Euskal Herrian egiten den musika ez da errentagarria eurentzako», Josu Zabala musikariaren ustea (Otxandio, Araba, 1954). Biak ala biak hitz-pitz aritu ziren herenegun gauean Urretxuko (Gipuzkoa) taberna batean,
Hordago Txikira zikloaren barruko ekintzetako batean, Gorka Erostarbe BERRIAko kazetariak gidaturik.
Halere ez dira kalearen edo balearen aldekoak. Zabalak oreka izan zuen ahotan: «Tradizioaren eta iraultzaren arteko oreka bilatu behar da. Gauza berri bat sartzen baldin bada, horrek ez du esan nahi aurreko guztia deuseztatu behar denik». Ez atzera ez aurrera geratzea «okerragoa» da beretzat: «Kultura prozesu akumulatiboa da».
Markezek, ordea, badaki eskaintza kulturala «oso handia» dela, «lehiakortasun izugarria» dagoela musikaren merkatuan: «Inoiz baino diru gehiago dago kulturan gastatzeko, baina hori azpiegituran xahutzen da».
Zabalak, aldiz, musikaren erabilera izan zuen hizpide: «Egun, askotan, nahigabe ere entzuten da musika». Ikuskizun gisa, edo ikuskizun masibo gisa erabiltzen delako, agian. «Antolatzaileek esaten dutenez, errazagoa da gauza masibo batekin arrakasta izatea, txiki batekin baino». Kopuruak ere aipatu zituen Markezek: «Kontzertu arrakastatsuak 50.000 lagunekoak edo 500ekoak dira. Horiek promozionatzen dira. Eta 5.000koak?».
Airean geratu zen galdera. Erreferenteak falta direla esan zuten, halaber, edota azken urteetako aniztasuna «ona» dela. Zabalaren ustez, gainera, «hemengo musikak inoiz baino osasun hobea du sorkuntzari eta kalitateari dagokionez». Eta Markezek kontrapuntua jarri zuen: «Kontserbatorioek sorkuntza zikiratzen dute. Interprete onak sortzen dituzte, baina… Tabernetatik, kaletik ateratzen dira sortzaileak». Zabalak errematatu zuen: «Euskal musika osasuntsu egon da ezker abertzalea ere osasuntsu egon izan denean».