iñaki Lizarazu, Aitor Chico eta Haritz Zarandonarekin.
Javier Azpiazu legazpiarra izan zen guztien artean Quebrantahuesos froga egiten lehena. "Hasieran inguruko txirrindulari onenak bakarrik joaten ziren bertara, baina urte batean ni animatu nintzen eta ondoren nire inguruko jende gehiago animatu zen. Lehen aldian ez nekien nola prestatu, ahalik eta kilometro gehien egiten saiatu eta kito". Anjel Mari Zarandona ere duela urte dezente joan zen lehenengoz Sabiñanigora. "Lehen urteetan mendiko bizikletarekin egin genuen eta furgonetetan lo egin".
Hasieran, erronka proba bukatzea zen; baina egun ahalik eta denbora onena egiten saiatzen dira. Horretarako, prestaketa findu behar…. Jose Mari Mujikak dionez, "ondo bukatzeko eta egunaz gozatzeko 4.000 kilometro eta 180 kilometro inguruko hainbat irteera egin behar dira hara joan aurretik".
Horretarako, astebururo bizikletan ibiltzeko elkartzen dira. Ahal dutenak lan egunetan ere ibiltzen dira. "Familia dugunok ibiltzen gara okerren", dio Joxe Mari Mujikak, "Egunero negoziatu beharra dugu. Igande goiza guretzat hartzen dugu eta arratsaldeetan emazteak eta umeek diotena egiten dugu".
3.000, 4.000… euroko bizikletak erosteko ere nahikoa komeri izango dituztela pentsa daiteke. "Kontu hau ehiztarienaren modukoa da", dio Iñaki Larreak, "bizikleta kaxkarrarekin hasten gara, baina sekulakoarekin bukatu". "Gure bizio bakarra da", dio Aitor Chicok, "astean zehar lan egin eta asteburuan bizikletan ibili eta familiarekin atera besterik ez dugu egiten".
Baina, nola sortu zen euren bigarren familia? "Hasieran lagunak eta aitaren bezeroak elkartzen ginen", azaldu du Haritz Zarandonak. "Gero ezagun gehiago etortzen hasi ziren eta egun, maiatzetik aurrera, 15 bat lagun elkartzen gara".
Eta senitartekoak ondo moldatzen al dira? Horretan guztiak ados daude. "Okerrena Zarandona aita da, beti ibiltzen da zirikatzen eta erasoan. Dena den, guztiok batera irteten eta itzultzen garela esan behar da. Hori bai, mundu guztiak astean zehar ez dela batere ibili esaten du eta gero, azkenean, beti egia jakiten da".
Ehiztarien pare ibiltzen dira, beraz. Izan ere, Quebrantahuesos ez da txantxa… "Onena joan aurreko prestaketa eta ondorengo afaria izaten da. Bestalde, bertara joaten den guztiak bere moduan dabilen jendea aurki dezakeela esan behar da. Beste probetan mundu guztia ziztu bizian ibiltzen da", azaldu du Javier Azpiazuk. "Gainera, geroz eta jende gehiago joaten da animatzera. Portalet igoeran Urretxu eta Zumarraga erdia egoten da", diote.
Dena den, batzuek gorriak ikusten dituzte. "1998an sekulako beroa egin zuen eta gehienek Marie Blanque oinez igo zuten", oroitzen du Anjel Mari Zarandonak. Denetik gerta daiteke gorputzari gehiegi eskatzen zaionean. "Txirrindulari bat bide bazterrean txiza egiten ari zen eta apur bat beherago beste bat goitik behera zetorren ura edaten ari zen". "Beste batek", oroitzen du Azpiazuk, "hanka errepidea beroarengatik bigunduta zegoen tokian jarri zuen eta zapatila galipotaz bete zuen. Gero ezin pedalari lotu!".